Addis Abebak eta TPLFk dozenaka heriotza leporatu dizkiote elkarri

Etiopiako Gobernuaren arabera, milizia tigreek 120 zibil hil dituzte Amharan. Subiranistek salatu dute 150 lagun hil direla elikagai faltagatik. NBEk hamabi milioi herritar artatzeko beharra nabarmendu du

Desplazatuentzako kanpaleku bat, Dessien, Amhara eskualdean. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Etiopiako Gobernuaren arabera, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak 120 zibil hil ditu Amhara eskualdean. Horiek ez dira, ordea, azken egunetan zenbatutako hildako bakarrak izan. TPLFk azaldu du 150 lagun hil direla Tigrayn elikagai faltagatik. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, egoera jasanezina da eskualdean: «Krisi humanitario baten aurrean daude». Horiek Addis Abeba egin dute egoeraren erantzule.

Hildako zibilen gorpuak Dabat hiritik hamar kilometrora dagoen herrixka batean aurkitu dituzte. Agintariek Reuters agentziari adierazi diotenez, horiek hilabete hasieran hil zituzten, eremua TPLFren esku zegoenean —egun, Etiopiako armada dago eskualde hartan—. «Orain arte 120 gorpu berrreskuratu ditugu. Denak ere nekazariak ziren. Uste dugu kopurua handiagoa izan daitekeela», azaldu dute. Halere, Tigrayko miliziek ez dute halakorik egin izana onartu.

Etiopiako Gobernuak ekainaren 28an «aldebakarreko su-etena» iragarri arren, gatazkaren hedatzeak ez du etenik izan. Armadako soldaduek atzera egin zuten, baina haien alde lerrokatutako amhara miliziek euren postuetan mantentzea erabaki zuten. Horiek Tigray eskualdeko mendebaldean daude zabalduta, propiotzat aldarrikatzen duten eremuan; milaka tigre kanporatu dituzte handik. Esku hartze horri erantzunez, TDF Tigrayko Defentsa Indarrak, TPLFren indar armatuak, Amhara eskualdean sartu ziren, eta gerra fronte berri bat ireki dute eremuan.

Amharan, Etiopiako armadak ere esku hartu du berriz, eta, Defentsa Ministerioaren arabera, TDFko 5.600 kide inguru hil dituzte. Bacha Debele jeneralaren esanetan, 2.300 dira zauritu dituztenak, eta 2.000 inguru atxilotutakoak. Ez dute, ordea, amhara miliziek eta armadak izandako bajen inguruko informaziorik eman.

Gatazkak apalagoak diren arren, TDFren eta afar milizianoen —armadaren aldekoak— arteko liskarrak ohikoak dira bi eskualdeen arteko mugan. Han, ordea, bestelakoa da arazo nagusia. Afar da Tigrayra laguntza humanitarioa bidaltzeko korridore nagusia, baina, NBEren esanetan, zailtasunak dituzte muga igarotzeko. Horrek egoera jasanezin bihurtu du Tigray eskualdeko herritarrentzat, eta krisi humanitario betean utzi ditu; 400.000 lagun inguru gosetea jasaten ari dira, eta beste 1,8 milioi egoera horretatik gertu daude, NBEren arabera. Horri aurre egiteko, MEP Munduko Elikadura Programak adierazi du eskualdeko hiru milioi biztanle artatzeko asmoa, egun baino 900.000 herritar gehiago.

Izan ere, OCHA Nazio Batuen Erakundearen Auzi Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoak azaldu du Tigrayrako sarbideak «oso mugatuta» daudela; hau da, de facto «laguntza humanitarioa jasotzeko blokeo bat» jasaten ari direla. Izan ere, igandean abiatu zen lehen konboi humanitarioa—ehun kamioik osatua— Tigrayrantz, abuztuaren 20tik elikagaiak eta sendagaiak garraiatzeko debekua izan ostean.

