Gerra Ukrainan

Xirengan eragiteko asmoarekin

Macron eta Von der Leyen Txinan egongo dira etzi arte, eta estatuburuarekin batzartzekoak dira bihar. Eskatuko diote Zelenskiri ere aurkez diezaiola Ukrainarako bere egitasmoa

Mohammed Badra / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Txinak bitartekari rola jokatu asmo du nazioartean, eta, besteak beste, nahi du EB Europako Batasunak bat egitea Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko plazaratu duen planarekin. Brusela, nolanahi ere, eszeptiko agertu da, eta, egitasmoan jasotakoak gorabehera, iruditzen zaio Pekin Kremlinekin lerratuta dagoela. Hori bai, Txina ez du baztertu nahi, bai baitaki hura dela Errusiako Gobernuaren erabakietan eragin dezaketen bakarrenetako bat, biak aliatuak izaki. Orduan, gaur hasi eta etzi arte, Txinan egongo dira Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoa. Bihar bilduko dira Xi Jinping Asiako erraldoiko estatuburuarekin, eta harengan eragiteko asmoa dute.

Aldebiko bilerak egingo dituzte, horietako batean hirurak ere elkartuko dira, eta eskatuko diote, batetik, ez dezala Errusia militarki lagundu. Frogarik ez dute erakutsi, baina AEBak esaten ari dira azkeneko asteotan Pekinek mahai gainean duela Moskuri armak emateko aukera. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere kezka agertu du, baina nabarmendu ez duela frogarik hori baieztatu ahal izateko. Pekinek eta Errusiak ukatu egin dute, eta, bide batez, aurrenekoak ohartarazi du, konponbiderako planean, arma nuklearrak erabiltzea eragotzi beharko litzatekeela.

Bestetik, Macronek eta Von der Leyenek Xiri eskatuko diote mintza dadila Volodimir Zelenskirekin ere. Ukrainako presidenteak behin baino gehiagotan adierazi du Txinako estatuburuarekin bildu nahiko lukeela. Aintzat hartu behar da Xi eta Vladimir Putin Errusiako presidentea duela bi aste bildu zirela Moskun, eta bi herrialdeak bazkide estrategikoak direla.

Von der Leyenek eta Macronek bidaia baliatuko dute, gainera, Xik otsail bukaeran planteatutako konponbiderako egitasmoaren berri zuzenean jakiteko. Hamabi puntu ditu, eta, finean, su eten baterako deia egiten die aldeei, baita hitz egitekoa ere; halere, Errusiari ez dio eskatzen tropak Ukrainatik ateratzeko.

Txinako estatuburuak Moskura egindako bidaia amaitu zenean eman zuten Frantziako presidenteak eta batzordekoak gaur hasiko duten biraren berri. Dena den, azken hilabeteetan Europako beste lider batzuk ere bildu dira Xirekin: Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra azaroan, Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea abenduan, eta Pedro Sanchez Espainiakoa lehengo astean.

Eliseoko buruzagiak arnasa pixka bat hartu ahal izango du Txinan. Erretretaren erreforma dela eta, azkeneko asteotan haren kontrako protesta jendetsuak egin dituzte Frantziako Estatuan. Badu, gainera, Ukrainako auziaren harira, bere irudia indartzeko beharra. Izan ere, iaz, inbasioaren aurretik, behin baino gehiagotan hitz egin zuen Putinekin —bai aurrez aurre eta bai telefonoz—, eta bere burua bitartekari gisa aurkeztu zuen, baina, azkenean, Errusiako indarrak Ukrainan sartu ziren. Gogor kritikatu zuten horregatik guztiagatik.

Eta Von der Leyeni dagokionez, ostegunean emandako hitzaldi batean esandakoei erreparatu behar zaie. Adierazi zuen Txina munduko ordena aldatu nahian ari dela, «bere nagusitasuna inposatu» ahal izateko. Eta uste du horretarako baliatzen dituela «hertsatze ekonomikoa eta komertziala». EBren eta Pekinen harreman komertziala, hain zuzen, sendoa da, baina Von der Leyenek hori «orekatzeko» deia egin zuen, eta iradoki, bide batez, Pekinek ez dituela norbanakoen eskubideak babesten. Txina lotura ekonomikoen bidez erlazionatu da nazioartean azkeneko bi hamarkadetan, eta, batzordeko presidentearen diskurtsoaren ondoren, deseroso agertu zen. «Hitzaldi horrek desitxuratzeak ditu, eta Txinaren politiken eta posizioen interpretazio okerra egin du», esan zuen Fu Congek, Txinak EBn duen enbaxadoreak.

«Gezurrezko» akusazioak

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentea Moskura gonbidatu du Putinek, Kremlinek atzo jakinarazi zuenez. Lula eta Xi datorren astean dira biltzekoak, Txinan. Urtarrilean, Lulak esan zuen nazioarteko aliantza bat osatu asmo duela gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko.

Bestalde, Errusiaren haurren eskubideentzako komisario Maria Lvova-Belovak atzo adierazi zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak Errusiari egindako akusazioak «gezurrezkoak» direla. Ukrainako haurrak Errusiara deportatzea egotzita, Putin atxilotzeko agindu zuen Hagak duela ia hiru aste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.