Israel paralisi politikotik atera da eskuin muturraren bitartez

Netanyahu lehen ministro izango da berriz, Alderdi Sionista Erlijiosoari esker: supremazistak, kolonoak eta homofoboak izateaz harro dauden buruzagi batzuek osaturiko talde bat da

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro kargura itzuliko da, eskuin muturraren babesari esker. ABIR SULTAN / EFE.
Beirut
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Adinean aurrera noa, helduagoa naiz orain, eta ulertu dut bizitza konplexuagoa dela». Horra hor artikulu baten zatia, azaroaren 1ean Israelen hauteskundeak egin eta egun gutxira argitaratua; Israel Hayom egunkariaren azalean publikatu zen, Israelen gehien irakurtzen den egunkariaren azalean. Artikuluaren sinatzaileak lasaitasun mezu bat bidali nahi zien hauteskundeetan izan duen arrakastaren ondorioz arriskuan sentitu direnei. Edo, agian, nazioarteko komunitateari ari zitzaion hizketan, hura eskandalizatuta baitago ikusirik supremazismoa iritsi dela Israelgo Gobernura. Itamar Ben-Gvir da lerro horien egilea: Israelgo agintariek 50 aldiz baino gehiago leporatu diote bandalismoa egitea, gorrotora bultzatzea eta «erakunde terrorista bat» babestea. Orain, ordea, Israelgo eskuin muturrean modan dagoen gizona da, eta Segurtasun Publikoko ministro izango da, baita Poliziaren buru ere, oraintsu arte segika zuen Polizia horren buru.

Eskuin-eskuinera eginda aurkitu du herrialdeak paralisi politikoari amaiera emateko bide bakarra; duela hiru urte eta erdi hasi zen geldialdia, eta luze jotzen ari zen. Tarte horretan, bost aldiz segidan egin behar izan dituzte hauteskundeak gehiengo garbiak osatu ahal izateko, eta herrialdearen ohiko joera kontserbadorean segitzea aukeratu dute hautesle gehienek.

Oposizioan urte eta erdi egin ondoren, itxuraz berezkoa zaion tokira itzuli da Benjamin Netanyahu —printzipioz, bihar aukeratuko dute—: lehen ministro karguan izango da berriz, 16 urtez bete duen karguan hain zuzen.

Likudeko burua berriz boterean egongo ez balitz, agian espetxeratu egingo lukete, hiru ustelkeria kasu baitaude zabalik haren kontra; eta, hain zuzen, eskuin mutur ezin lotsagabeagoari esker lortu du salbatzea. Netanyahuren alderdia, hauteskundeetako irabazlea, lanean aritu da azken sei asteetan gobernua osatzeko. Asteazkenean, Likudeko buruak Israelgo presidente Isaac Herzogi jakinarazi zion lortua zuela indarrak batzea talde ultraortodoxoekin eta Alderdi Sionista Erlijiosoarekin, zeina bozetako irabazle morala izan baita. Muturreko taldeen koalizio horretako buruek jendaurrean erakutsi ohi dute harro daudela arrazistak, kolonoak eta homofoboak izateaz, eta, bi urtez Israelgo Parlamentutik kanpo egon eta gero, herrialde osoan boto gehien lortu duten indarretan hirugarrena da orain koalizio hori.

Ben-Gvirren gorrotoa aspaldikoa da. Soldaduskan ez zuten onartu, «estremista» izateagatik. Etxean, gaztetan, Baruch Goldsteinen argazki bat zeukan paretan zintzilik: Zisjordania okupatuko Hebron hirian meskita baten aurkako atentatu bat egiteagatik zen ezaguna. Ramadan bete-betean egin zuen erasoa, eta barruan errezoan ari ziren 29 lagun hil zituen.

Nahiz eta Ben-Gvir nabarmendu den gehien Alderdi Sionista Erlijiosoaren hauteskundeetako abenturan, taldean badaude eskuin muturreko beste buru batzuk ere, eta antzeko ikuskera dute denek: elkarrekin lan eginez, heriotza zigorra ezarri nahi diete «terroristei» Israelgo politikagintzako askok hala deitzen diete okupazioaren aurka dauden palestinarrei; herrialdetik kanporatu nahi dituzte Israeli «desleial» zaizkion herritarrak; eta immunitatea aplikatu nahi diete soldaduei eta politikariei.

Israelek eskuinera egin duen bidea duela urte batzuk hasi ziren prestatzen, baina, Israelgo Demokraziaren Institutuko doktore Or Anabik baieztatu duenez, azkenaldiko gertakari batzuek bizkorrarazi egin dute. «2021ean Jihad Islamikoaren aurka egindako operazio militarra izan zen gertakari horietako bat», esan du antropologoak, Gazako zerrendan kokatutako talde armatuaz ari delarik.

Palestinako taldearen eta Israelgo Gobernuaren arteko 11 eguneko gerra hartan, 250 lagun baino gehiago hil ziren Gaza blokeatuan, eta 14 Israelgo lurretan. Aste haietan, Anabik gogoratu duenez, «liskarrak izan ziren Israelgo hiri mistoetan», hau da, Israelgo herritartasuna duten judu eta palestinarrak nahastuta bizi diren udalerrietan.

Beldurra baliatuta

Ikusirik gertakari horiek nolako indarkeria eta beldurra sortu zuten, «Ben-Gvir eta eskuin muturreko beste buruzagi batzuk hiri mistoetara joan ziren, eta, kamerari begira, esan zuten: 'Ikusten? Juduak eta arabiarrak ezin dira elkarrekin bizi; bereizita egon behar dute, bestela arabiarrak kontra etorriko zaizkigu-eta halako batean'».

Orduantxe hasi zen Ben-Gvir azaltzen palestinarren ustezko mehatxua geldiarazteko hautagai gisa: «Aukera hori baliatu zuen hautesleei ziurtatzeko bera gai izango zela Israelgo arabiarrak kontrolatzeko, eta esan zuen atxilotu egingo zituela, baita hiri mistoetako indarkeria geldiarazi ere», gogoratu du Anabik. «Muturreko alderdiak Israelen nola zabaldu diren ikertuz gero, argi ikusten da momentu hura funtsezkoa izan zela».

Baliteke supremazismoak luzaroan irautea Israelgo boterean. Beren burua ezkerreko boto emailetzat jotzen duten Israelgo herritar juduen kopurua %11ra jaitsi da, eta beren burua publikoki eskuinekotzat daukatenak, berriz, %63 dira. Ideia kontserbadoreen gorakada bereziki nabarmena izan da gazte juduen artean: askok modako pertsonaiatzat daukate Ben-Gvir.

«Gure inkesten arabera, 18 eta 24 urte arteko gazteen %72k eskuineko boto emailetzat daukate beren burua», azaldu du Anabik. «Aitzitik, %8k bakarrik esan dute ezkerrekoak direla». Ondorioztatu duenez, datu horiek ikusita «imajina daiteke zer gertatuko den etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.