Metala goritzen ari da

Sindikatuek mobilizazioak hasiko dituzte gaur, metalgintzako Arabako itunaren egoera salatzeko. Bizkaian eta Nafarroan ere negoziazio luzeak espero dituzte

Soldatzaile bat lanean, txinparten artean. Metalgintza sektoreko ogibide ohikoenetako bat da. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko metala goritzen hasia da. Zuzenagoa litzateke esatea metalgintza sektorea dela goritzen hasia dena. 150.000 langile inguruk lan egiten dute lurraldeetako siderometalurgia industriaren lan hitzarmenaren baldintzapean; egun, horietako hiru itun amaituta daude, eta, beraz, berritu bitarte, aurrerako eragina dute: Arabakoa, Bizkaikoa eta Nafarroakoa dira. Haiek berritzeko negoziazioak hasiak dira, eta ez dirudi erraza izango denik akordioak lortzea. KPIa %6,5 igo izana oztopo handia da, eta jarrerak urrun daude. Hau da lauren egoera.

ARABA
Greba hotsak


Arabako metalgintzako aurreko lan ituna 2017ko abenduaren 31n amaitu zen, eta, ordutik, aurrerako eragina du. Tarte horretan, besteak beste,eta KPIa ez berritzearen eraginez langileen erosketa ahalmena %8 txikitu dela kalkulatu dute sindikatuek. Ituna sinatu zen azken aldian 15.456 langileri eragiten zien zuzenean, eta beste enpresa batzuetan agiri hori hartzen dute oinarritzat hitzarmen propioa negoziatzeko.

Pandemia urteetan negoziazioa etenda egon da. Mahaia bildu gabe egon zen ia urtebetez, eta aurten ekin diote berriz, bilera egutegi batekin. 2018an, ituneko agiri ofizialaren arabera, ELAk ia %40ko ordezkaritza zuen sektorean; UGTk, %17koa; CCOOk, %16koa, eta LABek, %12,55ekoa. Azken bi sindikatu horiek ordezkaritza handiagoa dute egun.

SEA enpresarien elkartea da patronalaren ahotsa, eta, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek nabarmendu dutenez, talka soldatatik harago doa. SEAri egotzi diote aldi baterako lan enpresen erabilera ez mugatzea, azpikontraten subrogazioa itunean sartu nahi ez izatea eta lanordu kopurua ez doitzea, besteak beste. Egoera hori salatzeko, manifestaziora deitu dute gaurko, Gasteizen (17:30). CCOOk aste honetan adierazi du mobilizazioak «gogortu» behar direla; ELAk eta LABek ezinbestekotzat jo dute greba dinamika bat hastea.

BIZKAIA
Hasteko, jarrerak urrun

Aurreko lan ituna iazko abenduaren 31n amaitu zen, eta jada hasiak dira FVEM patronalaren eta sindikatuen arteko harremanak —ELA, %40; CCOO, %25; LAB, %21,5, eta UGT, %13—. Patronalak hiru urteko akordioa eskaini du, urtero soldata %2 igota. Esan du gehiago igotzeak «enpresa batzuk ixtea» eragingo lukeela.

Eskaintza horrek sutu egin ditu sindikatuak, benetako KPItik oso urrun baitago. Are gehiago, plataforma batzuetan KPItik gorako igoerak eskatu dituztela jakinda. LABek esan du «irain» bat dela; ELAk adierazi du «agerikoa» dela patronalak «ez duela presarik», eta CCOOk «benetako negoziazio bat» eskatu dio FVEMi. Sindikatuek, halaber, nabarmendu dute Gipuzkoako metalgintzan KPIaren igoera osoa onartu dela, baita Bizkaiko eraikuntzan ere.

Lan Harremanen Kontseiluko datuen arabera, 49.712 langile daude Bizkaiko lan itunaren eraginaren menpe. Jarrerak hain urrun ikusita, ezinbestean gogoratu behar dira azken sinadura lortzeko negoziazio luzeak. Sindikatuek bat eginda negoziatu zuten, eta urteak behar izan ziren ituna berritzeko. Gatazka luzea izan zen, eta duela gutxi epaitu dituzte istiluetan atxiloturiko hiru langileak. 2019an, hamar greba egun egin zituzten sektorean, eta akordioa sinatu zenean antolatuta zeuzkaten beste zortzi.

NAFARROA
Gutxienez, urtebete


Bizkaikoa bezala, indarrean zegoen Nafarroako lan hitzarmena abenduaren 31n bukatu zen. Hiru urte iraun zuen. Lehen negoziazio mahaia urtarrilaren 4rako deitu zuten, eta hurrengo bilerak ez du datarik. Sindikatuak horrela banatuta daude: ELAk, UGTk, eta CCOOk launa ordezkari dituzte, eta LABek hiru. Bakoitzak bere plataforma du.

Itunak 35.000 langile ingururi eragiten die, eta APMEN eta ANEM elkarteek ordezkatzen dute patronala. Besteak beste, VW Nafarroa, Kybse eta Sunsundegi enpresa garrantzitsuetan du eragina lan hitzarmenak. Negoziazioen berri duten iturrien arabera, bilera asko beharko dira akordioren bat egiteko. «Luze joko du, gutxienez urtebete», diote. Oso goiz da ondorioren bat ateratzeko, baina badirudiKPIaren igoera izango dela arazo nagusia.

GIPUZKOA
Indarrean eta KPIa igota


Gipuzkoako metalgintzaren itunaren egoerak ez du zerikusirik beste lurraldetakoenarekin. Orokorrean, lasaitasuna da nagusi. Urte bukaerara arte egongo da indarrean, eta, hitzartu bezala, langileek KPIaren araberako soldata igoera izan dute aurten. Hitzarmenak 43.269 langileri eragiten die, eta sindikatuen ordezkaritzaren batezbestekoa hau da: ELA, %48,76; LAB, %34,37; CCOO, %12,39; eta UGT, %4,46.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.