Eskuineko gobernuen presiopean hartu du presidente kargua Madurok

Latinoamerikako dozena bat herrialdek, AEBek, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatuen Erakundeak ez dute onartuko Venezuelako presidentearen agintea, eta zigorrak ezarriko dituzte

Nicolas Maduro Venezuelako presidente kargua hartu berritan, atzo, Auzitegi Gorenaren egoitzan, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
«Konstituzioa bete dut, nire zin egitea zuzenduta dago, eta gaurtik presidentetza hartzen dut nire herrialdea demokratikoki eramateko etorkizun hobe batera». Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bigarren agintaldia jarraian hasi zuen atzo, karguaren zina egin ondoren. Heldu den martxoan sei urte beteko dira presidente kargua lehenbizikoz hartu zuenetik, eta 2025era arte dagokio agintzea. Azken egunotan, ordea, nazioartetik inoiz ez bezalako presioa egin diote agintea utz dezan. Atzo, Latinoamerikako dozena bat gobernuk,AEBek, EB Europako Batasunak eta AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak adierazi zuten ez dutela Maduroren agintea onartuko. Hala ere, Venezuelako presidenteak erran die ez duela amore emateko asmorik. «Venezuelako herriak erabaki du librea, independentea, matxinoa eta antiinperialista izan nahi duela, horren ordainari erreparatu gabe».

Azken sei urteotan oposizioak hainbatetan matxinada sustatu du karriketan, eta ehundik goiti izan dira indarkeria krisialdietan hildakoak. Atzo ez zen halakorik gertatu, baina Venezuelako gobernu bolibartarrak arazo larri bat du, lehen aldiz presio koordinatu bat jasaten ari baita AEBen eta Latinoamerikako gobernu eskuindarren aldetik. «Muturreko intolerantzia ideologiko bat inposatu da», salatu zuen Madurok atzoko hitzaldian. «Min egin diote Latinoamerikari eta Kariberi, zatitu egin dituzte. Batasunaren, elkartasunaren eta elkarrizketaren lorpenak arriskuan daude». Horri aurre egiteko, Venezuelako presidenteak Latinoamerikako eta Karibeko agintariei eskatu die goi-bilera bat egiteko. «Ez da aski adierazpenekin. Ekintzak behar ditugu».

Atzoko ekitaldiak ongi irudikatu zuen egoera. Presidenteak Auzitegi Gorenean hartu zuen kargua, ez parlamentuan. Parlamentuan oposizioak du gehiengoa, baina ahalmenak bertan behera utzita ditu 2016ko urtarriletik, Auzitegi Gorenak «desmen» egoeran izendatu baitzuen, hiru diputaturen kargu hartzeak behin-behinean eteteko aginduari jaramonik egin ez ziolako.Botere legegilea 2017an osatu zen Batzar Konstituziogileak du orain. Oposizioak boikota egin zion, eta iazko presidentetzarako hauteskundeei ere boikot egin zieten oposizioko indar nagusiek. Maduro erraz nagusitu zen boz horietan —botoen %68—, baina parte hartzea ohi baino dezentez txikiagoa izan zen —%46koa—.

Hauteskunde horiek legitimoak ez zirela izan, hori arrazoitu dute Maduroren presidentetza ez dutela onartuko erran duten herrialdeek. «AEBek ez dute onartzen Maduroren diktaduraren legitimitaterik gabeko kargu hartzea», adierazi zuen John Bolton segurtasun nazionalerako aholkulariak Twitter bidez. Barack Obamaren agintaldian ere etsaitasunezko harremana zuten Venezuelak eta AEBek, baina Donald Trumpen agintaldian presioa handitzea erabaki dute, Latinoamerikako testuinguru politikoa aldatu dela baliatuta.

Izan ere, Urteberri egunean Mike Pompeo Estatu idazkaria Brasilera joan zen Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarraren kargu hartze ekitaldira, eta ondoren Ivan Duque Kolonbiako presidentearekin ere elkartu zen. Bi bileretan gai nagusia Venezuela izan zela adierazi zuten buruzagi guztiek.

Horren ondoren, duela astebete, Limako Taldeak adierazpen bat egin zuen. Latinoamerikako hamahiru herrialdek eta Kanadak osatzen dute talde hori. Hamahiru puntutako adierazpen bat egin zuten, eta, horretan, bertzeak bertze, Madurori eskatu zioten ez zezala presidente kargua hartu. Hori eginez gero, ohartarazi zioten ez ziotela legitimitatea onartuko, eta zigor ekonomikoak eta diplomatikoak ezarriko zizkietela gobernuko kideei. Dena den, Limako Taldeko kideetako batek uko egin zion Maduroren aurkako adierazpenean parte hartzeari: Mexikok. Atzo, joan den astean jakinarazitako neurri horiek hartuko dituztela iragarri zuten taldeko kide batzuek. Duque Kolonbiako presidenteak nazioarteari eskatu zion Venezuela «diplomatikoki setiatu»dezala.

«Begira orain Brasil»

Presio diplomatikoaren berrikuntza handia, ordea, Bolsonarok hartu duen lidergoa eta erreferentzialtasuna izan da. Venezuela Naiz oposizioko alderdiak atzo Brasilian egin zuen elkarretaratze batean Bolsonarori eta «askatasunaren lagunei» eskatu zien Maduroren aurkako presioa handitzeko. Maduroren ustez, Venezuelako eskuinak «kutsatu» egin du Latinoamerikako eskuin osoa. «Esajeratu egiten genuela erraten ziguten. Begira orain Brasil, Bolsonaro bezalako faxista bat agertu denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.