Harmonia Ederraren Japonia

Akihito enperadoreak abdikatu egin du, eta haren seme Naruhitori pasatu dio ia hiru mendeko dinastiaren lekukoa. Akihitok esan du espero duela aro berria egonkorra eta emankorra izatea

Akihito enperadorea, atzo, abdikazio zeremonian, Tokioko Jauregi Inperialean. JIJI PRESS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Harmonia Ederraren aroan sartu da Japonia. Akihito ume koskor bat zen bonba atomikoa bota zutenean. Hiroshimako eta Nagasakiko irudiek zirrara handia eragin zioten; hainbesterainokoa, ezen enperadore kargua hartu zuenean bakearen garai izendatu baitzuen bere aroa: Heisei. II. Mundu Gerrak eragindako zauriak osatzeko saiakera egin du enperadoreak urteotan, gerra garaiko ekintzengatik ere «damu sakona» azalduz, eta haren azken hitzak bakearen aldekoak izan dira, urrezko liliaren dinastiaren tronua utzi aurretik ere: «Bakea eta zoriontasuna opa dizkiet Japoniako herriari eta mundu osoari». Akihitok atzo utzi zion lekukoa semeari, garai berri baten hasiera dela iragarriz: «Reiwa-ren aroa hasiko da bihar, eta espero dut garai egonkorra eta emankorra izatea».

Zeremonia laburra eta xumea izan zen, errituz eta sinbolismoz betea. Pinuzko Aretoan irudikatu zuten abdikazioa; ekitaldirik berezienak ospatzeko soilik erabiltzen da areto hori. Berrehun urtean ez zen egin ekitaldia: Kokaku izan zen abdikatu zuen azken enperadorea, 1817an.

Handia zen ikusmina Kashikodokoro Jauregi inperialaren kanpoaldean. Euria ari zuen, baina ehunka lagun elkartu ziren enperadorearen mezua entzutera: «Japoniako herriari eskerrak eman nahi dizkiot estatuaren sinbolo gisa onartu nauelako, eta nirekin batera egin duelako lan».

Jainkoaren ordezkari

Akihitok 1989an hartu zuen enperadore kargua. Hirohito aitaren agintaldiarekin alderatuta, oso bestelako garaiak egokitu zaizkio, ez bakarrik herrialdea bakean bizi izan delako, baizik eta enperadoreekiko ikuspegia ere aldatu egin delako. Hirohitorena izan zen japoniarrek entzun zuten lehen enperadorearen ahotsa. Japoniaren errenditzea iradoki zuen mezu kriptiko bezain labur batean; 1945eko abuztuaren 15a zen.

Enperadorea entzutean, herritar asko hunkituta geratu ziren, ezen garai hartan inork ez baitzuen zalantzan jartzen enperadoreen jainkotasuna: Amaterasu eguzkiaren jainkosaren seme-alabak ziren dinastiako kideak. Ameriketako Estatu Batuek gerraren ostean inposatutako konstituzioan, 1947an, mugatu egin zen haren izaera: egun, enperadorea estatuburua da, eta, politikoki eskumenik ez badu ere, estatuaren batasunaren sinboloa da.

Akihito, gainera, oso maitatua da herritarren artean, besteak beste ia hiru mendeko antzinatasuna duen dinastia modernizatu izana aitortu diotelako, enperadorea gizakiaren pare jarriz. Gertutasuna azaldu du, bere izaera xumearen bidez eta keinu gizatiarren bidez —zarbo arraiak ikertzeko zaletasuna du, eta biolontxeloa jotzekoa—. Plebeio batekin ezkondu den lehen enperadorea izan da.

Japonia tradizioaren eta modernitatearen paradigma da, behinolako ohitura zorrotzak azken ikur diren joerekin uztatzen dituen herrialdea, eta sistema patriarkala bera oso errotuta dago eremu guztietan. Enperadore izateko ere gizonezko izan behar da. Tronuaren ondorengotzan eragina dauka horrek; izan ere, enperadore berriak alaba bat baino ez dauka, eta, hortaz, haren anaia gazteena eta haren semea izango dira hurrengoak lekukoa hartzen.

Ekonomia higatuta

Akihito 1933an jaio zen, eta 85 urte ditu gaur egun. Haren abdikazioa onartzeko, legedia aldatu behar izan dute. 2016ko abuztuaren 8an iradoki zuen, osasun arazoak argudiatuta, ez zegoela karguan jarraitzeko sasoian, betiere abdikazio hitza aipatu gabe. Lege berezi bat onartu ostean, gobernuak 2017ko abenduaren 1ean iragarri zuen enperadore aldaketa egingo zela. Shinzo Abe lehen ministroak berak eman zuen atzo, herriaren ordezkari gisa, enperadoreak aipatu ezin duen abdikazioaren berri.

Naruhitok atzo hartu zuen lekukoa, beste zeremonia batean, eta larunbatean mintzatuko da lehen aldiz herritarren aurrean, nahiz eta urriaren 22an irudikatuko den ofizialki aro berriaren hasiera, nazioarteko estatu eta gobernuburuen aurrean.

Hirohitoren aroa gerrak markatu zuen. Akihito enperadorearekin, berriz, herrialdea munduko bigarren ekonomia bihurtu zen, puntako teknologiari esker, baina gero burbuila ekonomikoan egin zuen eztanda. Naruhitoren aroak bestelako erronkak ditu. Japoniak bizi maila altua du, baina gizartea oso zahartua dago, eta ekonomiak higatuta jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.