Gerra Ukrainan

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. SERGEY KOZLOV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gerran jarraitzeko erabakiak hartu zituzten Errusiak eta Ukrainak joan den ostiralean. Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainan partzialki okupatutako eremuak anexionatzeko hitzarmenak sinatu zituen, eta jarraian heldu zen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren erantzuna: urgentziazko prozedura erabilita, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko eskaera egingo dute. Nabarmendu zuen, gainera, Ukrainak ez diola muzin egiten Errusiarekin negoziatzeari, baina ez duela Putinekin hitz egingo. Eta atzo hori bera berresten duen dokumentu bat plazaratu zuen Kievek.

Ikusita Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk Ukrainako eskualdeetan Moskuk hauspotutako eta nazioarteak ukatutako galdeketak egin zituztela, eta Kremlin horien anexioa gauzatzekoa zela, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako Kontseilua bildu zen ostiralean. Onartu zuen dekretuaren lehen klausulan hau jaso du: «[Ukrainak] Erabaki du ezinezkoa dela Errusiako Federazioko presidente Vladimir Putinekin negoziatzea». Zelenskik ostiralean adierazi zuen Kremlineko buruak ez dakiela zer diren «duintasuna eta zintzotasuna». Dekretu horretan zehaztu dute, besteak beste, jarraitzea Mendebaldeari laguntza militarra eskatzen.

Kievek pauso horiek ematen zituen bitartean, Errusiako goi ganberak ere Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu zituen, atzo, behe ganberak herenegun egin bezala. Putin atzo zen lege horiek promugaltzekoa. Ukrainaren azaleraren %15 inguru bereganatuko du Errusiak, eta 1945ean Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik Europan indarrez egindako anexiorik handiena izango da.

Sergei Lavrov Atzerri ministroa ganberako osoko bilkuran mintzatu zen, eta azpimarratu zuen herrialde «gehienek» arrazoia ematen diotela Errusiari, galdeketetako emaitzak onartzeagatik.Halere, Ipar Koreak soilik aitortu ditu anexioak; Moskuren ohiko aliatuek ere ez dute hori egin.

Errusiak ez du argitu zeintzuk diren Khersonen eta Zaporizhiaren mugak. Kremlinen arabera, hori zehazteko hango herritarrei horri buruz «kontsultatzen» jarraituko dute. Donetskek eta Luhanskek 2014ko mugak edukiko dituzte. Orduan ere, Mendebaldeak aitortu ez zituen erreferendumak egin zituzten bi eremu horietan, gerra hasi eta gutxira.

Ukrainak azken egunotan jakinarazi du Errusiaren kontrolpeko eremu batzuk berreskuratu dituela Khersonen eta Donetsken. Reuters berri agentziaren arabera, Errusiako Defentsa Ministerioak Moskuren tropek Ukrainan beren menpe duten eremua erakusteko egunero ematen duten bideoan ikus zitekeen kontrolpean duten eremua herenegun adierazitakoa baino txikiagoa zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.