Nafarroan autonomoei 3.000 eurora arteko kenkariak ezarriko dizkiete

Neurriak 20 milioi euroko kostua izango du ogasunarentzat, eta orain arte onartutako beste neurriek, 119 milioi eurokoa. Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egitea du xede foru dekretuak

Garraiolari autonomoen protesta Iruñean, iragan martxoaren 15ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Erregaiaren eta argindarraren garestitzeak bete-betean eragin die garraioari, abeltzaintzari zein laborantzari eta beste hainbat sektoreri. Alor horiei guztiei zuzenean laguntzeko zein jarduera ekonomiko horien likidezia bermatzeko, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onartu zuen atzo. Besteak beste, errenta zergan etekin garbiaren gaineko %3ko eta 3.000 eurora arteko zerga kenkaria ezarriko diete autonomoei eta enpresa txikietako arduradunei; sozietate zergan ere milioi bat eurotik beherako fakturazioa duten enpresei %3ko kenkaria ezarriko zaie —kasu honetan ere, 3.000 euroko muga du—. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, kenkari horien ondorioz, 18 milioi eta 20 milioi euro biltzeari utziko dio ogasunak.

Dekretuak jarduera horien likidezia hobetzeko beste hainbat aldaketa proposatu ditu. Adibidez, errenta zergan lehen hiruhilekoan ez dute ordainketa zatiturik egin beharko. Gainera, sozietate zergan ezohiko irabazien gaineko inbertsioak egiteagatik ezarritako salbuespen berezia urtebetez luzatuko da. Neurri horren bidez, inbertsioa egitea pentsatu baina egoeraren ondorioz aurre egin ezin dutenei lagundu nahi dietela dio gobernuak.

Saizek ez zuen zehaztu dekretuaren likidezia bermatzeko beste neurriek zenbateko kostua eragingo duten. Alta, atzokoari gobernuak aurretik onartutako gainerako neurriak gehituta, pakete ekonomikoak gutxienez 119 milioi euroko kostua izango du altxor publikoarentzat: batetik, behin-behinean argindar ekoizpenaren balioaren gaineko zerga bertan behera uzteak edo BEZa %21etik %10era jaisteak 51 milioi euroko kostua du; bestetik, erregai litroko 20 zentimoko laguntzak beste 48 milioikoa. Hain zuzen ere, atzoko neurriaren eraginez, laguntza horiek ez dira zergapetuko.

Bezperan, Eusko Jaurlaritzak antzeko neurriak iragarri zituen. Astearteko gobernu kontseiluan gerraren ondorioei aurre egiteko 158 milioi euroko bi funts berezi onartu zituen: 15 milioikoa gizarte arloko laguntzei begira eta 143 milioi eurokoa enpresentzat eta autonomoentzat. Iñigo Urkulluren gobernuak bai zehaztu zuen kaltetutako jarduera ekonomikoen likidezia bermatzeko 43 milioi euroren kredituak mobilizatuko dituela.

Kontseilu osteko agerraldian, Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu zuen «entzuketa ariketa aktibo baten emaitza» dela dekretua. Azken asteetan hainbat eragilerekin bildu da gobernua, eta haien proposamenak aintzat hartu dituzte, Saizen arabera: hala nola CEN patronala, ATA eta UPTA autonomo elkarteak, garraio sektoreko ANET, Tradisna eta Hiru, eta lehen sektoreko EHNE, UAGN eta UCAN elkarteak.

Behin gobernuak dekretua onartuta, Nafarroako Parlamentuaren esku geratuko da tramitazioa. Arlo politikoari begira, Saizek errepikatu zuen beste taldeen proposamenak entzun dituztela, eta orain haien eskuetan geratzen dela haren edukia. Gehiengoa ziurtatzeko, ikusteko dago nola hartzen duten gobernuko beste bazkideek zein oposizioko bi alderdiek zerga jaitsiera: alde batetik, ea EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ontzat jotzen duten; bestetik, Navarra Sumari nahikoa iruditzen ote zaion.

Alokairu errentari, muga

Dekretua ez da zerga arlora mugatuko. Urteko errenta berrikusteko orduan, Espainiako Gobernuak muga berezi bat ezarri du, eta Nafarroan babes ofizialeko alokairuei ere ezarriko die: gobernuaren arabera, alokairu mota horrek «araudi propioa du», eta uste dute neurri horrekin familia zaurgarrienei mesede egingo diela. Halaber, energia berriztagarrien instalazioak errazteko baldintzak hobetu dizkiete 150 MWeko potentzia baino txikiagoko proiektu eolikoei eta 75 MWeko proiektu fotovoltaikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.