«Ez gara ikusezinak»

Patronalarekin 11 aldiz bildu arren, Bizkaiko bulego garbitzaileak lan ituna berritu gabe daude oraindik. IMQkoen auzia epaitegian argitu beharko da ziurrenik

IMQ klinikako garbitzaileek atzo Bilbon eginiko manifestazioan eraman zuten pankarta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«COVID-19aren garaian txalo egiten ziguten. 'Zuengatik ez balitz, ezingo genuke aurrera egin', esaten ziguten, eta orain hau egin nahi digute. Eta prest ez dagoen jendea sartuko dute gure ordez». Mari Carmen Regueirok (48 urte) ez du ezkutatu haserre mintzo dela. 17 urte daramatza garbitzaile lanetan IMQk Bilbon dituen kliniketan, eta hilaren 31n kontratua etengo diote. Haren ahizpa Sarak 53 urte ditu, eta hark 27 daramatza IMQn. «Erretiroa hor hartuko nuela sinetsita nengoen. Kolpe gogorra izan da; gure lankide bati bihotzekoak eman zion, eta zaintza berezietan egon da. Litekeena da dena epaitegian amaitzea, eta buelta ematea espero dut. Subrogazioa horretarako dugu; nik lau garbiketa enpresarentzat egin dut lan IMQn».

IMQk kaleratu nahi dituen 90 garbitzaileetako bi dira Regueiro ahizpak. 85 emakume eta bost gizon dira, eta askok hogei edo 30 urte daramatzate bertan lanean. Abenduaren 31n amaituko da Gizatzen enpresarekin duen akordioa, eta garbitzaile propioekin hasi nahi du. Haiek trebatzen hasia da dagoeneko. «Esaten dute ez garela egokiak, gaixo baimen asko hartzen ditugula, garestiak garela... Garestiak? 1.040 euro irabazten ditugu, gehi epaitegian irabazitako gehigarriak. Pentsa, 2021era arte arrisku plusa ukatzen ziguten. Garbitzaile berriak horrelako eskubiderik gabe sartu nahi dituzte», azaldu du Regueirotar gazteenak. Langileek, dena den, beste arrazoi bat ikusten dute IMQko zuzendaritzaren erabakiaren atzean. Egun, klinikak saltzeko prozesu betean daude, eta sinetsita daude hura merkatzeko modu bat izan daitekeela.

Garbitzaileak greba mugagabean daude hilaren 7tik, baina, Jaurlaritzak %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituenez, ez da nabaritzen. «Klinika ezin txukunago dago, goitik behera. Eta zerbait hautsi dugula diotenak gezurretan ari dira. Are gehiago, lehen baino lan gehiago egiten dugu, besteak beste erretiluak-eta jaso behar ditugulako, berez gure lana ez dena», zehaztu dute ahizpek.

Grebalarien auzia ELA sindikatuak darama, eta, haren ustez, zuzendaritzaren motibazioa da lan hitzarmen propio bat eskatu zuen langile multzo bati jazartzea. Erlojupean dabiltzan arren, ez dute akordio borondaterik ikusten IMQren aldetik. «Guk subrogazioa aldarrikatzen dugu. Dauzkagun erreminta guztiak erabiliko ditugu», azaldu du Janire Ornes ELAko ordezkariak.

ELAk, LABek eta ESK-k Bizkaiko bulego garbitzaileen lan hitzarmena berritzeko negoziazioen egoera salatzeko manifestazioa antolatu zuten atzo Bilbon, eta IMQko langileak izan ziren protagonista nagusiak. «Ez gara ikusezinak; hemen gaude», izan zen gehien errepikatutako oihua. 11.000 langileri eragiten dien itun bat da, eta gehien-gehienak emakumezkoak dira. «11 aldiz bildu gara, hilabetean behin egiten diren bileretan. Patronalari asko kostatzen zaio mugitzea. Enpresen erdien bulegoak Madrilen daude, eta ez dute ulertu nahi zer bizi maila dagoen Bizkaian», azaldu du Itsasne Nuñez LABeko ordezkariak.

Sindikatuen arabera, negoziazio mahaia blokeatuta dago. Jasotako azken eskaintza 2021ean KPIa %0,5 igotzea da, eta %2 2022an. Haiek, baina, hobekuntza gehiago nahi dituzte. Manifestazioko pankartan «1.200 x 15» irakurtzen zen, soldatari erreferentzia eginez, eta kaleko garbitzaileen aldean dagoen 6.000 euroko soldata arrakala amaitzea nahi dute. «Ezin dugu sinatu langileak are gehiago pobretuko dituen akordiorik. Konpondu ezean, mobilizazio gogorragoak etorriko dira», iragarri du Nuñezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.