Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Jerusalemgo sinagoga batean

Israelgo armadak ustezko egilea hil du, eta erasoa «terroristatzat» jo. Hamasek ekintza goratu du, bere gain hartu gabe. Palestinak bost suziri jaurti ditu Gazatik Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du

Israelgo larrialdi zerbitzuetako langileak eta Polizia, atzo, erasoa gertatu zen lekuan, Jerusalem ekialdeko sinagoga batetik gertu. ATEF SAFADI / EFE.
Mikel O. Iribar - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Israelgo indarrek Palestinako milizien eta zibilen aurkako sarekadak egin dituzte azken egunotan, eta batzuk hil dituzte; herenegun, esaterako, hamar palestinar erail zituzten, tiroz, bi oldarralditan. Bada, pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil zituen atzo, tiroz, Jerusalem ekialde okupatuko sinagoga bati egindako erasoan. Hala jakinarazi zuen Israelgo Atzerri Ministerioak. Ustezko erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina Israelgo Poliziak berehala hil zuen, tiroz. Jerusalem Post egunkariak Poliziaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, ustezko egileak «atentatua» egin aurretik ez zeukan loturarik «terrorismoarekin».

Neve Yaakov auzoan jazo zen erasoa, okupatutako Jerusalem ekialdeko kolono juduen eremuan. Poliziak azaldu zuenez, ustezko egileak auto batetik israeldar talde baten aurka tiro egin zuen, eta, gutxienez zazpi hildako eragiteaz gain, beste hiru lagun ere zauritu zituen, eta larri ospitaleratu zituzten.Poliziak «terrorismo larritzat» jo zuen erasoa.

Oldarraldia jazo ostean, Hamas Palestinako organizazio politiko islamistak goratu egin zuen sinagogaren aurka egindako ekintza hainbat meskitatako bozgorailuetatik, erasoa bere gain hartu gabe. Hori bai, Hamaseko eledun Hazem Qassemek Reuters berri agentziari adierazi zionez, Israelek Palestinako «okupazioan eragindako krimenen aurkako erantzuna» izan zen atzoko erasoa. Jihad Islamikoak ere erasoa goraipatu zuen, baina hark ere ez zuen bere gain hartu.

Israelgo armadaren eta Palestinako milizien arteko erasoak areagotu egin dira, herenegun Zisjordania okupatuko errefuxiatuen kanpamentu batean Israelgo indarrek hamar palestinar hil ostean. Palestinako milizien erantzuna atzo goizaldean iritsi zen: Gazatik zenbait suziri jaurti zituzten Israelgo lurraldera, baina ez zuten biktimarik eragin. Israelgo armadak Hamasi egotzi zion erasoaren erantzukizuna —Hamasek du Gazaren kontrola—. Suziri jaurtiketaren ostean, Israelgo armadak Gaza bonbardatu zuen. Israelen arabera, Hamasek erabiltzen duen base militar bati eraso zioten, eta ez zuten inor zauritu.

Aireko erasoak Gazan hasi ziren, atzo goizaldean, Palestinako miliziek bost suziri jaurti zituztenean Israelera. Horietatik hiru Israelen aireko defentsa sistemak atzeman zituen, beste bat biztanlerik gabeko eremu batean erori zen, eta bosgarrena, berriz, Gazan. Israelgo armadak berehala adierazi zuen Gazako zerrendatik abiatutako eraso guztien erantzulea Hamas izan zela, eta ohartarazi zuen «ondorioak» jasango dituela «Israelen kontra segurtasuna urratzeagatik».

Yoav Gallant Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak armadari agindu zion «ekintzarako prest» egoteko. Handik gutxira, Israelgo armadaren hegazkinak Gazara joan ziren, eta bonbardatu egin zuten. Sheikh Saleh al-Arouri Hamaseko buruzagiak esan zuen «Gazako erresistentzia» ez dagoela Zisjordanian gertatzen ari denetik «aparte».

Zisjordania okupatuko indarkeria areagotzen ari da iaztik. Iaz, 170 palestinar hil zituzten Israelgo militarrek lur okupatuan; horietako batzuk milizianoak ziren, baina beste asko ez. 2006an Bigarren Intifada amaitu zenetik izandako urterik odoltsuena izan zen iazkoa. Aurten, gutxienez 30 palestinar hil ditu Israelgo armadak Zisjordanian.

Herenegungo eguna azkenaldiko bortitzena izan zen. Gutxienez hamar palestinar hil zituzten Israelgo militarrek, Zisjordania iparraldeko Jenin hirian egindako sarekada batean eta Jerusalem ekialdean egindako erasoan. Palestinako Osasun Ministerioak iragarritakoaren arabera, beste hogei lagun inguru ere zauritu zituzten; horietatik lau, larri.

PANen erabakia

Israelgo armada Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan sartu zen herenegun goizean, «eraso terrorista bat eragozteko». Mai al-Kaila Palestinako Osasun ministroaren arabera, egoera «oso kritikoa» pairatzen ari dira. Arratsaldean, errefuxiatuen kanpamentuan eraildako lagunen hiletak egiten ari zirela, liskarrak izan ziren Palestinako hainbat herritarren eta Israelgo soldaduen artean, Zisjordaniako zenbait eremutan. Liskar horietan, Israelgo indarrek beste palestinar bat erail zuten, tiroz; herenegungo hamargarrena.

Israelgo armadaren erasoen aurrean erreakzionatu zuen atzo PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Adierazi zuen «guztiz» eten duela segurtasunaren alorrean Israelgo armadarekin zuen lankidetza. «Okupazioaren gobernuarekin genuen segurtasun lankidetza ez da existitzen hemendik aurrera», adierazi zuen Nabil Abu Rudeineh PANeko bozeramaileak. Urgentziazko bilera bat antolatu zuen PANek atzo, «ikuspegi nazional integral bat» adosteko, eta «Israelen erasoen aurrean» elkartzeko.

Gainera, PANeko bozeramaileak adierazi zuen gertatutakoa salatzeko asmoa duela Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan eta Nazioarteko Justizia Auzitegian. Palestinako Atzerri Ministerioak nabarmendu zuen «justizia» bilatuko dutela, eta Israelek «kontuak eman» beharko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.