COP27

Klima larrialdiaren galerak eta kalteak ordaintzeko funts bat onartu du EBk

Bruselak uste du herrialde «zaurgarrienentzat» izan beharko lukeela mekanismoak. Talde komunitarioak nabarmendu du Txinari ere badagokiola prozedura finantzatzen laguntzea

Joan den urrian euri jasek Pakistanen eragindako uholdeen ondorioz, milaka pertsonak toki garaiagoetara jo zuten. Argazkian, hiru lagun hori egiten. R. KHAN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ematen zuen COP27 klima larrialdiari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen goi bileran parte hartzen ari diren estatuak urrun zeudela klima krisiak eragindako galeren eta kalteen ordainerako funts bat sortzetik; are, horrelako mekanismo bat bideratzetik. Baina EB Europako Batasunak aurrerapauso bat eman du bide horretan. Izan ere, funts hori eratzeko proposamen bat plazaratu zuen atzo, eta, Frans Timmermans Europako Batzordearen klima politiken arduradunak nabarmendu zuenez, herrialde «zaurgarrienentzat» izango litzateke, eta hori diruz hornitu ahal izateko oinarriak «zabala» izan beharko luke.

Estaturik aberatsenak funtsaren aurka zeuden, argudiatuta denbora asko beharko litzatekeela zehazteko ea mekanismo hori beharrezkoa den eta nola funtzionatuko zukeen. Prozedurak erreferentzia egiten die klima baldintza muturrekoek herrialde pobreenetako azpiegitura fisiko eta sozialetan eragindako kalte eta galerei, baita ondorengo erreskate eta berreraikuntza lanen finantzaketari ere.«Ez zen gure asmoa funts bat edukitzea. Egiazki iruditzen zait aurrerapauso azkarragoak eman ahal izango genituzkeela oraingo tresnekin [klima larrialdia finantzatzeko]. Baina haiek [G77] funtsari hain lotuta agertu direnez, adostu egin dugu», azpimarratu zuenTimmermansek Xarm el-Xeikhen (Egipto) —han ari dira egiten COP27—.

Garabidean diren 130 herrialdek baino gehiagok eta Txinak osatzen dute G77 blokea, eta aste honetan planteatu du galeren eta kalteen funtsaren oinarriak prest egon behar duela hurrengo urtean Dubain egitekoa den COP28rako. Klima Aldaketari Buruzko NBEren Hitzarmena 1992koa da, eta horrek bi bloketan bereizten ditu herrialdeak: alde batetik daude garatutakoak, eta bestetik garabidean direnak.

Hain zuzen ere, oraindik ere bigarren multzoan dago Txina, nahiz eta, munduko ekonomietan bigarrena izateaz gain, atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea den. Horregatik, Txina aipatu gabe, baina finantzaketaz hitz egitean, Timmermansek mezu bat bidali nahi izan zion Pekini: «[Funtsak] oinarri hartu behar du herrialdeen 2022ko egoera ekonomikoa, ez1992koa».

G77koak, zuhur

Ikusteko dago nola erreakzionatuko duten gainontzeko herrialde aberatsek; batez ere, AEBek eta Txinak. Australiak, esate baterako, jakinarazia du funtsa eratzeko konpromisoa hartu duela. «Sakon aztertu nahi dugu beste instituzio batzuek —kasurako garapenerako bankuek— zer ekarpen egin diezaioketen funts horri», zehaztu zuen Chris Bowen Klima Aldaketarako ministroak. Pauso bat harago joan da Kanada: nabarmendu du baietz, ados dagoela EBren proposamenarekin, baina Steven Guilbeault Ingurumen ministroak The Guardian egunkariari adierazi zion «Txinak, Saudi Arabiak eta Qatarrek, besteak beste», funtsa finantzatu beharko luketeela, aintzat hartuta historikoki zenbat CO2 isuri duten eta «haien aberastasuna» zenbatekoa den.

G77ko herrialdeak proposamena aztertzen ari dira. The Guardian-ek jaso zituen, atzo, bloke horretako negoziatzaileetako baten hitzak, eta, haren esanetan, G77«hautsi» ahal izateko EBren «aurreikusitako ahalegin bat» da proposatutakoa. «Baina, noski, ez da aurrerapauso bat. Beren hasierako posizio negoziatzailea errepikatu baizik ez dute egin, konpromiso bat dutelako plantak eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.