Tubacexek grebari eutsiko dio

Langile batzordeak lanuztearekin jarraitzea erabaki du barne bozketa baten ondoren. Enpresak kaleratu asmo zituen langileei plantetan sartzen utzi arte luzatuko dute. 160. greba eguna dute gaur

Tubacexeko langileen elkarretaratze bat, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
<b>Bilbo</b>
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Tubacexeko langileek ez dute amore emango. Ez behintzat oraingoz. Greba mugagabeko 160. eguna dute gaur, eta greban jarraitzea erabaki zuen atzo. Langile batzordeak barne bozketa egin zuen, eta protestaldiarekin jarraitzea erabaki zuten enpresak «EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko ebazpena bere osotasunean bete arte», eta horretarako ezinbestekoa ikusten du kaleratu asmo zituen Laudioko eta Amurrioko plantetako (Araba) 129 langileak berriz ere lan txandetan sartzea. Era berean, bere burua eskaini dio enpresari oinarri hori errespetatzen duen «edozein negoziazio prozesuri» ekiteko.

Erabaki hau mugarri bat da Tubacexen lan gatazkan. Auzitegi Nagusiak erregulazio espedientea bertan behera uztea erabaki eta enpresak kaleratu asmo zituen langileak onartuko ez zituela jakinarazi osteko bilerarik garrantzitsuenetako bat zen atzokoa, bai behintzat batzordeak grebaren gaia mahai gainean jartzen zuen aurrenekoa. Langile batzordean ordezkaritza duten sindikatuek ELAk eta CCOOk, launa ordezkari; STATek, hiru; LABek eta ATAL sindikatu independenteak, bana barne galdeketak egin zituzten afiliatuen artean, eta atzo bateratu zituzten. Hiru ondorio posible egon zitezkeen: greban jarraitzea, greba bertan behera uztea edo bozketaren bat egitea, eta gehiengoak grebaren alde egin zuen.

ELAk eta LABek publikoki esana zuten greba eustearen alde bozkatuko zutela, baina ikusteko zegoen zein izango zen beste sindikatuen jarrera. Langile batzordeak ez zuen bozketaren daturik eman; sindikatu abertzaleetako kideak, dena den, aurretik baikor zeuden STATeko hainbat kide oso aktiboak izan direlako greban. Protestaldiak, izan ere, berean jarraitzen du. Atzo bertan, goizaldean, piketeek eguneroko guardia egin zuten plantetako ateetan.

Grebak, halaber, arnasa ekonomiko berria hartuko du aurki. Auzitegi Nagusiak kaleratu asmo zituen 129 langileak berriz ere soldatapean hartzera behartu zuen zuzendaritza, eta uztailetik aurrera kobratzen hasiko dira —otsailetik uztailera arteko soldatak ez dituzte jasoko Auzitegi Gorenak enpresak jarritako helegitearen inguruan ebatzi arte—. Bada, langile horiek grebalariei laguntzera bideratuko dituzte beren soldatak. Erresistentzia kutxarekin batera erabili ahal izango den funts batean sartuko dituzte soldata horiek. Lehen diru sarrera, gainera, handia izango da, udako soldata bikoitza jasotzea baitagokie. Laudio eta Amurrioko hodigintza plantetan 700 langile inguruk dihardute.

Langile batzordeak grebari eustea erabaki du, baina ez dio atea itxi negoziazioari. Azken egunetan erakunde publikoetako hainbat ordezkarik esan dute bi aldeen arteko negoziazioa ezinbestekoa dela, eta langileen ordezkariak horren alde agertu ziren atzo. Hori bai, betiere Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa «bere osotasunean» betetzea oinarri hartuta; alegia, erregulazioan zeuden langileak itzultzea. Urrunago joan gabe, iragan astean EAJk Aiaraldean dituen alkateek hori bera eskatu zioten enpresari.

Alderatzen jarrita, ITP Aero PCBn zuzendaritzak erabaki bera hartu zuen epaileek erregulazioa baliogabetu ziotenean, eta hiru hilabete geroago, kaleratu asmo zituen langileak ez dira lantokian sartu. Han, langileek greba bertan behera uztea adostu zuten. Orain, enpresaren mugimendua ikusi beharko da. Eskaerak badituela esan du, eta langileak lanera itzultzea nahi du. Kaleratu asmo zituen 129ak teknikoki ez daude greban, eta logikoena litzateke haiek deitzea lehenbizi. Dena den, atzo salatu zutenez, oraindik ez du haien izenik eman Gizarte Segurantzan.

Akordiorik ezean, korapiloa ez da askatuko Espainiako Auzitegi Gorenak enpresak ebazpenari jarritako helegitea ebatzi arte, eta litekeena da urtebete inguru pasatzea. Haren ebazpena zein izango den ere ikusteko dago. EAEko Auzitegi Nagusian bi epaiketa izan ziren, sei epaile guztira, eta seiek diagnosi bera egin zuten. Enpresaren eta langileen ordezkarien txostenak irakurrita, seiak ondorio berberetara iritsi ziren: batetik, Tubacexen krisia behin behinekoa dela, eta, bestetik, ez zuela erregulazioa egiteko arrazoirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.