Gerra Ukrainan

NATOrentzat, Ukrainari gerra abioiak ematea ez da marra gorri bat

Aliantza militarreko idazkari nagusiak esan du Kievi emandako laguntza militarra «gerra garatu ahala» aldatuko dela. Pentagonoak adierazi du «udaberrian» espero duela Ukrainaren erasoaldia

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, atzo, Bruselan, hedabideen aurrean hitz egiten. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen diskurtsoan egunetik egunera gero eta garbiago geratzen ari da Ukrainari gerra hegazkinak ematea ez dela zeharkatu ezinezko marra gorri bat. Jens Stoltenberg aliantzaren idazkari nagusiak adierazi zuen, herenegun, abioien gaiaz hitz egiten ari direla aliatuak, eta, atzo, urrats bat gehiago egin zuen arlo horretan, nahiz eta esan uneotan hori ez dela Ukrainako gerrari dagokionez «presarik handiena» duen auzia. Hori bai, hau gaineratu zuen: «Ukrainari emandako laguntza moldea aldatu eta garatu egin da denborarekin. Eta aldatzen eta garatzen jarraituko du gerra hau garatu ahala». Hau da, tankeak entregatzea adostu zuten bezala, gauza bera egin dezaketela hilabete batzuk barru gerra hegazkinekin.

Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak Bruselan bilera egin aurretik mintzatu zen Stoltenberg, eta argitu zuen, aferarekin lotuta, Erresuma Batua Ukrainako armadako pilotuak entrenatzen hasi dela. Izan ere, lehengo astean, Ben Wallace Defentsa ministroak iradoki zuen «ziurrenik gatazkaren ondoren» jasoko zutela formakuntza.

Mendebaldeko aliantza militarreko buruzagiaren adierazpenek talka egiten dute, neurri batean, gerra hegazkinak bidaltzeaz Alemaniak eta AEBek plazaratutako jarrerarekin. Urtarril amaieran Mendebaldeko blokeak Ukrainari erasorako tankeak entregatzea adostu ondoren, Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak eta Olaf ScholzAlemaniako kantzilerrak esan zuten, bakoitzak bere aldetik, ezetz, ez zizkiotela abioiak emango Kievi. Aintzat hartu behar da AEBak direla, aldi handiz, aliantzari diru ekarpen handiena egiten dion herrialdea.

Stoltenbergek eskatu zien atzo aliatuei agindutako armamentu astuna, aireko defentsa sistemak eta munizioa laster entregatzeko Ukrainari, eta defentsako industria indartzera deitu zuen.

Horren guztiaren harira, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak atzo aurreratu zuen, Bruselan, «udaberrian» espero dutela Ukrainaren erasoaldia. Zehaztu zuen, bide batez, aliatu bakoitzaren armadak zein konpromiso hartu dituen: AEBak, Alemania eta Herbehereak lankidetzan ari dira Patriot aireko defentsa sistemak emateko; Frantziak eta Italiak Ukrainaren aireko defentsa indartuko dute SAMP/T sistemarekin; eta Alemania, Polonia, Kanada, Portugal, Espainia, Norvegia, Danimarka eta Herbehereak hitz egiten ari dira ehundik gora Leopard tanke emateko. AEBak, Txekia, Polonia eta HerbehereakT-72 eta T-70 borrokarako 90 bat ibilgailu blindatu entregatzekoak dira.

Finlandia eta Suedia

Mendebaldearen jarrera ikusita, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo esan zuen «etsaitasuna» transmititzen duen erakunde bat dela NATO. «Bere eskura dagoen guztia egiten ari da gatazkan duen parte hartzea gero eta argiagoa izateko».

NATOko Defentsa ministroek bilera bat egin zuten atzo Bruselan, eta gaur berriro bilduko dira Finlandiako eta Suediako beren parekoekin, bi herrialde horien kide bihurtzeko prozesua nola doan aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.