Sunakek esan du Trussen «hutsegiteak konpontzeko» hautatu dutela lehen ministro

Erresuma Batuko gobernuburu berriak ohartarazi du «erabaki zailak» hartu beharko dituela. «Egonkortasun ekonomikoa» lortzea da haren helburua

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria, atzo, Downing Streeten 10.ean sartzear. TOLGA AKMEN / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Alderdi Kontserbadorearen lider berria, Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa da jada. Charles III.a erregeak «bere izenean» gobernua osatzeko eskatu zion atzo. Sunakek onartu egin zuen eskaria, eta Liz Truss gobernuburu ohiaren lekukoa hartu zuen ofizialki. Lehen ministro moduan egin zuen lehen mintzaldian, Sunakek esan zuen Trussek «huts batzuk» egin zituela: «Nire alderdiko lider eta zuen lehen ministro aukeratu naute, hein batean, hutsegite horiek konpontzeko. Lan hori berehala hasiko da», adierazi zuen Sunakek atzo, Downing Streeteko 10.era iritsi bezain pronto.

Buruzagi toryak azaldu zuen «egonkortasun ekonomikoa eta konfiantza» egongo direla bere agendaren muinean. Dena den, ohartarazi zuen «erabaki zailak» hartu beharko dituela hori lortzeko. Adierazi zuen ekonomia arloan «brexit-ak eman dizkigun aukerak» baliatuko dituela. «Eskola hobeak, kale seguruagoak, mugen kontrola eta ingurumenaren babesa» izango dira haren gobernuaren jardunaren ardatz nagusiak, azaldu zuenez.

Azken sei urteotan toryek izan duten bosgarren gobernuburua da Sunak. «Nire alderdiak 2019an eskuratutako agintea ez da norbanako baten jabetza: aginte hori denoi dagokigu», adierazi zuen lehen ministro berriak. Esan zuen bere helburu nagusia «konfiantza berriz biltzea» izango dela, «gertatu den guztiaren ondoren». Herrialdea «batzeko» borondatea ere erakutsi zuen: «Ez hitzekin, ekintzekin baizik». Alderdi Kontserbadore zatitua «batzea» ere bada lehentasun bat lehen ministro toryarentzat.

Hunt, Ogasun ministro

Jeremy Hunt Ogasun ministro izango da aurrerantzean ere Sunaken kabinetean. Trussek izendatu zuen kargu horretarako, aurrekoak dimisioa aurkeztu baitzuen zergen jaitsierak merkatuetan eta toryen artean eragindako «haserrearen» ondorioz. Hunten helburua Trussen zerga politika «zuzentzea» izan zen. Dominic Raab lehen ministrordea eta Justizia ministroa izango da. Boris Johnsonen kabinetean kargu berak izan zituen.

2020ko otsailetik aurtengo uztailera bitartean Ogasun ministro izan zen Sunak, eta atzo bihurtu zen Alderdi Kontserbadoreko lider. Haren hautagaitza baino ez zuten aurkeztu toryen primarioetara, Penny Mordauntek azkenean ez baitzuen lortu horietan lehiatzeko beharrezkoa zen babesa.

Erresuma Batuak azkeneko lau hilabeteotan eduki duen hirugarren lehen ministroa da Sunak. Johnsonek uztailean eman zuen dimisioa, eta Trussek, aurreko ostegunean. 42 urte ditu Sunakek, eta 1812tik Erresuma Batuak izan duen lehen ministrorik gazteena da, baita asiar jatorriko aurrenekoa ere. Gurasoen aldeko bi aitona-amonak Indiakoak ziren. Parlamentuko diputaturik aberatsena ere bada: 700 milioi libera esterlina inguru (800 milioi euro baino gehiago) dituzte bere emazte Akxata Murty enpresariak eta Sunakek.

Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak hauteskundeak antolatzeko eskatu zuen: «Toryek ekonomia suntsitu dute, soldata apalekin, prezio handiekin eta bizitzaren kostuaren krisiarekin. Jendeak beste hasiera bat behar du, eta Britainia Handiaren etorkizuna erabaki». Azkeneko inkesten arabera, Alderdi Laboristak botoen %50etik gora bilduko lituzke hauteskundeak gaur eginez gero.

Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroak Sunaki eskatu zion «soluzio bateratuak azkar adosteko» Europako Batzordearekin, Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzeko. Ardura partekatzen dutela ohartarazi zion Sunaki. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere «zoriondu» egin zuen Sunak, eta adierazi zuen «espero» duela Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremana «indartsua» izatea.

Trussek, autokritikarik ez

Sunak gobernuburu bihurtu baino minutu batzuk lehenago utzi zion atzo Liz Trussek Erresuma Batuko lehen ministro izateari. Atzo goizean egin zuen bere kabinetearen azken bilera, eta Buckingham jauregira joan zen, Charles III.ari bere dimisioa aurkeztera. Downing Streeteko 10.enetik irtetean egin zuen azken hitzaldia lehen ministro moduan. Adierazi zuen «inoiz baino argiago» duela herrialdearen erronkei «aurre» egin behar zaiela. Bere gobernuaren jarduna goretsi zuen, eta ez zuen autokritikarik egin.

Hala ere, dimisioa eman baino lehen, «barkamena» eskatu zuen Trussek aurreko astean, «hutsegiteengatik». Azken 50 urteetako zerga jaitsierarik handiena bultzatu zuen bere agintaldi laburrean, eta hori finantzatzeko, herrialdea zorpetzea proposatu zuen. Merkatuak eta toryak aurka azaldu zitzaizkion, eta izendatu zuen Ogasun ministro berriak —Huntek— Trussen zerga politika «zuzendu» zuen. Handik gutxira aurkeztu zuen dimisioa Erresuma Batuko historiako agintaldirik laburrena izan duen lehen ministroak.

«Gure herrialdea ekaitz bati aurre egiten ari zaio oraindik», ohartarazi zuen Trussek. Ekaitzaren aurka «arrakasta» opa dio Sunaki, «herrialdearen mesederako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.