Gerra Ukrainan

Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu dute Ukrainan okupatutako lurraldeetan

Kievek traizioa egotziko die galdeketetan «moduren batean» parte hartu dutenei. Moskuk prest ditu anexioa gauzatzeko botere «legegilea, exekutiboa eta juridikoa»

Pertsona bat, atzo, Ukrainako Zaporizhia eskualdeko hautesleku batean, bozkatzeko pronto. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainan partzialki okupatutako Kherson, Zaporizhia, Luhansk eta Donetsk eskualdeek Errusiako Federazioarekin bat egitearen alde bozkatu dute. Bozketen lehen emaitzen arabera, eremu horiek anexionatzeko asmoarekin Moskuk hauspotutako galdeketetan %93k babestu dute aukera hori. Deitzaileek ontzat eman dituzte ostiralean hasi eta atzo amaitutako bozketen emaitzak, parte hartzea %50etik gorakoa izan baita. Nazioarteak esana dauka, ordea, bozketa horiek ez dutela zilegitasunik, eta ez dituela emaitzak aitortuko. Ukrainako Gobernuarentzat «fartsa bat» izan dira, eta Jens Stoltenbeg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak esan zuen atzo nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela.

Mendebaldeko herrialdeek, batez ere AEBek, emandako armei esker Ukrainak bere lurrak atzera bereganatzeko hasitako kontraerasoa indartu denean heldu dira Errusiari lur horiek—Ukrainaren azaleraren %15 inguru— anexionatzeko modua emango dioten galdeketak. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi zuen atzo Moskuk prest dituela anexioa gauzatu ahal izateko «botere legegilea, exekutiboa eta juridikoa». Vladimir Putin Errusiako presidentea parlamentuko bi ganberetan mintzatzekoa da ostiralean. Atzo adierazi zien bere gobernuko kideei Ukrainan okupatutako lurraldeetako errusiazaleak «salbatzea» duela lehentasun.

Errusiako Sputnik berri agentziaren arabera, botoen %100 zenbatu dituzte Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian, eta horietan %98,4k, %87,05ek eta %93,11k bozkatu dute alde, hurrenez hurren. Donetsken, berriz, botoen %32 zenbatu dituzte, eta ia %94 daude alde. Edizio hau ixterako, azken emaitza eman gabe zeuden artean deitzaileak.

Galdeketekin lotuta, Ukrainako Gobernuak atzo jakinarazi zuen traizioa leporatuko dietela bozketetan moduren batean parte hartu duten ukrainarrei, eta gutxienez bost urteko kartzela zigorrei aurre egin beharko dietela. «Moduren batean parte hartu dutenen zerrendak dauzkagu», adierazi zuen Volodimir Zelenski presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek Suitzako Blick egunkarian emandako elkarrizketa batean. Zehaztu zuen ez dituztela zigortuko bozkatzera behartu dituzten ukrainarrak. Hain zuzen, Ukrainako funtzionarioek salatu dute lau eskualde horietako herritarrak bozkatzera behartu dituztela.

EB Europako Batasunarentzat «legez kanpokoak» izan dira galdeketak, eta Peter Stano EBren diplomaziako bozeramaileak atzo ohartarazi zuen horien deitzaileek hartutako erabakiaren«ondorioak» jasango dituztela. Diplomazia zerbitzuko funtzionario Luc Devigneren esanetan, Errusiari ezarriko dioten hurrengo zigor sortak galdeketen antolatzaileei ere eragingo die.

Ukraina hegoaldean eta ekialdean daude Errusiak partzialki okupatutako lurralde horiek. Donbassko Donetsk eta Luhansk herri errepublika errusiazaleak 2014az geroztik dira de facto independenteak, gerra hasi zenetik. Gaur egun, Luhansken %66 inguru dauka kontrolpean Errusiak, eta Donetsken %60; Zaporizhiaren eta Khersonen kasuan, berriz, %66 dago Errusiako indarren menpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.