Israelgo Parlamentua deseginda, hauteskundeak errepikatuko dituzte

Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohia egin du porrotaren erantzule: «Gobernua bota nahi zuen». Irailaren 17an egingo dituzte boz orokorrak

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, hedabideen aurrean parlamentua desegiteko erabakia azaltzen. ABIR SULTAN.
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Eratu eta hilabete eskasera, desegin egin dute Israelgo Parlamentua. Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroa babesik gabe geratu da gobernua osatzeko ahaleginean; asteazken gauerdian amaitu zitzaion babesa lortzeko epea. Orduz kanpoeta adostasunik lortu ezinda, parlamentuak desegitea bozkatu zuen. Aldeko 74 bozkarekin eta aurkako 45ekin onartu zuten desegitea. Oraingoz, ezegonkortasunak irailaren 17ra arte iraungo du, orduan errepikatukobaitituzte parlamenturako hauteskundeak.

Bitarte horretan, ikusteko dago Netanyahuren posizioa indartu edo ahuldu egingo den. Gobernabidean izan litzakeen arazoetatik harago, baliteke adostasuna lortzeko izan duen ezintasunak kalte egitea Israelgo lehen ministroaren irudiari; ezegonkortasunak ondorioak izan litzake Israelen jardun diplomatikoan ere. Gobernua geldialdian sartu da, hain justu, Donald Trump AEBetako presidenteak Ekialde Hurbilean garatu nahi duen plana—bake plana deitua— adostu eta hilabete gutxira.

Hala ere, Netanyahuk agertoki okerragoa izan zezakeen aurrean. Lortu du jarduneko lehen ministroaren karguari eustea. Parlamentua desegitearen alde egin zuen Netanyahuk berak ere, eta, hala, eragotzi egin zuen lehen ministro kargua galdu eta beste inor gobernua osatzen saiatzea. Arrisku horretaz ohartarazi zuen aurretik Reuven Rivlin Israelgo presidenteak: Netanyahuk parlamentua desegiten ez bazuen, Rivlinek gobernua osatzeko ardura eman ziezaiokeen beste hautagai bati; hain zuzen, Benny Gantz Urdina Eta Zuria koalizioko buruak zituen aukera gehien. Israelgo armadaren buru ohia da Gantz, eta Netanyahuren nagusitasuna zalantzan jar dezakeen politikari gisa aurkeztu izan da. Urdina eta Zuria koalizioak Likud alderdiak adina parlamentari (35) eskuratu zituen apirileko hauteskundeetan. Netanyahuren aldeko botoak Israelgo Parlamentua desegiten lagundu zuen Gantz gobernua osatzen saiatu aurretik, eta bidea itxi zien gobernua osatzeko bestelako aliantza posibleei. Urdina eta Zuria koalizioko kideek gogor egin zuten erabakiaren kontra, eta demokraziaren aurka egin izana egotzi zioten. Netanyahuk, aldiz, bere ahalegina defendatu zuen: «Ahal nuen guztia egin dut beharrezkoak ez diren hauteskunde hauek eragozteko».

Zerbitzu militarra oztopo

Netanyahuk ultranazionalisten eta ultraortodoxoen beharra zuen gobernua osatzeko. Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren Israel Gure Etxea alderdiak eta Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdiek zuten akordiorako giltza, batez ere, baina ez diote babesik eman gobernuari. Netanyahuk judu ortodoxoei ezarri asmo dien zerbitzu militarra izan da oztopo nagusia; hain zuzen, lehen ministroa aurreko hauteskundeetara deitzera behartu zuen arrazoi bera. Zerbitzu militarraren inguruko legearen inguruko desadostasunak agerikoak egin dira negoziazioetan. Israelgo Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen gaur egun indarrean den legea, konstituzioaren aurkakoa zela iritzita, eta beste lege bat adostea dagokio parlamentuari. Liebermanen Israel Gure Etxea alderdiak lege berria bere horretan onartu nahi du, baina ultraortodoxoak ez datoz bat. Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdiek guztiz baztertu dute judu ortodoxoei nahitaezko zerbitzu militarra ezartzea; uste dute beste komunitate batzuekin nahasteak jarraitzaile asko sekulariza litzakeela. Izan ere, zerbitzu militarra ez egiteko aukera dute yeshiva eskola talmudikoetan ikasten duten milaka judu ortodoxok, gainerako herritarrek ez bezala, eta baliteke lege berriarekin aukera hori galtzea. Aukera hori, ordea, pribilegioa da Israel Gure Etxea alderdiarentzat, eta bukatu egin nahi du.

Lieberman buru duen indarrak Israelen laikotasuna defendatzen du. Eskuin muturreko alderdia ezagun egin da, besteak beste, arabiarren aurkako adierazpen gogorrak egiteagatik; aldiz, sionismoaren defendatzaile sutsua da. Komunitate indartsu baten ordezkari ere bada, Sobietar Batasunetik Israelera iritsitako migratzaile juduena.

Batak bestea erantzule

Gobernua osatzeko saiakeran izandako porrotak are nabarmenago utzi du talka argia dagoela Netanyahuren eta Liebermanen artean. Liebermanek parlamentuan adierazi zuen hauteskundeetara berriz deitu behar izatea Israel Gure Etxearen proposamena ez onartzearen ondorio dela. Era berean, ultraortodoxoekin bat egin izana egotzi zion Netanyahuri: «Likudek amore eman du ultraortodoxoen aurrean. Ez gara juduen aldeko legeen alde egiten duen gobernu baten bazkide izango». Lehen ministroak, berriz, gobernua osatzeari oztopoak jarri izana leporatu zion Liebermani: «Ez du inoiz ere akordiorik nahi izan; gobernua bota nahi zuen».

Bi politikarien arteko arrakala ideologikoa ez da berria, baina gogortu egin da azken urteetan. Lieberman Defentsa ministroa zen 2015ean, orduan ere Netanyahu zela lehen ministro. Liebermanek dimisioa eman zuen, gobernuak Gazan izandako esku hartze militarra behar bezain gogorra izan ez zela iritzita. «Terrorismoaren aurrean amore eman izana» egotzi zion lehen ministroari.

Hauteskundeak errepikatzeak eragina izan lezake Netanyahuk abian dituen auzibideetan ere. Israelgo Fiskaltza Nagusiak iruzurragatik, eroskeriagatik eta konfiantza abusuagatik salatu du lehen ministroa, eta urrian deklaratu beharko du. Hauteskunde kanpaina izango da tartean, eta horrek lehen ministroaren aurkako prozesu judiziala luza dezakeela diote analista politiko batzuek. Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, aldiz, Netanyahu bera dabil bere aurkako neurriak baliogabetu nahian. Informazio horren arabera, lehen ministroa auzitegien aurrean immunitatea edukitzeko modua emango dion lege bat negoziatzen aritu da bere aliatu politikoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.