Sunak toryen lider berriaren «lehentasun nagusia» da alderdia eta herrialdea batzea

Erresuma Batuko lehen ministro izendatuko dute 2020tik 2022ra bitartean Ogasun ministro izandakoa, Alderdi Kontserbadoreko primarioak irabazi ondoren

Rishi Sunak toryen lider berria, atzo, Alderdi Kontserbadorearen egoitzan, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Rishi Sunak da Alderdi Kontserbadorearen lider berria, eta, hortaz, Erresuma Batuko lehen ministroa izango da. Haren hautagaitza soilik aurkeztu zuten atzo toryen primarioetara, Penny Mordauntek azkenean ez baitzuen lortu horietan lehiatzeko beharrezkoa zen babesa. Hala, Liz Trussen lekukoa hartuko du 2020ko otsailetik aurtengo uztailera bitartean Ogasun ministro izandakoak. Gaur egingo du karguaren zina, Charles III.a Erresuma Batuko erregearen aurrean.

Alderdia zatituta dagoela eta Erresuma Batua atzeraldi ekonomiko batean sartzeko bidean dagoela hartuko du kargua, eta, hain zuzen, horri egin zion erreferentzia Alderdi Kontserbadorearen egoitzan egindako agerraldian. «Erronka ekonomikoa oso handia da. Batasuna eta egonkortasuna behar ditugu», nabarmendu zuen. Hain zuzen, agurreko adierazpenean Trussek argudiatu zuen nazioartean eta ekonomikoki abagunea «ezegonkorra» izateak ez diola lagundu zeregin horretan. Sunakek azpimarratu zuen bere «lehentasun nagusia» izango dela alderdia eta herrialdea batzea. «Horrela bakarrik egin ahal izango diegu aurre erronkei». Oso laburra izan zen toryen lider berriaren adierazpena, eta ez zuen galderarik onartu. Jendaurrera agertu aurretik diputatu kontserbadoreekin bildu zen, eta, Erresuma Batuko hedabideek kaleratu zutenez, adierazi zuen ez dituela hauteskundeak aurreratuko, oposizioak eskatu bezala. Azkeneko inkesten arabera, Alderdi Laboristak botoen %50etik gora bilduko ditu hurrengo hauteskundeetan.

Erresuma Batuak azkeneko lau hilabeteotan edukiko duen hirugarren lehen ministroa izango da. Boris Johnsonek uztailean eman zuen dimisioa, eta Trussek, aurreko ostegunean. Are gehiago: azken sei urteotan toryek izango duten bosgarren gobernuburua da. 42 urte ditu, eta 1812az geroztik Erresuma Batuak izan duen lehen ministro gazteena izango da, baita asiar jatorriko aurrenekoa ere. Gurasoen aldeko bi aitona-amonak Indiakoak ziren.

Winchester ikastetxe elitistan egin zuen batxilergoa, eta Zientzia Politikoak, Filosofia eta Ekonomia uztartzen dituen ikasketak Oxfordeko Unibertsitatean. 2001ean lizentziatu zen, eta hurrengo hamarkadan zenbait finantza erakundetan lan egin zuen: besteak beste, Goldman Sachsen, Theleme Partnersen eta Catamaran Venturesen. 2010ean hasi zen Alderdi Kontserbadorearentzat lan egiten, eta bost urte geroago Komunen Ganberako diputatu aukeratu zuten. Hurrengo urtean, brexit-ari buruzko bozketan, dibortzioaren alde agertu zen, eta, horrenbestez, kontserbadoreen artean eskuinekoena den adarraren tesiarekin bat egin zuen.

Ogasun Ministerioko buru izan zen bitartean, leporatu zioten herritarrei emandako laguntzak ez zirela nahikoa izan, kontuan hartuta inflazioa nolakoa izaten ari zen. Haren asmoa da zergak handitzea inflazioa are gehiago igo ez dadin, eta ekonomia hazteko bidean jartzea, nahiz eta ez duen iragarri zer neurri hartuko dituen horretarako.

Mordaunt ez da iritsi

1922 Batzordeak joan den astean Trussek dimititu ondoren zehaztutako prozeduraren arabera, kontserbadoreek Komunen Ganberan dituzten 357 diputatuetatik gutxienez ehunek babestu behar zituzten hautagaitzak, eta, Erresuma Batuko hedabideek toryen iturriak aipaturik kaleratutako informazioen arabera, Sunakek 182ren babesa lortu zuen, gutxienez; diputatu toryen erdiena baino gehiagorena, alegia. Mordaunt Komunen Ganberako kontserbadoreen lider eta 2019an Defentsa ministro izandakoak ere bazuen hautagaitza aurkezteko asmoa, baina ez zuen nahikoa babes lortu. Jendaurrean 30 batek esan zuten babesten zutela, baina beren kanpainako bozeramaileek 12:30 inguruan esan zuten 90 zirela —14:00etan bukatzen zen epea—. Mordauntek lehian jarraitu izan balu, alderdiaren militanteek, 160.000 bat pertsonak, aukeratuko zuten lider berria, bozka bidez.

«Aurrekaririk gabeko garaiak dira hauek. Lidergorako primarioen egutegi estua gorabehera, argi dago kideek sentitzen dutela gaur-gaurkoz ziurtasunak behar ditugula», nabarmendu zuen Mordauntek, ohar batean. Trussek bere hutsegiteek eta alderdiaren kaosak bultzatuta dimisioa eman eta hurrengo egunean iragarri zuen hautagaitza aurkeztekoa zela, eta iruditzen zitzaion ehun diputaturen babesa lortuz gero aukerak edukiko zituela.

Sunakek herenegun goizean iragarri zuen aurkeztekoa zela. «Alderdiak hartzen duen erabakiak zehaztuko du britainiarren hurrengo belaunaldiak aurrekoak baino aukera gehiago edukitzea», esan zuen ohar batean. «Horregatik aurkezten naiz Alderdi Kontserbadorearen lidergoa hartzeko eta hurrengo lehen ministroa izateko. Ekonomia zuzendu nahi dut, alderdia batu, eta herrialdearekin ditugun konpromisoak bete nahi ditut». Johnsonek joan den uztailean dimisioa eman ondoren egindako primarioetan, Sunaken hautagaitzak izan zuen botorik gehien diputatuen artean, baina militanteek Trussen alde egin zuten. Aparatuaren babesa dauka Ogasun ministro izandakoak.

Ostiralean hedabideek adierazi zuten Johnson ere hautagaitza aurkeztekoa zela, baina herenegun gauean jakinarazi zuen uko egin ziola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.