Trumpen aurkako 'impeachment'-a aurrera doa Ordezkarien Ganberan

Ordezkarien Ganberak kargugabetze prozesuaren bide orria finkatu du, ebazpen baten bidez. Hainbat testiguk adierazi dute Trumpek Ukrainako presidentea mehatxatu zuela uztailean

AEBetako Ordezkarien Ganbera, impeachment-aren inguruko ebazpena bozkatu bitartean, atzo, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Donald Trumpen aurkako kargugabetze prozesua beste fase batean sartu da, Ordezkarien Ganberakimpeachment-aren bide orria ezartzeko ebazpena onartu ostean. Aldeko 232 boto, denak demokratak, eta kontrako 196 izan ditu —errepublikanoak eta bi ordezkari demokrata—. Orain, epaiketa parlamentario moduko bat hasiko da, testiguen adierazpenekin, azkenik Senatuan Trump kargugabetu edo ez erabakitzeko. Ganbera horretan errepublikanoek dute gehiengoa. Trumpen esanetan, prozesua «AEBen historiako sorgin ehizarik handiena da».

Irailean lehertu zen dena. Hainbat hedabidek argitaratu zuten Trumpek uztailaren 25ean Ukrainako bere homologo Volodimir Zelenskiri eskatu ziola AEBetako presidenteorde ohi Joe Biden eta bere seme Hunter Biden ikertzeko. Beraz, agerian geratu zen Trumpek «diplomazia paralelo bat» bere onurarako erabili zezakeenaren susmoa, bere abokatu Rudy Giulianiren laguntzarekin. Horri erantzunez, Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik irailaren 24an adierazi zuen Trump kargugabetzeko bidea hasiko zutela. AEBetako presidentearen boterea Ukrainiako Gobernua presionatzeko erabili izana leporatzen diote.

Joe Biden Estatu Batuetako presidenteorde izan zen Barack Obamaren bi agintaldietan, eta hurrengo presidentetzarako bozetarako demokraten hautagai nagusietako bat da. Haren semea, berriz, Ukrainako Burisma Holdings petrolio eta gas enpresako zuzendari izan zen 2019ko apirilera arte. Ikerketaren helburua 2020ko primarioetan Joe Bidenen kanpaina ahultzea litzateke.

Hedabideek adierazi dutenez, Trumpek telefonoz dei egin zion Zelenskiri, agintzeko publiko egin behar zuela Ukrainiak Biden aita-semeen aurkako ikerketa bat hasi zuela. Testiguen arabera, Trumpek mehatxu egin zion, esanez, hala egin ezean, Washingtonek Ukrainako Gobernuari agindutako 350 milioi euroak ez zirela Kievera iritsiko. Donetskeko eta Luhanskeko miliziei aurre egiteko segurtasunerako laguntza gisa onartu zuen AEBetako Kongresuak diru laguntza hori.

Ordezkarien Ganberak onartutako ebazpenak baimena ematen dio ganberako Inteligentzia Batzordeari audientziak eta testiguen galdeketak publiko egiteko. Orain arte, ateak itxita egin dira. Batzorde horrek txosten bat garatuko du, ondoren Batzorde Judizialak impeachment-a gauzatzeko artikuluak idazten dituen edo ez erabaki dezan. Azkenik, Senatuak, gehiengo errepublikanoa duenak, erabaki beharko luke, bi herenen gehiengoz, Trump kargugabetu edo ez. Baiezkoak kargu publiko bat izateko inhabilitazioa ere ekarriko luke. Beraz, ezingo luke bigarren hautagaitzara aurkeztu.

Aipatu bezala, ikerketa hasia dago, eta hainbat testiguk deklaratu dute. Batzuk berriz ere egingo dute datozen asteetan, eta bidean gehiago ere gehitu litezke. Izan ere, Ordezkarien Ganberak ez ezik, Trumpen abokatuek ere hartuko dute parte galdeketetan, eta errepublikanoek testiguak deitzeko eta dokumentuak eskatzeko aukera izango dute. Beraz, ebazpenarekin «gardentasuna bermatuta» dagoela adierazi duPelosik.

Langile ohiak, aurka

Jada deklaratu dutenen artean dago Tim Morrison Errusiarako AEBetako Segurtasun Nazionaleko ordezkari ohia. Morrisonek herenegun dimititu zuen, eta atzo bertan hitz egin zuen Ordezkarien Ganberako kideen aurrean. AEBen Ukrainarako enbaxadore Bill Taylorren arabera, Morrisonek zuzenean entzun zuen Trumpen eta Zelenskiren arteko elkarrizketa. Taylorrek aurreko astean gehitu zuen Morrison «hondoratuta» sentitzen zela, Trump beste enbaxadore batekin hizketan entzun ostean. AEBetako presidenteak adierazi omen zuen Zelenski «mikrofono aurrera atera eta 2016ko [AEBetako] hauteskundeetan esku hartzeagatik Bidenen aurkako ikerketa bat ireki» dutela esatea nahi zuela.

Aleksandar Vidman teniente koronelaren testigantza ere publikatu da. Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko kide da Vidman, eta deiaren zuzeneko testigu izango litzateke. Trumpen aurka egin zuen Etxe Zuriko lehen kidea izan zen, Bidenen aurkako ikerketa eskariaren abisua eman zuena.

Datorren astean deklaratzera deitu duten izen garrantzitsu bat da John Bolton, Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohia, presidentearekin desadostasunak izateagatik kargugabetua. Aurretik hitz egin duten hainbat testiguk adierazi dute Bolton Trumpen jarreraren aurka agertu zela. Halere, ez da ziurra bere presentzia, haren abokatuak azaldu baitu ez duela bere borondatez joateko asmorik.

Ebazpena onartuta, kargugabetze prozesuaren bide orria finkatu da; ez, ordea, egutegia. Demokraten nahia Gabonen aurretik gauzatzea da, baina testigu kopurua medio, senatuak urtarrilean edo otsailean bozkatu dezake.

Alderdi Errepublikanoa impeachment-aren aurka agertu da, eta «bermerik gabeko» prozesutzat jo du, demokratek «ezkutuan» eramana. Trumpek «sorgin ehiza» gisa definitu du, eta Etxe Zuriko bozeramaile Stephanie Grishamek presidentea «deuseztatzeko» saiakera «lotsagabe bat» dela esan du. Gauzak horrela, zaila dirudi prozesuak bere helburua lortzea, errepublikanoek iritzia aldatzen ez badute. Senatuko 100 eserlekutik 53 dituzte. Demokratek, berriz, 45 —bi independenteak dira—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.