Europako Batasuna klima arauen negoziazioekin katramilatu da berriz ere

Ingurumen ministroak negoziatzen ari ziren oraindik atzo gauean. Errekuntza motorren epemuga eta Klimaren Gizarte Funtsa ziren eztabaidagai nagusiak

Alemaniak 2035etik aurrera erregai sintetikoekin ibil daitezkeen auto berriak saldu ahal izatea nahi du. JULIAN STRATENSCHULTE / EFE.
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bineta ezaguna egin zen bere garaian; Europako Batasuneko negoziazioen konplexutasunaren irudia zen: mahaiaren bueltan zegoen negoziatzaile bakoitzak (herrialde bakoitzak) kafea nola nahi zuen esaten zion zerbitzariari; batek esne gainarekin eta azukrearekin nahi zuen; beste batek ere, esnearekin eta azukrearekin, baina esnea hotza, mesedez; besteak, azukrerik gabe, baina kanelarekin...

Antzera zebiltzan Batasuneko ingurumen ministroak atzo arratsean Luxenburgon, lerrook idatzi direnerako, ingurumen arauez erabakitzen. Bost arau jasotzen dituen neurri sorta zuten eskuartean, zeina bozketa bakarrean onartzeko aurkeztu zien Frantziak, arrakasta bat lortu nahian Batasuneko bere presidentetzaren azken egunetan.

Hala ere, bi izan dira gai arantzatsuenak, eta horietan beharbada sinbolikoena da ibilgailuen karbono dioxido isuriei dagokiena. Europako Batzordearen lehen proposamenak esaten zuen 2035. urtetik aurrera saltzen ziren ibilgailu arinetan karbono isurien murrizketak %100ekoa izan behar zuela.

Horrek praktikan esan nahi du ezingo litzatekeela errekuntza motorreko auto berririk saldu Europan. Zenbait salbuespenekin eta kostata, baina Europako Parlamentuak ere onartu zuen epemuga hori orain aste gutxi. Herrialdeen txanda etorri denean, ordea, hainbat aurka agertu dira. Batzuek —Italia, Polonia eta Portugal tartean— %90eko isuri murrizketa nahi dute 2035erako, %100ekoa 2040ra arte atzeratuz. Beste herrialde batzuentzat, berriz, Herbehereentzat kasurako, 2035a baino lehen etorri beharko luke isuririk gabeko auto berrien orokortzeak.

Azken egunetan, hala ere, Alemaniatik etorri da errekuntza motorrei 2035ean muga jartzearen kontrako jarrera indartsuena. Alemaniako gobernu koalizioko kide eta Finantza ministro Christian Lindnerrek Ingurumen ministroari leporatu zion muga hori koalizio programaren aurka zihoala. Azkenean, badirudi Steffi Lemke Ingurumen ministro alemaniarrak lortu duela Lindner konforme utziko lukeen irtenbideak aurrera egitea Luxenburgon. Horren arabera, 2035. urtetik aurrera baimenduta egongo litzateke «isurietan neutroak» diren erregai sintetikoekin ibil daitezkeen ibilgailu arin berriak saltzea, baina, hori bai, dagoeneko existitzen diren auto modeloetakoak izan behar dute. Automobilgileek ezingo dute halako auto modelo berririk jaulki merkatura 2035etik aurrera.

Klimaren gizarte funtsa

Gauean jarraitu behar zuten negoziazioetan adostasunerako beste oztopo nagusia europar txiroenei deskarbonizazioaren kostuak arintzera joan behar duen neurria da: Klimaren Gizarte Funtsa. Frantziak 59.000 milioi euroko funtsa proposatu zuen. Txikiegia Letoniarentzat; handiegia diru gehiago jarri beharko luketenentzat: Alemaniarentzat, Finlandiarentzat eta Danimarkarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.