Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Erasora eginez defendatu dute beren burua

Cuixartek eta Forcadellek oinarrizko eskubideak aldarrikatu dituzte. Omniumekoak esan du behar beste galdeketatara deituko dutela. Legebiltzarreko presidente ohiak ezbaian jarri du Konstituzionala.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetua, atzo, fiskalaren galderei erantzuten. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun

Carme Forcadellek eta Jordi Cuixartek ez dute, beharbada, aurreko bi asteetan Auzitegi Gorenean deklaratu duten akusatu gehienen gaitasun diskurtsiboa. Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren eta Omnium Culturaleko presidentearen jendaurreko ibilia ez da gainontzekoena bezain luzea. Baina atzo, matxinada egotzita Kataluniako prozesu subiranistaren epaiketan deklaratzea tokatu zitzaienean, izkin egin zieten fiskalek jarritako tranpei, eta onik atera ziren; are, gainontzeko akusatuek egin moduan, erasora egin zuten, Espainiako Estatuaren izaera demokraziaren kontrakoa dela zuzenean salatuz, edo hori iradokiz, adibidez. Cuixartek desobedientzia zibila jarri zuen bere deklarazioaren erdigunean, eta Forcadell 2017ko irailean eta urrian ganberako presidente zenak behin baino gehiagotan azpimarratu zuen Parlamentuko Mahaiak ez duela «tramitazio parlamentarioen konstituzionaltasuna» baloratzeko «eskumenik», eta bera, horrenbestez, ganberako bere egitekora «mugatu» zela. «Ez nuen inongo estrategiatan parte hartu». Biek oinarrizko eskubideak aldarrikatu zituzten.

Arratsaldeko saioan deklaratu zuen Forcadellek, 16:20etik 19:50era. Manuel Marchena epaimahaiburuak askotan esan du gertakariak ari direla epaitzen, baina Consuelo Madrigal fiskalak ganberako presidente kargugabetuari egin zion lehen galderak zerikusia zuen Forcadell ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente izan zen garaiarekin —2012tik 2015era—. Eta, horrekin lotuta, zera nabarmendu zuen Olga Arderiu bere abokatuaren galderei erantzuten ari zela: «Ez dut ulertzen zergatik epaitzen nauten hemen, tramiteak Mahaiko nire kideek onartutako berak badira». Horiek Kataluniako Auzitegi Nagusian epaituko dituzte, desobedientziagatik. «Tira, ulertzen dut», gaineratu zuen. Arderiuk BERRIAri adierazi zionez, fiskalek ANCko presidentetza hori ordainarazi nahi diote.
[youtube]https://youtu.be/1X2myIhF_d4[/youtube]
Fiskaltzak leporatzen diona da, batik bat, zilegitasuna eman ziola erreferenduma antolatzeko legeari, Auzitegi Konstituzionalaren eskaerei muzin eginez. Horri buruz hamaika galdera egin zizkion Madrigalek, baina Forcadellek parlamentuaren «subiranotasuna» aldarrikatu zuen. «Eskubideen urraketa gisa ulertzen dut Konstituzionalak eskatutakoa. Zentsura zen; ezin genuen hori egin». Horrekin lotuta, gehitu zuen «beti» defendatuko dituela «oinarrizko eskubideak eta legebiltzarreko araudia». Erasora pasatuz, jopuntuan jarri zuen, gainera, Konstituzionala bera: «Irizpide judizialak ez baizik irizpide politikoak erabili izan ditu Konstituzionalak lurraldetasunari buruzko gaietan». Mugimendu independentistaren izaera baketsua jarri zuen mahai gainean.

Cuixartek ere, gainontzeko akusatuek aurreko bi asteetan bezala, jokabide hori azpimarratu zuen. Jaime Moreno fiskalaren galderei erantzun zien goizeko saioan, eta Estatuko abokatuari erantzuteari uko egin zion. 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean egindako mobilizazio masiboaren ustezko bultzatzaile gisa dago akusatuen aulkian Omnium Culturaleko presidentea. Egun hartan ez zela «biolentziarik» egon adierazi zuen. «Tensioa bai, baina biolentziarik ez». Horren harira, galdera bat plazaratu zuen, gainera: «Frantziar gizarteak nola erreakzionatuko zuen bere finantza autonomia baliogabetuko baliote? Hori egin zen irailaren 20an». Cuixarten defentsak froga gisa erakutsi zituen egun hartako irudi batzuk, agerian uzteko Omniumekoak jarrera baketsua izan zuela, eta hori transmititzen ahalegindu zela.
[youtube]https://youtu.be/FceviH0_wBc[/youtube]
Urriaren 1eko gertakariei dagokienez, Espainiako polizien «ankerkeria» salatu zuen. «Biolentzia bakarra Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gauzatutakoa izan zen». Fiskalarekin tentsio une dezente izan zituen, eta hark galdetu zion ea ba ote zekien zazpi agente zauritu zituztela egun hartan: «Dakidana da hamazazpi agente ikerketapean daudela», erantzun zion Cuixartek. Haren ustez, U-1ean gertatutakoa «duintasun kolektiboko ariketa bat» izan zen. Desobedientziaren bidea ibiltzera deitu zuen —«erreferendumak egiten segituko dugu, harik eta Poliziaren biolentziarik gabeko bat egin eta emaitza ezarri arte»—, eta plazaratu zuen auzia elkarrizketa bidez soilik konpondu ahal izango dela. «Estatuko botere gehienek ez dute hori ulertzen oraindik». Eta fiskalak aipatu zionean Twitterreko txio batean «asalto batez» mintzo zela, Cuixartek hori baliatu zuen estatuari leporatzeko sasoi hartan webguneak «sistematikoki» ixten zituela. «Turkian bezala», errematatu zuen.

Politikari presoa ez baizik «preso politikoa» dela nabarmendu zuen, eta gaineratu iazko urtarrilean Pablo Llarena auziaren instrukzio epailearen aurrean deklaratu zuenean bere helburu bakarra zela kartzelatik ateratzea. «Orain ez da nire lehentasuna. Preso politiko bat naiz, eta nire lehentasuna da Kataluniako gatazka politikoa konpontzea».

4.000 bazkide gehiago

Omnium Culturalek jakinarazi zuenez, Cuixartek deklaratu zuen orduetan 4.000 bazkide gehiago erregistratu zituen elkarteak. Bestalde, Forcadellen abokatuek demanda bat aurkeztu zuten atzo Europako Giza Eskubideen Auzitegian, iritzita neurriz kanpokoa izan dela beren bezeroari ezarritako behin-behineko espetxealdia. Datozen bi egunetan, politikariek deklaratuko dute. Gaur, Mariano Rajoyren txanda izango da (16:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.