Mayk hondamena iragarri du gaurko bozketa historikoan ezezkoa nagusitzen bada

Erresuma Batuko Komunen Ganberak 'brexit'-ari buruzko hitzarmena bozkatuko du gaur. Hainbat diputatuk beste erreferendum bat egiteko eskatu dute

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Downing Streeteko 10. zenbakitik ateratzen, Londresen. NEIL HALL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Westminsterrera begira jarriko da gaur mundua. Erresuma Batuko Parlamentuan azken urteetako bozketarik garrantzitsuena egingo dute gaur iluntzean, uhartea estatu kide izateari uzteko bozketa historikoa. Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzea erabaki zuen erreferendum bidez 2016ko ekainaren 23an, eta, baiezkoa ozta-ozta nagusitu bazen ere, botoen %51,9rekin, egun hartan abiatutako zeharkaldi makotua bidegurutzera iritsi da. Brexit-ak traba ugari izan ditu bidean, eta baliteke gaur beste zulo bat aurkitzea; izan ere, azken orduko ezustekorik ezean, ezezkoa nagusituko da bozketan, iragarpenak betetzen badira behin betiko estropezua izan daiteke.

Euskal Herrian 20:00ak direnean bukatuko da aurreko asteazkenean abiatutako eztabaidaren azken saioa, bosgarrena. Theresa May lehen ministroaren agerraldiarekin amaituko da saioa, eta, ondoren, talde politikoen zuzenketak bozkatzeari ekingo diote. John Bercow Komunen Ganberako presidentearena da zuzenketak tramiterako onartzeko eskumena, eta, onartuz gero, hamabost minutuko tartea egongo da horiek bozkatzeko. Iturri batzuen arabera, hamar eta hamabi zuzenketa artean aurkeztuko dituzte diputatuek; hortaz, bozketa egiterako gaueko 23:00ak izan daitezke.

Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batasunak joan den azaroan egin zuten itunari buruzko bozketa izango da.

Matematika aurka du Mayk: baiezkoa nagusitzeko 326 boto behar ditu, eta, kontserbadoreek 317 ordezkari badituzte ere, ehun bat dira kontra bozkatuko dutela iragarri dutenak. Gobernu koalizioko kide unionistek ere ezezkoaren alde egingo dute: Alderdi Kontserbadoreak DUP Alderdi Demokratiko Unionistako hamar diputatuei esker gobernatzen du, gutxiengoan. Oposizio guztia, berriz, aurka dauka. Mayk horregatik atzeratu zuen iragan abenduaren 11n egitekoa zen bozketa, ezezkoa nagusituko zelako, eta, orain, orduko ataka berean dago.

Krisi politikoa

Brexit-a, beraz, kolokan dago. Gaurko bozketan ezezkoa ateratzen bada, lehen ministroak hiru eguneko epea izango du B plan bat aurkezteko. Mayk ostiralerako izan beharko luke prest beste bide orri bat, eta hori heldu den astelehenean bozkatuko lukete Komunen Ganberan.

Ataka zailean dago May. Brexit-a aurrera ateratzen ez bada, herrialdearen etorkizuna egoera lausoan geratuko da, eta, lehen ministroaren etorkizun politikotik haratago, gobernua bera ere krisi politikoan murgilduko dela aurreikus daiteke. BBCren arabera, ehun urtean gobernu batek izandako porrotik handiena litzateke.

Mayren kontrako zentsura mozioa aurkeztea, lehen ministroak berak hauteskundeak aurreratzea edo brexit-ari buruzko beste erreferendum bat egitea dira oraintxe bertan batzuen eta besteen ahotan dauden aukerak.

May azken ordura arte saiatu da diputatuak aldez edo moldez berak lortutako akordiora erakartzen. Behin eta berriz errepikatu du hitzarmen horretatik haratago ez dagoela ezer, ez dela brexit-ik egongo, egotekotan gogorra izango dela, edo blokeatuta geratuko dela eta ez dagoela akordioa berriz negoziatzerik. Asteburuan adar gogorreneko alderdikideei bidalitako gutunean, amildegi batekin parekatu zuen egoera, eta akordioa aurrera atera ezean «hondamena» izango dela ohartarazi; «paralisi parlamentarioa ekarriko du». Atzo, bozketaren atarian, egindako hitzaldian testua baztertzen duten diputatuei berriz ere pentsatzeko eskatu zien, «historia liburuek erabakia epaituko» dutelako.

'Backstop'-a

Bruselak azken orduan amore emango ote zuen, horren zain izan dira hainbat diputatu. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Donal Tusk Europar Kontseiluko presidenteak sinatutako eskutitzak, baina, ez du zirrikiturik uzten. Backstop-a behin-behineko neurri bat dela esatea da erakutsi duten malgutasun bakarra.

Backstop-a Irlandan muga gogor bat eragozteko bi aldeek hitzartu zuten protokoloa da, eta, etorkizuneko harremanari buruzko akordiorik egingo ez balute, indarrean sartuko litzateke brexit-a gauzatu eta bi urtera, 2021erako. Junckerrek eta Tuskek esan dute estatus berezi hori soilik merkataritza akordio berri bat lortu arte egongo litzatekeela indarrean, baina, hori ez da aski unionistentzat, uste baitute backstop-a onartuz gero Ipar Irlanda Erresuma Batutik bereiziko dela praktikan.

Martxoaren 29a da banaketaren eguna. Data horretan automatikoki estatu kide izateari utziko lioke uharteak, trantsizio eperik gabe, baina, egun hori iritsi bitartean gauza asko gerta daitezke. The Guardian egunkariaren arabera, epea uztailera arte luzatzeko prestatzen ari da Brusela.

Laboristek ez dute baztertzen konfiantza mozio bat aurkeztea, eta hainbat diputatuk, berriz, beste erreferendum bat egiteko eskatu dute. SNPk ere horren alde egin zuen atzo. Mayk, baina, irmo jarraitzen du, eta «sinesgarritasuna galtzeko» arriskuaz ohartarazi die diputatuei: «Zuen ekintzen ondorioek herritarrek demokraziarengan duten fedean izan dezaketen eraginaz pentsatzeko eskatzen dizuet».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.