IRPHa abusuzkoa dela ebazteko atea zabaldu du Luxenburgok

Hipoteken indize hori ezin da gardentzat jo «ofiziala izate hutsagatik», EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren arabera. 2020ko hasieran ebatziko du epaitegiak, seguruenera ildo beretik

IRPHaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko argazki batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Esperantzarako atea zabaldu die Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak Euriborra ez baina IRPHa erreferentzia gisa duten hipoteken bezeroei. «Ofizial izate hutsagatik» IRPHa ezin dela gardentzat hartu uste du abokatuak, eta, beraz, epaileen esku legoke abusuzkoa den ala ez erabakitzea. Abokatuaren iritzia ez da loteslea, baina ohikoena da EBko auzitegiak haren ildoan aritzea, eta Espainiako justizia berriro ere lotsaraztea 2020ko lehen hiruhilekoan iritsiko litzatekeen epai baten bidez.

Izan ere, Maciej Szpunarrek garbi dio bere txostenean IRPHa abusuzkoa den ala ez erabakitzeko gaitasuna eta eginbeharra dutela Espainiako epaitegiek, bankuek ez zutelako derrigorturik IRPHa edo beste erreferentzia ofizial bat erabiltzea; Euriborra ezartzeko libre ziren, eta ez zuten ezarri milioi bat inguru hipotekatan. IRPHa derrigorrezkoa ez zenez, abusuzko klausula izan daiteke.

17.430 milioi euroren hipotekak daude IRPHari lotuak, eta hipoteka horiek dituzte bezeroen eguneroko ekonomian eragin handia izan du erreferentzia horrek: hilero 250-300 euro gehiago pagatu dute, urte askoan. Euskal Herrian, Kutxabankek onartu du 727 milioi euro mailegaturik dituela indize horrekin; 2014ko amaieran 2.039 milioi zituen, eta IRPH Stop Gipuzkoak dio Gregorio Billalabeitiak gidatzen duen entitatea ez dela ari eskaintzen indize aldaketa orokor bat, eta ez duela sinesten 727 milioiko kopuru hori; «makillajea da».

Kutxabankek, berriz, uste du «zaila» dela aurreikustea zenbatekoa litzatekeen IRPHaren kontrako ebazpen baten eragina. Kopuruez hitz egiteko, indize hori ordezkatuko lukeen erreferentzia jakin beharko litzateke, eta, batez ere, bi indizeen arteko aldea atzerako eraginez itzuli beharko litzatekeen ala ez, eta zenbat erreklamazio hartu beharko liratekeen aintzat gardentasunik ez horretan oinarriturik.

Esperantzako hauspoa

Luxenburgoko abokatu nagusiaren iritziak ez ditu argitzen aldagai horiek guztiak, baina bidea zabalik uzten die epaileei IRPHa abusuzkoa dela ebazteko. Kasuan-kasuan ikusi beharko litzateke agian, eta atzerako eragina ebaztea edo ez ebaztea ere epaileen esku geratuko litzateke beharbada; EBko epaitegiaren ebazpenaren arabera izango da hori guztia. Alegia, hipoteka bat IRPHari loturik daukatenek 2020. urteko lehen hiruhilekora itxaron beharko dute jakiteko hura aldatzeko eskubidea ote duten legez, eta, batez ere, Euriborra erreferentzia gisa ez edukitzegatik pagatu duten alde osoa edo zati bat berreskuratu ahal izango duten. Baina, oraingoz, bezeroen esperantzarako hauspoa da abokatuaren txostena.

Eta zer da zehazki Luxenburgoko epaitegiak aztertu behar duena? Bada, IRPHaren egokitasuna epaileen esku dagoen ala ez. Ez dute ebatzi behar haren legezkotasunaren inguruan. Alegia, hipoteka horiek egin zirenean gardentasun nahikoaz azaldu ote ziren eta klausulak behar bezain argiak ote diren esango lukete.

Beste modu batera esateko, IRPHa Europak ezarritako estandarren barruan dagoen ala ez erabakiko du epaitegiak abusuzko klausulei dagokien arautegia eskuan dutela. Arrazoi hori tarteko, Europako justiziak hainbatetan lotsarazi du Espainiako justizia: esaterako, zoru klausulen auzian eta hipoteken gastuen klausuletan. Abokatu nagusiak, orain, zabalik utzi du atea IRPHarekin beste hainbeste gerta dadin, eta, Luxenburgoko erakunde judizialak haren ildoari jarraitzen badio, ematen du beste zuzenketa bat etorriko dela.

IRPHaren kaltetuen plataformak pozik azaldu ziren, atzo. Garbi esan zuten EBko Justizia Epaitegiko abokatu nagusia «kaltetuen alde» jarri dela, eta «bankaren aurka». Gogoratu zuten milioi bat hipoteka daudela IRPHa erreferentzia gisa dutenak, eta, ebazpenak atzerako eraginari ateak irekiz gero, bankak milaka milioi galduko lituzkeela. Goldman Sachsen arabera, 7.000 eta 44.000 milioi eurorainoko galera litzateke hori.

Espainiako OCU kontsumitzaileen elkarteak uste du bezeroen aldeko epai batek atea zabalduko liokeela Espainiako justizian erreklamatzeari. Facuak aurreikusi du demanda uholde bat iritsiko litzatekeela epaitegietara, Luxenburgok abokatuaren ildoan ebazten badu.

Espainiako Ekonomia ministro Nadia Calvillok zuhurtziaz erantzun zuen galdetu ziotenean: ez du aurreikusi nahi ezer azken ebazpena ezagutu arte. Badaki berriro ere banka arazo larriak sortzeko zorian dagoela. Szpunar abokatuaren iritzia jakinarazi eta gutxira, gain behera joan ziren bankuen akzioak burtsan. Esaterako, Caixabank (6.700 milioi euro dauzka IRPHdun hipotekatan) %3,44 amildu zen; Bankia (1.600 milioi) %2,75; eta SabadellGuipuzcoano (830) %1,89. Gero, irabaziekin bukatu zuten, ordea. Zerrenda osatzen dute Santanderrek (4.300 milioi), BBVAk (3.100 milioi), Kutxabankek (727), Liberbankek (209), Unicajak (200) eta Ibercajak (50 milioi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.