TPLFko nekazaritza gaietarako arduradun Atinkut Mezgebok adierazi du lehengai eskasia horrek eragindako krisia «uste baino handiagoa» izan daitekeela, eta hildakoak ehunka ere izan daitezkeela: «Jendea gure begien aurrean hiltzen ari da, janari faltagatik». Hala, Tigrayko subiranistek soilik ez, NBEk eta Mendebaldeko hainbat gobernuk ere Addis Abebari leporatu diote laguntza eskualdean sartzea galaraztea.

Etiopiako Gobernuak ukatu egin du «laguntza humanitarioa Tigrayra iristeko bideak irekitzeko konpromisoa» hautsi izana, eta afera hori «nazioartea engainatzeko» erabiltzeaz akusatu du indar politiko tigrea. Addis Abebak nabarmendu du nazioarteko agentziekin elkarlanean ari dela, eta TPLFk egin diola kalte egoera humanitarioari gatazka Amhara eta Afar eskualdeetara zabalduz. Gobernuak azaldu du haietan 4,5 milioi herritar gerraren kalteak sufritzen ari direla, eta 500.000 lagunek euren etxeak utzi dituztela. Kopuru horiei beste bat gehitu die NBEk: 1,7 milioi lagun gosetea jasateko arriskuan daude eremuotan.

Horiek hala, nazioarteko erakundeen lehentasuna hiru eskualde horietako herritarrak dira. «Denbora agortzen ari da Etiopia iparraldeko milioika pertsonarentzat, eta, funts gehigarririk lortzen ez badugu, errazioak murriztera behartuak egongo gara. Edo, okerrago, Afar, Amhara eta Tigrayko lau milioi laguni banaketa eten beharko diegu», azaldu du MEPek Afrika ekialdean duen zuzendari Michael Dunfordek.

Erakundeak 360 milioi euroko diru laguntza gehigarri bat eskatu du datozen sei hilabeteetan hamabi milioi herritarri laguntza humanitarioa ematea bermatzeko. Izan ere, arazoa aipatutako eremuetatik herrialde osora hedatu dela gehitu dute; gerrak ez ezik, lehorteek, uholdeek eta COVID-19ak eragindako egoerak ere egoera txar bat zaildu baitute. Denera, 13,6 milioi dira Etiopian elikagai ziurgabetasuna jasaten dutenak.

Hamar hilabete

Addis Abebaren eta TPLFren arteko gerra iazko azaroaren 4an hasi zen. Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek TPLF —eskualdearen kontrola zuen— boteretik kanporatzeko oldarraldia agindu zuen, erakunde hark Mekeleko, Tigrayko hiriburuko, base militarrari eraso egin ostean. Armadak lehen erasoaldi bortitz bat egin zuen, eta Abiy gerra irabazitzat jotzera heldu zen hilabetea amaitu aurretik. Hortik aurrera, baina, indar subiranistek kontraerasoari ekin zioten, ekainean Etiopiako Gobernua su-eten bat ezartzera behartu arte. Bitarte horretan, Etiopiako eta Eritreako armadak —lehenari babesa eman dio— «gizateriaren aurkako krimenak» egiteaz akusatu dituzte nazioarteko hainbat erakundek, hala nola zibilen hilketak eta emakumeen aurkako sexu erasoak.

Gatazkaren ondorioz, milaka lagun hil dira, eta bi milioi lagunek baino gehiagok utzi dituzte euren etxeak. Horietatik 75.000 inguruk Sudango muga zeharkatu dute. Han, baina, ez dute atsedenik topatu. Herrialdeko agintariek Tigrayko 29 herritarren gorpuak aurkitu dituzte herrialde haren eta Etiopiaren arteko muga zeharkatzen duen Setit ibaian, eta Atzerri Ministerioak dei egin dio Etiopiako enbaxadoreari, azalpen eske.

Bi aldeak negoziazio mahaian esertzeak ez dirudi erraza. Addis Abebak ekaineko su-etena ez onartzea aurpegiratzen dioTPLFri, eta alderdi hark «trantsiziorako prozesu politiko inklusibo bat» abiatzea jarri du baldintza gisa. Nazioartetik, Afrikako Batasunak Abiyri eskatu dio TPLFri «terrorista» gisa kalifikatzeari uzteko, eta elkarrizketaren aldeko apustua egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.