Kargua hartu orduko lehertu zaio lehen krisia Ebrahim Raisiri

AEBek Iranen aurkako «erantzun kolektibo bat» iragarri dute, ostegunean ontzi israeldar batek jasaniko erasoa dela medio. Krisi ekonomikoari aurre egitea izango da Teheranen lehentasun nagusia

Khamenei (ezkerrean) eta Raisi (eskuinean), atzo eginiko ekitaldian, Teheranen. IRANGO AIATOLAREN BULEGOA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Mercer Street itsasontziaren aurkako erasoak eragindako harrabotsaren erdian hartu du Irango presidente kargua Ebrahim Raisi kleriko kontserbadoreak. AEBek eta Israelek bi marinelen heriotzak leporatu dizkiote Teherani, eta «erantzun kolektibo bat» iragarri dute. Teheranek ukatu egin ditu akusazioak, eta Raisik beste lehentasun batean jarri du fokua: herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoari aurre egitea. Bide horretan, adierazi du lan egingo duela AEBek ezarritako «zigor tiranikoei» amaiera emateko.

Israelen eta Iranen arteko liskarrak ez dira berriak, eta gatazka horren kapitulu bat gehiago da lehen herrialde horretako ontzi baten aurkako azken erasoa, Omango kostaldean, uztailaren 29an. Tel Avivek berehala jarri zuen arreta Teheranen gain, eta «Irango terrorismoaren» aurkako «nazioarteko erantzun bat» exijitu zuen. Ohi bezala, Etxe Zuria izan da Tel Avivekin bat egiten lehena, eta Antony Blinken Estatu idazkariak «ziurtzat» jo du Iran dagoela erasoaren atzean: «Arduragabekeria ikaragarriz jokatzen jarraitzen du Iranek; kasu honetan, nabigazioa, merkataritza eta marinel errugabeak mehatxupean jarriz».

Erasoan, britainiar jatorriko marinel bat eta errumaniar jatorriko bat hil ziren, eta bi herrialde horietako gobernuek ere bat egin dute Iranen aurkako akusazioekin. Londresek adierazi du «oso probablea» dela errepublika islamikoa izatea erasoaren arduraduna. Hala, Bukarestek egin bezala, Irango enbaxadoreari dei egin dio, eskatzeko «nazioarteko segurtasuna arriskuan jar dezaketen ekintzak» baztertzea.

Irango Atzerri Ministeriotik, baina, oso bestelako jarrera erakutsi dute. «Probokaziotzat eta oinarririk gabekotzat» jo dituzte euren aurkako akusazioak, eta frogak aurkezteko eskatu diete salatzaileei. Balizko ondorioen aurka, berriz, herrialdearen «segurtasuna eta interes nazionalak babesteko garaian berehala, indartsu eta sendo» erantzuteko prest daudela azaldu du Saeed Khatibzadeh Atzerri Ministerioko eledunak.

Khatibzadehk gehitu du orain Teheran akusatzen duten haiek isilik geratu zirela Irango itsasontziek Itsaso Gorrian jasaniko erasoen inguruan. Orduko haietan, Teheranek Tel Avivi egotzi zion egiletza. Eremuan ugari izan dira Irango eta Israelgo ontzien aurkako erasoak, eta testuinguru beraren barruan kokatu behar da Irango Natanz zentral nuklearrak jasaniko sabotajea ere. Yossi Cohen Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako zuzendari ohiak aitortu zuen herrialde hura izan zela haren arduraduna. Izan ere, Irango programa nuklearraren aurkako eragile nagusietako bat da Tel Aviv. Baina, era berean, 2015eko akordio nuklearra berpiztearen kontra dago. Hala jakinarazi zion Reuven Rivlinek, uztailera arte Israelgo presidente izan zenak, AEBetako bere homologo Joe Bideni, ekainean Washingtonen eginiko bileran.

Etxe Zuriak, berriz, ez du baztertu bide hura. Iranen ustezko azken erasoa gaitzetsi arren, «diplomaziaren bideari» eutsi beharra nabarmendu du Blinkenek. Hark argudiatu du Irandik irits daitekeen «mehatxu oro» arriskutsuagoa izango dela «mugarik gabeko programa atomiko bat» badu. Hitz horiei Iranen «gaitasun nuklearraren gaineko ikuspegi zehatzago bat bermatzearen» abantaila gehitu dio Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa idazkariak.

Balizko akordio batek bide emango lioke AEBetako presidente ohi Donald Trumpek ezarritako zigor ekonomikoak bertan behera uzteari. Haiek 2018tik daude indarrean. Orduan egin zion muzin Etxe Zuriak hiru urte lehenago Barack Obama presidente izanak sinatutako akordioari.

Elkarri mokoka

Trumpek agintea uztearekin, bazirudien bi gobernuen arteko harremanek hobera egin zezaketela, eta akordio nuklearra berrezartzeko elkarrizketa mahaiari ekingo ziotela. Oraingoz, baina, Europako Batasunaren bitartekaritzak ez du fruiturik eman, eta bi aldeek elkarri leporatzen diote adostasunik ezaren errua. Mahaian esertzeko, Washingtonek ezinbestekotzat jo du Irango Gobernuak programa nuklearra etetea. Hala, Blinkenek aurreko astean adierazi zuen «pilota Iranen teilatuan» dagoela. Kontrara, Teheranentzat oinarrizkoa da Etxe Zuriak zigorrak bertan behera uztea.

Prozesu horretan, «eragozpen bat» da Irango Parlamentuak programa nuklearrarekin jarraitzearen alde eginiko adierazpena, Hassan Rohani atzo arte herrialdeko presidente izan denak dioenez. Izan ere, Rohaniren agurrarekin printzipalisten esku geratu dira bai parlamentua, bai gobernua, eta Mendebaldeko estatuekiko harremanak hoztu egin dira. Halere, hark «posible» ikusten du elkarrizketa mahaira itzultzea, baina AEBek horretarako pausoak ematen badituzte.

Horrek ezinbestekoa dirudi Washingtonen isunak bertan behera utzi eta Raisik presidente gisa eginiko lehen hitzaldian azaldutako helburu nagusia betetzeko ere: egoera ekonomikoa iraultzea, atzerriko indarrekiko duen dependentzia murriztuta. «Zigor krudelak amaitzea da gure asmoa, baina ez ditugu ekonomia eta herritarren beharrak atzerritarren nahien arabera baldintzatuko», zehaztu du. Izan ere, Irango ekonomia %4,99 uzkurtu zen iaz, besteak beste COVID-19ak izaniko eraginaren ondorioz, eta herrialdeko arazo nagusiak zor publikoa, inflazioa eta elektrizitate eta ur mozketak dira, osasun egoerarekin batera.

Ali Khamenei aiatolaren apustua izan zen Raisi, ekainaren 18ko hauteskundeetarako, eta kargu hartze ekitaldian ere babes osoa adierazi dio presidente izendatu berriari. Khameneik haren ibilbidea txalotu du; hala nola Irango botere judizialeko buru izan zen Raisi, aiatolak berak hala izendatuta. Etorkizunera begira, baina, kudeaketa «ausart bat» eskatu dio, «riala indartzeko» eta «erdiko klaseak eta behe klaseak ahalduntzeko» neurriekin batera.

Hauteskundeetan botoen %62 eskuratu ostean, Raisik bihar egingo du karguaren zina, eta astebete izango du bere kabinetea osatzeko. «Aldaketaren gobernua» izango da harena, presidente berriaren esanetan: «Herritarrek [bozetan] eskatutako aldaketari erantzungo dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.