Gobernu berri bat osatzeko premia adierazi dio Bruselak Libanori

Macronek uste du herrialdeko politikarien jardunak «okertu» duela krisi egoera. EBk zenbait erreforma egitea exijitu dio Beiruti. Agintariek iazko leherketari inguruko ikerketa oztopatu dute, AIren arabera

Portuko leherketaren urteurrena gogoratzeko eginiko agerraldia, atzo, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Beiruteko portuko leherketaren urteurrena gogoratu zuen atzo Libanok, gobernu berri bat osatzeko nazioartearen presioen erdian. Eta EB Europako Batasunak herrialde hartako klase politikoari exijitu dio krisi ekonomikoari aurre egiteko erreformak egiteko eta iazko ezbeharraren gaineko ikerketan pausoak emateko: «Libanoko politikariek soilik konpon dezakete egoera».

Frantziako presidente Emmanuel Macronek jakinarazi du Parisek ehun milioi euro gehiago baliatuko dituela Libanoko herritarrei laguntzeko; hala nola hezkuntza eta nekazaritza sistemak garatzeko, eta Beiruteko portua berreraikitzeko. Halere, nabarmendu du horiek ez direla «txeke zuri bat», eta «lehentasuntzat» jo du gobernu berri bat osatzea: «Libanok nazioartearen elkartasunetik bizitzea baino zerbait gehiago merezi du».

Izan ere, Eliseoko buruaren esanetan, Libanoko politikariek bultzatu dute herrialdea gaur egungo egoerara: «Libanoko klase politikoak ez du egoera okertu beste ezer egiten, euren interes indibidual eta alderdikoiak herritarren gainetik jarrita». Beraz,krisi politikoaren erruduntzat jotzen dituen norbanakoei zigorrak ezartzeko eratutako erregimenaren defentsa egin du EBk, bai eta Alemaniako atzerri ministro Heiko Maasek ere. Azken horrek «beharrezkotzat» jo du, aurrerantzean ere politikariei presio egiteko estrategia gisa. Maasek, gainera, pauso posible gehiagoren menpe utzi du laguntza berrien etorkizuna: «Laguntza gehigarri oro gobernu legitimo eta eraginkor baten osaeraren, eta erreforma programa sinesgarri baten araberakoa izango da».

Europako Batasunak iragarri ditu laguntza berriak: 5,5 milioi euro osasun egoerari aurre egiteko. Halere, Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek ere «erreforma politiko eta ekonomiko sakon baten» beharra nabarmendu du.

Izan ere, iazko leherketaren osteko protestek Hassan Diab lehen ministroaren eta haren gobernuaren dimisioa eragin zuten—jardunean dihardute—, eta, ordutik, politikariak ez dira gai izan gobernu berri bat osatzeko. Saad Hariri lehen ministro hautatua saiatu zen lehenbiziko, baina dimisioa aurkeztu zuen hark ere, ekainean, Michel Aoun presidentearekin izaniko desadostasunak medio. Nayib Mikatik hartu zuen haren lekukoa, baina, oraingoz, ez du emaitza hoberik eskaini.

Leherketak eta gobernuaren dimisioak gaiztotu egin zuten ordura arte ere larria zen krisi ekonomikoa, eta, ezbeharretik urtebete igaro den honetan, krisi politiko betean, egoerak okerrera egin du: libera libanoarrak bere balioaren %90 galdu du, inflazioa %200ekoa da, eta erregai, sendagai eta elektrizitate eskasia nabari da. Finean, XIX. mende erdialdetik munduan izandako finantza krisirik handienetako baten lekuko da herrialdea, Munduko Bankuaren arabera.

NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, gainera, milioi bat herritarrek baino gehiagok behar dute laguntza humanitarioa, zortzi milioi biztanleko herrialde batean. Erakundeak gehitu du «bolada kritiko batean» dagoela Libanok, eta hura konpontzeko bidea ez dela laguntza humanitarioa bidaltzea.

Aurrerapausorik eza

Adostasun politiko falta ez da, baina, Europako erakundeak kezkatzen dituen afera bakarra. Beiruteko leherketatik urtebetera, ez da aurrerapausorik eman ezbeharraren gaineko ikerketetan. Macronek egoera salatu du, eta laguntza eskaini. EBko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, «emaitzak» eskatu ditu.

Libanoko Gobernuaren arabera, 220 lagun inguru hil eta 6.500 zauritu ziren, argitu gabeko arrazoiengatik 2.750 tona amonio nitratok eztanda eginda. Gainera, 300.000 herritarrek euren etxeetatik atera behar izan zuten, eragindako kalte material larrien ondorioz; 9.500 eraikin hondatu zituen leherketak.

Behin ikerketa abiatuta, Fadi Sawan epaileak Diab, eta Ghazi Aridi, Youssef Fenianos, Ghazi Zaiter eta Michel Najjar ministro ohiak inputatu zituen. Erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten, ordea, eta Kasazio Auzitegiak kasutik kendu zuen Sawan. Haren ondorengoak, Tarek al-Bitar epaileak, lehenaren eskaera berretsi eta goi kargudunei immunitatea kentzeko exijitu du, baina oraindik ez du baiezkorik jaso.

Leherketaren biktimen bozeramaile Ibrahim Hoteitek astelehenean adierazi zuen gobernuari 30 orduko epea ematen ziotela ustez ezbeharrean arduraren bat izan zuten kargudun guztiei immunitatea kentzeko. Eskaera horretan, Haririren eta Nabih Berri Libanoko Parlamentuko presidentearen babesa jaso dute. Diabek eta Mikatik, berriz, ez dute aldeko jarrerarik erakutsi, nahiz eta biek ere arduradunak justiziaren aurrera eramateko beharra nabarmendu duten.

Hala, Amnesty International erakundeak salatu du Libanoko agintariek «egia eta justizia lortzeko lanei oztopoak jartzen» igaro dutela azken urtea: «Politikariak deklara dezaten eginiko epailearen saiakerak blokeatuz, agintariek beste kolpe bat eman diote Libanoko herriari».

Iritzi bereko herritar asko atera ziren atzo Beiruteko kaleetara. Polizia haien aurka oldartu zen, eta, Gurutze Gorriaren esanetan, gutxienez 45 manifestari zauritu zituzten; horietatik bederatzi ospitaleratu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.