Herri harresia Caracasen

Maduroren kontrako atentatu saiotik bi egunera, milaka lagun atera dira kalera presidenteari babesa ematera. Fiskalak dio erantzule guztiak atxilotu dituztela

Nicolas Maduroren jarraitzaileak, atzo, gorriz jantzita, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Herri harresi gorria egin zuten atzo Caracasen. Nicolas Maduroren kontra larunbatean izandako atentatu saioa salatzea izan zen Ezin izan zuten eta ezin izango dute lelopean egindako manifestazioaren asmoa. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren ekinaldiak babes zabala izan zuen: Morelosetik Miraflores jauregiraino —presidentearen egoitza ofizialeraino— joan ziren herritarrak, presidentearen aldeko mezuak oihukatuz —«hemen dago zure herria»—, eta «maitasunezko ezkutu bat» osatuz. Herritarrek bere egin zituzten agintariaren hitzak. Madurok, izan ere, hitz horiek baliatu zituen erasotik onik atera ostean: «Dronea niregana zetorren, baina beti babesten nauen maitasunezko ezkutu bat zegoen. Ziur naiz luze biziko naizela».

Eraso saiakera larunbat arratsaldean izan zen. Guardia Nazional Bolivartarraren sorreraren 81. urtemuga ospatzen ari ziren, eta, presidentea militarren aurrean mintzatzen ari zela, kilo bana lehergailu zuten bi drone zartarazi zituzten. Segurtasun indarrek biak antzeman zituzten, eta norabidez aldatu zituzten; horregatik, perimetrotik kanpo lehertu ziren. Iturri ofizialen arabera, zazpi soldadu zauritu ziren.

Maduroren hitzaldia telebistan eta irratian zuzenean ematen ari zirela gertatu zen eraso saiakera, hain zuzen, duela astebete iragarritako neurri ekonomikoezari zela. Jorge Rodrigez Informazio ministroa izan zen «atentatua» salatzen aurrenekoa. Oposizioko «eskuin muturreko» ordezkariek «praktika kriminalak» baliatzen dituztela adierazi zuen.

Madurok gauean egin zuen agerraldia, eta sozialismoaren eta iraultza bolivartarraren aldeko mezua helarazi zuen: «Gaur, atentatu honen ostean inoiz baino gehiago, borrokarako prest nago,iraultza egiteko eta eskura daukagun bide bakarretik irabazteko, bakearen bidetik».

Presidenteak, baina, mugen barruko eta kanpoko «ultraeskuindarrei» leporatu zien bere kontrako konplota. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiaren «eskua» erasoaren atzean dagoela ere adierazi zuen, eta, horrez gain, zehaztu erasoaren egile intelektualak eta babesle finantzarioak non zeuden: «Floridan antolatu dute dena». Donald Trump AEBetako presidenteari ere mintzatu zitzaion, «talde terroristei» aurre egin diezaiela eskatuz. Venezuelaren kontrako gerra ekonomikoaren atzean bi herrialde horiek daudela aipatu izan du aurretik ere agintariak.

Erantzuleak, identifikatuta

Atzo goizean, Tarek Saab fiskal nagusiak jakinarazi zuen atentatuaren egileak identifikatuak daudela. Haren hitzetan, eraso saiakera ez zen izan soilik «magnizidio saio bat», baizik eta «sarraski saio bat».

Venezuelako segurtasun indarrek jada sei lagun atxilotu dituzte erasoarekin lotura dutelakoan. Nestor Reverol Barne ministroak atzo azaldu zuenez, hainbat hoteletan egindako miaketetan «froga oso garrantzitsuak» atzeman zituzten. Haren hitzetan, zantzuek frogatzen dute atentatua «terrorismo delitua eta magnizidio zapuztua» izan zela: «Terrorista eta sikario horiek indarkeria espiralean sakondu dute».

Oscar Perez polizia ohiak zuzentzen duen talde armatuaren hondarrekin zerikusia omen dute atxilotutakoek. Polizia ohia joan den urtarrilean hil zuten poliziek, segurtasun indarren kontrako eraso batean. Perez pilotua zen, eta aurretik ere saiatu zen agintariaren kontrako erasoak egiten; azken aldiz, iazko ekainean.

Jorge Arreaza Venezuelako kantzillerrak talde horren inguruko zehaztasun gehiago eman zituen: «Zelula desegin zenean, hainbat orduko negoziazioaren eta halabeharrezko gatazkaren ondoren, zenbait gobernuk elkartasuna adierazi zieten terroristei, eta zenbait presidentek legez kanpoko exekuzioa izan zela ere esan zuten; ikusi orain ondorioak zein diren».

Ezker-eskuin dikotomian zatituta dagoen kontinentean ideologiaren araberakoak izan ziren erreakzioak. Bogotak eta Washingtonek ukatu egin dute atentatuarekin zerikusirik izatea. Txilek, berriz, akusazioen inguruko frogak eskatu dizkio Venezuelari. Kuba, Bolivia, El Salvador eta Nikaraguako ordezkariek, berriz, babesa agertu diote Madurori.

Polarizazioaren erakusle

Venezuela guztiz polarizatuta dagoen herri bat dela agerian utzi dute erasoaren osteko erreakzioek ere. Oposizioko indarrek erasoa bera auzitan jarri dute, eta chavismoari leporatu diote horrelako trikimailu bat asmatzea, konspirazio politiko bat egitea, arreta «egiazko arazotik» desbideratzeko: «Giza hondamenditik». Fronte Zabalak termino horietan idatzitako komunikatu bat

zabaldu du. Leopoldo Lopezen Herri Borondatea alderdiak, berriz, erasoa oposizioaren kontrako «jazarpena areagotzeko» justifikazioa dela adierazi zuen atzo.

Chavisten analisia oso bestelakoa da. Atentatu saioa krisi ekonomikoari aurre egiteko egitasmoa aurkeztu eta astebete eskasera gertatu izana ez da kasualitatea.Susperraldirako, Hazkunderako eta Goraldi Ekonomikorako Plana uztaileko azken egunean aurkeztu zuen gobernuak, eta horri esker egonkortasuna lortzea espero du. Madurok berak zehaztu du abuztuaren 20tik aurrera martxan jarriko den egitasmoak «arrakasta» izango duela eta horregatik «etsi-etsian» ari direla.

Venezuela petrolio ekoizle handiena bada ere, krisi ekonomiko larrian dago; atzerritik ezarritako zigor ekonomikoak produktuen eskasia eragin du, eta horrek, inflazioa handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.