Peruko hauteskunde batzordeak garaipena aitortu dio Castillori

Batzordeak baztertu egin ditu oposizioak bozetako emaitzen kontra aurkeztutako ehunka errekurtsoak. Fujimorik emaitza onartu du, baina «komunismoaren aurkako defentsara» deitu ditu jarraitzaileak

Dina Boluarte Peruko presidenteordea eta Pedro Castillo presidentea, hauteskunde batzordearen iragarpena ospatzen, atzo, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Keiko Fujimori Herriaren Indarra alderdiko buruak porrot egin du Peruko presidentetzarako bozetan lortu ez zuen garaipena emaitzak inpugnatuta eskuratzeko ahaleginean. Pedro Castillo Peru Libre alderdiko zerrendaburuak irabazi zituen ekainaren 6an egindako hauteskundeak, baina emaitzak oso estuak izan ziren, eta iruzurra salatu zuen Fujimorik, boterea eskuratzeko. Peruko hauteskunde batzordeak atzo goizaldean jakinarazi zuen Fujimoriren alderdiak emaitzak aldarazteko aurkeztutako ehunka errekurtsoak baztertu dituela, eta bere horretan mantenduko dituela emaitzak: botoen %50,12 eskuratu zituen Castillok, eta %49,87 Fujimorik. Ondo bidean, gutxienez bost urte iraungo du Castilloren agintaldiak, 2026ra arte.

Hilaren 28an hartuko du kargua Castillok, Peruren independentziaren 200. urteurrena betetzen den egunean. Presidenteaz gain, presidenteordea ere izendatu zuten atzo: Dina Boluartek beteko du kargu hori.

Emaitzak berresten dituen akta aurkeztuta aitortu zion garaipena hauteskunde batzordeak Castillori, modu birtualean egindako ekitaldi batean. Horren ostean hartu zuen hitza Castillok. «Iritsi da garaia gizarteko sektore guztien artean Peru parekide, justu eta libre bat eraikitzeko», adierazi zuen, «Peruko herriari» eskerrak eman ondoren. Berea «perutar guztientzat» gobernatuko duen eta «indigenei errezeloz begiratuko ez dien» gobernu bat izatea nahi duela nabarmendu zuen Castillok. Fujimoriri ere zuzendu zitzaion, eta eskatu zion «traba gehiago» ez jartzeko, eta laguntzeko «perutar guztiak ordezkatzen dituen gobernu bat osatzen». Gainontzeko alderdiei ere zabaldu zien horretarako deia: «Ekar ezazue zuen esperientzia, baina leiala eta gardena izan dadila».

Castillo izendatua izan baino ordu batzuk lehenago, Fujimorik adierazi zuen onartu egingo zuela hauteskunde batzordeak esandakoa, hark Herriaren Indarraren azken bost errekurtsoak baztertuko zituela jakinarazi eta segidan. Hala ere, eskuineko politikariak eutsi egin zion iruzur salaketari, eta, gainera, hauteskunde batzordeari leporatu zion «irregulartasunez betetako prozesu bat balioztatu» izana. «Emaitza justu eta garden bat bermatzeko bere eginkizuna urratu du», salatu zuen.

Horrez gain, ohartarazi zuen Peru «etapa oso zail baten» atarian dagoela, eta «komunismoaren aurkako defentsa demokratikora» batzeko eskatu zien bere jarraitzaileei, herrialdea ez dadin «Kuba edo Venezuela» bezalakoa bihurtu: «Peruk bere indar sozial eta politikoen batasuna behar du, komunismoa geldiarazteko. Gure defentsa hasi besterik ez da egin».

Etapa politikoa ere zaildu dakioke eskuineko politikariari, auzipetuta baitago Odebrechtauzian. 2011ko eta 2016ko hauteskunde kanpainak modu ilegalean finantzatu izana egozten diote, eta 30 urtera arteko zigorra ezar diezaiokete. Ekainean, Jose Domingo Perez Perez fiskalak behin-behineko espetxeratzea eskatu zuen harentzat, ebazpen judizialei entzungor egin eta kasuan inplikatuta dauden lekukoekin komunikatzeko debekua urratzeagatik. Victor Zuñiga epaileak atzera bota zuen eskari hori.

Bakarrik, ezin

Herrialdeko politikagintzan egin nahi dituen sakoneko aldaketak burura eramateko, babesa bilatu beharko du Castillok, presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen arren, haren alderdiak 37 diputatu baititu 130 eserleku dituen parlamentuan. Elkarrekin Peruren Alde alderdiko bost diputatuen eta Alderdi Moreko hiruren sostengua ziurtatuta dauka oraingoz, eta zatituta daude zentro-eskuineko Herri Ekintza eta Garapenerako Aliantza alderdiak. Gehienek bat egin dute Fujimorik hauspotutako iruzurraren bertsioarekin, baina badira Castilloren aldekoagoak direnak ere; hala nola Herri Ekintzako presidente Mesias Guevara.

Castillori gobernabidea erraztuko lioke Kongresuko Mahaia bere alde izateak. Horixe da, luze gabe, Peru Librek ezarria duen helburu nagusia. Astelehenean egingo dute mahai horren aukeraketa Kongresuan, eta Peru Librek ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela.

Ganberak alde izatea ez da nahikoa Perun boterea eskuratzeko, ordea. Ikusteko dago herrialdeko elite ekonomikoen interesekin zenbaterainoko talka eragingo duen Castillok, baina ez da espero elkarrenganako abegikortasun handirik. ComexPeru enpresari elkarteak ongietorria eman zion presidente berriari, baina, era berean, Peruk azken urteotan jarraitutako bidetik ez aldentzeko eskatu zion: «Presidente izendatuari eskatzen diogu argi zehazteko zein izango den bere gobernuak ekonomiaz egingo duen erabilera, egonkortasuna lortzeko, enplegua berreskuratzeko inbertsio pribatua sustatzeko eta Peru munduan integratzeko komertzio librearen bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.