Indonesian tsunamiaren ondorioz hildakoen kopurua 429ra igo dute

Agintariek jakinarazi dutenez, 1.459 lagun daude zaurituta, eta beste 154 desagertuta. Egunotako euriteek zaildu egin dituzte erreskate lanak. Baieztatu dute sumendi batek eragin duela ezbeharra

Tsunamiak kalte material handiak eragin ditu. ADI WEDA / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ezbeharra gertatu eta lau egunera, egoera gero eta dramatikoagoa da Indonesiako Java eta Sumatra uharteetan: tsunamiaren ondorioz hildakoen kopurua 429ra igo zuten atzo agintariek, eta ohartarazi zuten oso litekeena dela hildako gehiago aurkitzea. BNPB Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionalaren eledun Sutopo Purwo Nugrohok jakinarazi zuenez, 154 lagun daude desagertuta, eta 1.459 zaurituta. Kalte materialak ere nabarmenak izan dira: 882 etxebizitza, 73 hotel eta 430 barku suntsitu ditu tsunamiak.

Larunbatean, Krakatoa irlan dagoen Anak Krakatau sumendiaren erupzioak itsas azpiko lurraren irristatzea eragin zuen. Prebentziorako sistemek ez zuten tsunamia detektatu, ez zuelako lurrikara batek eragin, sumendi batek baizik; BNBPren bozeramaileak atzo ohartarazi zuen herrialdeak ez duela sumendiek sorturiko tsunamiak antzemateko sistemarik eta, nahiz eta olatuen igoera neurtzeko buiak izan, jakinarazi zuen horiek ez dutela funtzionatzen 2012az geroztik, mantentze lan eskasaren, funts faltaren eta bandalismoaren ondorioz. «Prebentziorako sistema faltak eragin du biktima kopurua handia izatea, herritarrek ez baitzuten ebakuatzeko astirik izan».

Tsunamiak bereziki kalte egin dio Java uhartearen mendebaldeko Pandeglang eskualdeari, zeina indonesiarrentzako oporraldietarako ohiko tokia den —Jakarta hiriburutik 100 kilometrora dago—. Atzo eta herenegun, erreskate taldeek droneak eta txakurrak erabili zituzten, baina aurrerapauso gutxi egin dituzte, euriteek zaildu egin baitituzte lan horiek. Hala ere, herritar gehiago aurkitzeko itxaropena dute agintariek, nahiz eta aukera gutxi ikusten dituzten inor bizirik aurkitzeko.

Denera, 16.082 pertsona lekualdatu behar izan ditu gobernuak hondamendiaren ondorioz, eta ebakuazio zentroak gainezka daude jada; atzo, langileek ohartarazi zuten amaitzen ari direla ur garbia eta sendagaiak.

1927an azaleratu zen

Tsunamia eragin duen Anak Krakatau sumendiak 300 metro pasako garaiera du, kono itxura du, eta hegaletako batean du kraterra. Krakatoa sumendi ospetsuaren erupzioa gertatu ondoren azaleratu zen itsasotik.

Krakatoaren azken erupzioa 1883an izan zen, eta suntsituta gelditu zen, jasan zituen leherketa indartsu eta ugarien ondorioz. 36.000 indonesiar hil ziren ezbehar horretan, leherketa horien eta sortu ziren tsunamien eraginez; Krakatoa hartzen zuen irlaren erdia ere suntsitu zen. Datu historikoen arabera, leherketak 5.000 kilometrora ere entzun ziren. Anak Krakatau, berriz, 1927an azaleratu zen ur azpitik, eta ordutik hazten ari da —bost zentimetro garaiago da urteko—.

Ozeano Bareko Suzko Eraztuna deiturikoan dago Indonesia. Gune horretan, lurrikara eta sumendi jarduera asko dago, eta urtero 7.000 dardara inguru izaten dira eremu horretan, gehienak lasaiak.

2004an Sumatra mendebaldean izandako lurrikara izan da entzutetsuena: hamalau herrialdetan sumatu zuten, eta 226.000 bat pertsona hil ziren, gehienak Indiako Ozeanoko kostaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.