Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Alemaniaren ustez, aliatuek defentsan aritu beharko lukete Ukrainan, ez erasoan

Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen taldeak ez du erabaki bat hartu Ukrainara Alemanian fabrikatutako tankeak bidaltzeaz
Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroa azalpenak ematen, atzo, Ramsteinen (Alemania).
Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroa azalpenak ematen, atzo, Ramsteinen (Alemania). RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko urtarrilak 21

Europar Kontseiluak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta AEBek argi dute: Ukrainari emandako laguntza militarra beste fase batera eraman behar da, eta Mendebaldeak armamentu astunarekin hornitu behar du. Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak bilera egin zuen, atzo, Ramsteinen, AEBek Alemanian duten base militar batean, eta eztabaidagai izan zuten, nagusiki, Alemaniak fabrikatutako Leopard 2 tankeak Ukrainara bidali edo ez. Baina ez zuten erabakirik hartu.

«Ez da mantsotzeko garaia, harago joatekoa baizik. Garai erabakigarria da», eskatu zien Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak 50 bat estatutako Defentsa ministroei. Washingtonek herenegun iragarri zuen beste 2.400 milioi euroko diru sail batez hornituko duela Kiev, militarki; ez dira aireko defentsa sistemak soilik izango, orain arte nagusiki egin bezala, baizik eta baita tankeak, misilak eta munizioak ere.

Alemaniak zalantzak ditu beste pauso hori emateko. Uzkur jokatzen ari da, eta, bileraren ostean, Boris Pistorius Defentsa ministro berriak adierazi zuen oraindik ez dutela erabaki bat hartu. Alemaniak ez ezik, Kanadak, Espainiak, Danimarkak, Finlandiak, Greziak, Norvegiak, Poloniak eta Suediak ere badituzte tanke horiek, baina Berlinen, ekoizlearen, baimena behar dute Ukrainari tanke horiek uzteko. Poloniak eta Finlandiak dagoeneko jakinarazi dute Ukrainara bidean jarriko lituzketela haien esku balego. Merkatu militarreko sofistikatuenetakoak dira 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik Alemanian fabrikatutako tanke horiek.

Pistoriusen esanetan, badaude arrazoiak Ukrainara halakorik bidaltzeko, baina, «gerra nola joan den ikusita», baita kontrako hautua egiteko ere. Halere, azpimarratu zuen horiek Ukrainara bidaltzeko prest daudela, «aliatuekin akordio bat eginez gero». Aurretiko pauso gisa, tankeak zein egoeratan dauden berrikusteko agindu du. Nabarmendu zuen, nolanahi ere, Ukrainaren aireko defentsa sistemak izan beharko lukeela Mendebaldearen lehentasuna.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, ordea, aspalditik ari da erasorako armamentu astuna eskatzen, eta atzo ere, telematikoki, hori berretsi zuen Defentsa ministroen batzarrean. AEBena ere erasorako deia da, eta, hain justu, Oleksii Reznikov Defentsa ministroak Ramsteinen zerrendatu ditu zeintzuk diren Ukrainaren lehentasunak. Lehenik, aireko defentsa sistema gehiago jasotzea. Bigarrenik, Ukrinform berri agentziak kaleratu zuenez, Mendebaldeko aliatuek «erasorako» arma gehiago ematea: «obusak, munizioa, erregaiak...». Eta, «hirugarrenik», munizio hornikuntza sistematikoa eta armen eta ekipamenduaren mantentze lana bermatzea. Zelenski areago joan zen atzo egindako eskaeran, eta F-16 gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak eskatu zituen.

Alemaniako zenbat hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra prest dago tanke horiek gerrara bidaltzeko, baina baldintza batekin: AEBek Abrams tankeak bidaltzea Ukrainara. Pentagonoak jakinarazi zuen, ordea, orain ez duela horretarako asmorik. Defentsa Departamentuko bozeramaile Sabrina Singhek arrazoi logistikoak planteatu zituen herenegun, prentsaren aurrean, erabakia justifikatzeko: «Abrams baten mantentze lanen kostuaren ondorioz, zentzugabea da orain ukrainarrei ematea». Zehaztu zuen errazagoa dela Leopard 2en eta Challengerren mantentze lana —Erresuma Batuak Ukrainara bidaliko dituen tankeak—, ez dutelako, Abramsek bezala, hegazkinentzako erregaia behar. Nolanahi ere, atzo, Alemaniako Gobernuko bozeramaile Steffen Heberstreitek ukatu egin zuen Alemaniak baldintza hori jarri duela.

Abenduan AEBek erabaki zutenean Ukrainari Patriot aireko defentsa sistema bidaltzea, Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak nabarmendu zuen sistema «defentsiboa» dela, eta horrek ez zuela esan nahi horren ondorioz gerra areagotuko zenik. Baina Pentagonoak beste fase batera eraman nahi du laguntza militarra. «Errusiarrak berriro elkartzen ari dira, errekrutatzen, eta hornitzeko ahaleginean», ohartarazi zuen Austinek, erabakia argudiatzeko.

Ez da «esajeratu» behar

Errusiako Gobernuaren arabera, ez da «puztu» behar arma astun horiek gerran erabakigarriak izateko duten gaitasuna. «Adituek badakite zein arazo egon daitezkeen. Tanke horiek guztiek mantentze lanak eta konponketak behar dituzte», nabarmendu zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo, egunero egiten duen prentsaurrekoan. Iruditzen zaio arma horiek buruhauste ugari ekarriko dizkiotela Ukrainari, eta ez dituztela oztopatuko «Errusiaren aurrerapausoak». Ohartarazi zuen, bide batez, Mendebaldeko aliatuen erabakiek «ondorio negatiboak» izango dituztela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaia Espainiako Kongresuan, joan den astean ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Aurreikusita dagoen porrot bat oholtzaratu ahal izateko prozesua

Igor Susaeta

Nuñez Feijoo PPkoa Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute gaur Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka izendatua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan
Kosovoko polizia talde bat, atzo, Kosovo iparraldeko Banjska herriaren ondoko bidegurutze batean. ©DJORDJE SAVIC / EFE

Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu du azken erasoak

Gorka Berasategi Otamendi

Talde baten eta Kosovoko Poliziaren arteko tiroketa batean bost lagun hil ziren igandean. Pristinak Belgradi leporatu dio erasoaren erantzukizuna
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Alberto Nuñez Feijoo PPkoa, joan den astean, Kongresuan. ©EFE

Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua

Igor Susaeta

Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...