KPIaren igoera itunen iraupen osoan zatitzeko prest agertu da ELA

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak negoziazioak nahita blokeatzea egotzi dio Confebaski, eta erosteko ahalmena bermatzen ez duten eskaintzak egitea. Jarrera bera izatea leporatu dio Jaurlaritzari

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbao
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak ez du sinatuko KPIaren araberako soldata igoera bermatzen ez duen lan itunik. «Gure marra gorria da», zehaztu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. Udazkenean hainbat hitzarmenen negoziazioei ekingo zaie berriz, eta sindikatu subiranistak bere jarrera zein izango den aurreratu du. Hala ere, ez da tematuko urtez urteko KPI igoera batekin, eta soldata zatika eguneratuko luketen lan itunak onartzeko prest agertu da: «Hitzarmenaren amaieran KPIaren araberako igoera bat izango dela bermatzen bada, sinatu dezakegu». Lakuntzak zehaztu duenez, aurten sektore mailako lau hitzarmen sinatu ditu ELAk —Gipuzkoako ostalaritza eta eraikuntza, Bizkaiko autoeskolak eta Arabako gizarte esku-hartzea—, eta lauretan baldintza horiek adostu dituzte patronalekin.

Lakuntzaren iritziko, baina, egun negoziazioen oztopoa ez dago sindikatuetan, patronalean baizik. «Confebask, negoziazio mahaietan, %3tik beherako eguneraketak eskaintzen ari da. Ikusiko dugu Bizkaiko metalgintzako patronalak hori zuzentzen duen. Ez du KPIaz hitz egin nahi. Soldaten %7ko debaluazioa da hori langileentzat». ELAren ustez, eskaintza horien atzean «estrategia» bat dago, negoziazioak blokeatzea: «Blokeatuz gero, soldaten debaluazioa luzatzea lortzen dute». Alde horretatik, kritika egin die UGT eta CCOO sindikatuei, eta egotzi die KPIaren igoera osoari «uko egiten» ibiltzea. LABek, ostera, abuztuan zehaztu zuen bere iraupenean erosteko ahalmenari eusten dion itunik ez duela izenpetuko.

Enpresa handien mozkinak

ELAren jarrera irmoa da, argi baitute KPIa eguneratzea posible dela, eta aurrez aipaturiko lau itunak dira horren eredu. Are gehiago, uste du Confebask «aitzakiak» jartzen ari dela aurkakoa dioenean. Sindikatuak nabarmendu du egunerokoan, «lantokien martxan», ikusten dutela KPIa igo daitekeela, eta gogoratu du enpresek, «eta batez ere enpresa handiek», irabaziak izan dituztela. ELAren ikerketa batzordearen arabera, Ibex 35eko enpresek 2019an baino %83 mozkin handiagoak izan dituzte aurten, eta akziodunen artean banaturiko dibidenduak soldatak baino 30 aldiz gehiago handitu dira.

ELAren jarrera argitzea garrantzitsua da, egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza handiena duen sindikatua baita (%40,68), eta hirugarrena Nafarroan (%22,85). Udaberrian sektoreko hainbat lan hitzarmen adostu ziren, besteak beste Bizkaiko bulego garbiketakoa eta kontserbetakoa —ELAk ez zituen sinatu—, eta Gipuzkoako eraikuntzakoa eta papergintzakoa. Mercedeseko ituna ere sinatu zuten, hori ere ELA gabe. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenen %32,7 baino ez daude berrituta.

Sindikatuarentzat, dena den, Confebask ez dago bakarrik bere jarreran, Eusko Jaurlaritzaren babesa baitu. Batetik, hark ere %2ko inguruko soldata igoerak eskaini dituelako; eta, bestetik, errenta paktuarekin «enpresen irabaziak babestea» lehenetsi duelako, soldaten jaitsieraren bizkar. Hori ez da kritika bakarra; ELAren ustez, zergen erreforma egitea ezinbestekoa da, eta enpresen irabazien gaineko tasak handitu egin beharko lirateke, bereziki energia enpresa eta finantza erakundeenak. «Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Batzordeak begi onez ikusten dituzten neurriak dira. Jaurlaritzak, berriz, ez. Jaurlaritza egun NDFaren eskuinetara dago», azaldu du.

Bere eskaerak oinarritzeko, ELAk Pobretze prozesua bizkortzen ari da tituludun txostena argitaratu du. Haren arabera, uztailera arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinaturiko lan itunek %5eko soldata igoera izan dute batez beste; Nafarroakoek, berriz, %4,52koa, hilabete horretan neurturiko inflazioaren erdia baino gutxiago (%10,8). Interes tasen igoeraren aldagaia ere kontuan hartu du, eta 25 urterako 150.000 euroko mailegu batean izango duen eragina kalkulatu du. Interesa Euriborra gehi %1 bada, mailegua duen familiak 180 euro gehiago ordainduko ditu hilero; alegia, 2.160 euro gehiago urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.