Gobernuz kanpoko Memorial erakundea desegin du Errusiak

«Atzerriko agentea» izatea egotzi diote GKEari, eta hura desegiteko agindu du Auzitegi Gorenak. 1980an sortu zen taldea, Sobietar Batasuneko errepresio politikoa ikertu eta dokumentatzeko

Ekintzaile bat «Memorial gara» dioen kartel batekin, atzo, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Errusiako GKE gobernuz kanpoko erakunde zaharrena desegiteko agindu zuen atzo Auzitegi Gorenak. «Atzerriko agente» bat izateaz akusatuta agindu zuten Memorial erakundea desegiteko —ez da lehen aldia GKE bat ixten dutela akusazio hori baliatuta—. Alla Nazarova epailearen esanetan, erakundeak «behin eta berriz» urratu du atzerriko agenteen legea, eta haren jokabideak «arrazoi politikoak» ditu. Memorial erakundeak iragarri zuen helegitea jarriko diola erabakiari, bai Errusian, baita Europan ere.

1980an sortu zuten Memorial, Sobietar Batasunean errepresio politikoaren biktima izandakoen eskubide urraketak ikertzeko helburuarekin, eta Purga Handiaren eta gulagetara bidalitako presoen datu base bat sortzeko. SESB desegin eta gero ere lanean jarraitu zuen, ordea, giza eskubideen alorrean batez ere, gobernuari egotzitako urraketei ahotsa emanez.

Fiskaltzak, baina, oso bestelako iritzia agertu zuen erakundearen lanaz. Haren esanetan, «atzerriko gobernuek baliatutako arma geopolitiko bat» da elkartea, helburu duena Sobietar Batasunaren «izen ona zikintzea». Salaketa bat dator Kremlinak egiten duen historiaren irakurketarekin. Izan ere, Vladimir Putinen gobernuaren arabera, Mendebaldeko estatuek ezkutatu eta ukatu egin izan dute Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka egindako lana. «Argi dago Memorialek arreta jarri duela XX. mendeko jazarpen politikoan, SESB estatu terrorista gisa irudikatzeko asmoz, eta herritar sobietarren odola eskuetan duten naziak zuritzeko helburuz», esan zuen Aleksei Zhafiarovek, Errusiako Fiskal Nagusiaren bulegoko ordezkariak. Horrez gain, «terrorismoa» eta «muturreko jarrerak» sustatzea ere egotzi diote giza eskubideen aldeko erakundeari.

Erabakia «politikoa» izan dela salatu du erakundeko buru Jan Raczinskik, eta ohartarazi herrialdea «okerreko norabidean» mugitzen ari den seinale dela epaia. Raczinskik iragarri du beren lanarekin jarraituko dutela. Ebazpena salatu du AI Amnesty Internationaleko Europa Ekialderako zuzendari Marie Struthersek ere: «Erakundea itxiz zapaldu egin dituzte gulagetako milioika biktimen oroimenak. Erabat zentzugabeak dira haren aurkako akusazioak». Hala, auzitegiei eskatu die atzera egin dezatela, erabakia «adierazpen askatasunaren eta elkartzeko askatasunaren aurkako erasoa» delako.

Atzerriko agentea

Moskuk 2015ean hasi zuen Memorialen aurkako prozedura, hura atzerriko agenteen zerrenda beltzean jarri zuenean, haren lanak mugatuz. Legeak erakunde eta banakoei eskatzen die argi ditzatela zeintzuk diren beren finantza bideak, eta ukatu dezatela eurak aipatzen dituen idatzi ororen gaineko erantzukizuna —baita sare sozialetan idatzitako mezuen kasuan ere—. Salaketaren arabera, erakundeak ez zuen bere publikazioetan zehazten «atzerriko agente bat» zela, eta, beraz, legea urratu zuen.

Memorial ez da auzitegiek begiz jotako elkarte bakarra. Aurrez beste kazetari eta komunikabide independente batzuk ere zigortu dituzte, eta gutxienez bi erakundek desegitea erabaki dute, zigor okerragoei aurre egin behar ez izateko. Moskuren arabera, «muturreko jarrerak ekiditea» da legearen helburua. Gobernuarekiko kritiko direnek, ordea, oposizioa isilarazteko baliatzea leporatzen diote.

Memorialen kasuan, azken hilabeteetan disidente politikoen zerrenda bat osatzen ari ziren erakundeko kideak, eta tartean zegoen Aleksei Navalni oposizioko kidearen izena. Zerrenda horren arabera, joan den urrian 420 preso politiko zeuden Errusian. Erakundeko kide Irina Xtxerbakovaren esanetan, Putinen gobernuak mezu argia helarazi dio gizarteari: «Nahi dugun guztia egingo diogu gizarte zibilari. Nahi ditugun guztiak sartuko ditugu espetxean, eta aurka egiten digun talde oro desegingo dugu». Xtxerbakovak ohartarazi du beren taldea ez dela izango desegiten duten azkena: «Diktadura ez da hemen amaituko. Errepresioa gogortu egingo da datozen aste eta hilabeteetan. Argi utzi du zein den bere helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.