Putinek Donetsken eta Luhansken independentzia aitortu du

Errusiako Parlamentua «ahalik eta lasterren» da berrestekoa Donbassko herri errepublikei buruz presidenteak hartutako erabakia. AEBek eta EBk zigorrak ezarriko dituztela adierazi dute

Vladimir Putin Errusiako presidentea, atzo, Donbassko bi herri errepubliken inguruan hitz egiten. ALEKSEY NIKOLSKYI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Giroa are gehiago berotu daLuhankeko eta Donetskeko herri errepubliketan, Ukraina ekialdean. Baina ez bakarrik Ukrainako armadaren eta milizia errusiazaleen arteko borrokengatik, baita bi herri errepublika horien etorkizun politikoagatik ere. Izan ere, Errusiako presidente Vladimir Putinek Donbassko bi errepubliken independentzia aitortu zuen atzo, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari iragarri eta gero dekretu bat sinatuko zuela horretarako. Zehazki, eskaera hori egin zioten atzo Errusiako Segurtasun Kontseiluko kideek eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako liderrek, Denis Puxilinek eta Leonid Pasetxnikek, hurrenez hurren. Okerrik ezean, Errusiako Parlamentuak «ahalik eta lasterren» berretsiko du Putinen erabakia. Dekretuan bildu du tropak Donbassera bidaltzeko aukera, «bake eginkizunak» egiteko.

Errusiako presidentearen adierazpenak berehalakoan eragin zuen erreakzio sorta.Mendebaldeko estatuen artean aho batekoa izan da gaitzespena. Joe Biden AEBetako presidenteak «laster» zigor ekonomikoak ezarriko ditu Donbassko bi errepubliken aurka, Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi zuenez. Biden 35 minutuz mintzatu zen telefonozVolodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin, Putinen adierazpenaren ondotik.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, berriz, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilkura bat eskatu zuen, Errusiak «nazioarteko betebeharrak argi urratu» dituelakoan, eta «Ukrainaren burujabetza hautsi» duelakoan. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoak ohar bateratu batean adierazi zuten EB Europako Batasunak zigorrak ezarriko dizkiela «legez kanpoko ekintza horrekin zerikusia dutenei».

Errusiako behe ganberako diputatuek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeari buruzko bozketa egin zuten iragan astean. 368 ordezkarik hartu zuten parte, eta 351k egin zuten horren alde. Zehazki, diputatuek esan zuten Donbassko errusiarrek «laguntza behar» dutela, eta «helburu humanitarioak» dituzten «neurri egokiak» babesten dituztela. Izan ere, ordezkariek uste dute bi herri errepubliken aitorpenak «oinarriak» sortuko dituela «segurtasun bermeak ziurtatzeko» eta «errepubliketako biztanleria atzerriko mehatxuetatik babesteko».

Bozketan baiezkoa gailendu zenez, onarpen hori egiteko ebazpen bat bidali zioten Putini, eta, atzo, segurtasun kontseiluko ezohiko batzarrean Donbassko herri errepubliken independentziarako gaia izan zuten hizpide, eta horren ondoren iragarri zuen erabakia Putinek. Errusiako presidenteak hitz egin aurretik, ordea, segurtasun kontseiluko kide guztiak mintzatu ziren, banan-banan, eta bi herri errepublikak independente gisa aitortzearen alde azaldu ziren denak; esaterako, Errusiako Federazioko Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dmitri Medvedevek adierazi zuen 2008an Hego Osetia eta Abkhazia aitortzeko —Georgiaren parte ziren— hartutako erabakiak «ehunka mila bizitza salbatu» zituela. Donbassko bi herri errepubliken eskaerari heldu zion gero: «Gaur, askoz gehiago dago jokoan. Askoz bizitza gehiago. Ukrainako egoera ez da hobetuko». Hala, Medvedevek beharrezkotzat jo zuen bi herri errepublika horien independentzia aitortzea, «tentsioa murrizteko».

Putinek onarpena sinatuta, hainbat aukera izango lituzke mahai gainean: besteak beste, bi herri errepublikak anexionatzea, Krimearekin 2014an egin zuten modura; baita eremu horiek babes herri gisa aitortzea ere. Horrek, ziurrenik, Minskeko Akordioak amaitzea eragingo luke.

Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Donbass eskualdean daude, eta gerran daude Ukrainako armadarekin 2014az geroztik. Urte hartan eta 2015ean, su-eten bat finkatzeko Minskeko Akordioak adostu zituzten, baina bi aldeetako inork ez ditu errespetatu —batez ere Kievek—; Putin aho bizarrik gabe mintzatu zen atzoko agerraldian Ukrainaren aurka. «Ukrainako agintariek ez dute Minskeko Akordioak betetzeko asmorik, eta argi eta garbi esaten dute hori». Are urrunago joan zen: «Ukrainak ez du benetako nazio baten historiarik». Kremlinen arabera, Ukrainako 59.300 militar daude bi herri errepublika horietako mugetan hedatuta. «Areagotu egin dira probokazioak, bonbardaketak, eta horrek kezka handia sortzen digu, noski». Era berean, erantsi zuen Mosku gatazka «modu baketsuan» konpontzeko ahaleginak egiten ari dela.

Orotara, 31.000 bat lagun hil dituzte gatazka horretan; baita 2,5 milioi desplazatu eragin ere. Azken astean, esaterako, Donbasstik 60.000 herritarrek baino gehiagok Errusiako muga zeharkatu dute, Moskuren arabera. Horrez gain, Errusian ospitaleak eta egoitzak husten hasi dira errefuxiatuak jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, 700.000 pertsona ebakuatuko dituzte.

Ukrainan eta haren inguruan jarduera militarrak «areagotu» direla eta, Errusiako eta Bielorrusiako presidenteek tropak Bielorrusian mantentzea adostu dute. «Beharrezkotzat jotzen dutenean erretiratuko dituzte Errusiako tropak». Hala adierazi zuen atzo Viktor Gulevitx Bielorrusiako indar armatuetako buruak. Era berean, Gulevitxek gogorarazi zuen Bielorrusiak «eskubidea» duela AEBei eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideei euren tropak Bielorrusiaren eta Errusiaren Batasuneko mugetatik erretiratzea eskatzeko.

Bestalde, Putinek adierazpena egin aurretik, Joe Biden AEBetako presidenteak eta Putinek berak onartu egin zuten Macronen proposamena, Ukrainari buruzko goi bilera bat egitekoa, «Europako segurtasun eta egonkortasun estrategikoaz» hitz egiteko, «baldin eta Errusiak Ukraina inbaditzen ez badu», Eliseoak herenegun jakinarazi zuenez. Halere, Kremlini «goizegi» iruditu zitzaion Putin eta Biden batzartzea. «Oraintxe bertan, argi eta garbi ulertzen dugu elkarrizketak ministerioen mailan jarraitu behar duela», argitu zuen atzo Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov etzi batzartzekoa da AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin.

Kievek oharra bi aldeei

Kievek ohartarazi die Bideni eta Putini ezin dutela «Ukrainaren norabidea erabaki ukrainarren iritzia aintzat hartu gabe». Hala esan zuen atzo Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluko idazkari Oleksii Danilovek. «Putin eta Biden elkartzen badira, eta Ukrainako gaia gure herrialdetik kanpo eztabaidatzen bada, sinets iezadazue, gu gabe inork ezingo du gure arazoa konpondu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.