Bizkaiko metalgintzak zortzi greba egunera deitu du, negoziazioak desblokeatzeko

Egun osoko lanuzteak egingo dituzte azaroaren 28an eta 29an, eta abenduaren 4an, 5ean, 12an, 13an, 18an eta 19an. Patronalaren ustez, «zentzugabekeria da»

Bizkaiko metalgintzako sindikatuetako ordezkariak FVEMen egoitzaren aurrean, atzo, grebaren jakinarazpen ofizialaren agiriarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Udazken amaiera beroa espero da Bizkaiko metalgintzan. Sindikatuen eta FVEM patronalaren artean hasitako bilera erronda ez da batere emankorra izaten ari, eta langileen ordezkariek indar jarrera hartu dute lan hitzarmenaren negoziazioan dagoen «blokeoa» gainditzeko. Zortzi eguneko greba deialdi bat aurkeztu zutenJaurlaritzan, atzo, azaro amaierarako eta abendurako. Horiekin, guztira, hemezortzi lirateke aurtengo greba egunak. Deialdiak, baina, ez du esan nahi sindikatuak mahaitik altxatuko direnik, ezta patronala ere. Bi aldeek «negoziatzeko borondatea» dutela adierazi baitute. Horren eredu, bilera bat dute hitzartua gaurko, eta beste bi hurrengo asterako.

Bilera egutegia zehaztuta dago, baina sindikatuak ez dira baikorrak. «Herenegun elkartu ginen azkenekoz, eta agian orain arteko bilerarik okerrena izan zen. Kontratuen subrogazioa mahai gainean jarri, eta subrogazioa ea zer zen galdetu zigun patronalak [enpresa batek jardun bat utzi eta beste batek hartzen duenean, aurreko langileen kontratuak eta baldintzak mantentzea]. Hori onartezina da», kritikatu zuen Mikel Etxeberria ELAko ordezkariak, lanuzteen deialdien berri emateko agerraldian.

Sindikatuek eta patronalak hamar bilerako egutegi bat adostu zuten. Aurreko greba deialdia irailaren 30etik urriaren 4ra izan zen, eta, FVEMen berririk izan ez zutenez, sindikatuek proposatu zuten bilera erronda azaroaren hasieran. Era berean, euren proposamenak pixka bat leundu zituzten. Dagoeneko bost egin dituzte, eta gaurkoa da seigarrena. Sindikatuen arabera, baina, patronalak negoziazioak «blokeatuak» ditu, eta grebak mugiaraztera behartu ditzakeela uste dute. «Patronala oso gutxi mugitu da, eta mugitu den aldi gutxi horiek grebaren bitartez izan dira», gogoratu zuen Iratxe Azkue LABeko kideak. Akusazioa erreziprokoa da, patronalak ere «gerturatze erreal» bat eragingo luketen mugimendurik ez egin izana egotzi izan baitie sindikatuei.

Bizkaiko metalgintzan ordezkaritza duten zortzi sindikatuek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT) azaroaren 28rako eta 29rako, eta abenduaren 4, 5, 12, 13 18 eta 19rako deitu dituzte lanuzteak. Beraz, bi asteko epea eman diote patronalari hitzarmenaren auzian duen jarrera aldatzeko.«FVEMek bere eskuetan du greba deialdi hau bertan behera uztea. Horretarako, baina, aurrerapauso zehatzak eman behar ditu, eta badakite zeintzuk diren eskaerak», nabarmendu zuen Etxeberriak.

Eskaera horiek bost multzotan banatu dituzte. Hasteko, aurrerapausoak eskatu dituzte berdintasunean. Metaleko langileen %15 baino gutxiago dira emakumeak, eta soldata baxuagoak dituzte. Lan osasuna ere jarri dute mahai gainean. Azaroaren 11ko bilera espresuki lan osasunari buruz hitz egiteko deitu zuten, eta Luis Moya CCOOko ordezkaria han egon zen. «Patronalaren erantzuna izan zen ez dutela aditurik lan osasunean. Arazoa FVEMen borondaterik eza da».

Beste eskaera batzuk dira aldi baterako kontratuen eta ABLEen erabilera kontrolatzea —sindikatuek onartua dute ABLEak erabiltzeko epea zazpi egunetik hamarrera igotzea—, soldatak igotzea—ituneko azken kontratu taulak 2011koak dira—, eta azpikontraten subrogazio eskubidea errespetatzea. Puntu horretan korapiloa oso estua da, enpresariek lan publikoetan bakarrik onartzen baitute subrogazio eskubidea.

«Aktibitate galera baino ez»

FVEMen ustez, greba deialdia «zentzugabekeria» bat da, eta, haren ustez, sindikatuen jarrerak aktibitate galera baino ez dakar Bizkaiarentzat. Ohar bidez eman zuen bere jarreraren berri. Bilera guztietara agertu dela gogoratu zuen, eta sindikatuek azaroan emaniko pausoak «ez direla nahikoa» nabarmendu. Sindikatuek ABLEen eta behin-behinekotasunaren inguruko mugak leundu zituzten, baina, patronaålak dioenez, halako mugarik ez dago inguruko lan hitzarmenetan.

Patronalak eginiko eskaintza batzuen berri eman zuen oharrean. Besteak beste, taula barnean dauden langileei soldata %4,65 igotzea eskaini du, eta taulen gainetik daudenei, %35. Eta, esan bezala, lan baldintzen eta langileen subrogazioa onartzea, baina kontratu publikoetan soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.