Zorra txikitzeko nahikoa ez egitea leporatu die Bruselak Frantziari eta Espainiari

«Ez dute interes tasen jaitsiera nahikoa baliatu beren zorra txikitzeko», egin die errieta Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak

Valdis Dombrovskis eta Pierre Moscovici, atzo, Europako Batzordearen egoitzan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Atera dira Frantzia eta Espainia gehiegizko defizita izateagatik irekitako prozeduratik, baina ez dira Europako Batzordearen errietatik libratu. Aurkeztu dituzten aurrekontuak ez zaizkio asko gustatu Bruselari, uste baitu ez dutela nahikoa egiten kontuak orekatzeko eta zor publiko handia txikitzeko. Italiari ere oharra egin dio batzordeak.

Seigarren aldia da Europako Batzordeak estatukideen aurrekontu proiektuei errepasoa egiten diela. Euroaren krisian sortutako tresna da hori, Alemaniak bultzatutakoa, estatukideak behartzeko beren kontu publikoak txukuntzera.

Atzo, Bruselan, Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak eta Pierre Moscovici Finantza komisarioak nabarmendu zuten 2014tik 2019ra gauzek hobera egin dutela. Lehen aldiz 2002. urteaz geroztik ez dago herrialderik gehiegizko defizitaren prozedurarekin —defizitak BPGaren %3 gainditzeagatik—, eta, defizita ez ezik, zor publikoa ere behera doa oro har. Azken urtean hazkundearen erritmoa moteldu arren, Moscovicik gogorarazi zuen kontu publikoek orekatzen jarraitzen dutela, «austeritatea eta aurrekontu politikaren zorroztasuna ez baitira gauza bera».

Baina argazki orokor horretan badira, EBren begietara, hobeto eta okerrago atera direnak. Ederren artean, Egonkortasun Plana zintzo betetzen ari diren euroguneko bederatziak daude: Alemania, Austria, Herbehereak, Irlanda, Zipre, Lituania, Luxenburgo, Malta eta... Grezia. 2015eko udan eurotik ateratzeko edo kanporatua izateko zorian izan zenak Batzordearen txaloak jaso ditu orain. Jasangarritasun irizpide asko hausten dituen zor publikoa du oraindik —BPGaren %175era iritsiko da 2019 amaieran, EBren arabera—, langabezia tasa izugarria du —%17tik gora—, eta pobrezia orokortu du hamar urteko krisiak, baina Bruselak ontzat hartu ditu bere kontu publikoak, %3,5eko superabita emango diotelako zorra txikitzen jarraitu ahal izateko.

Lehen taldean sartzerik lortu ez duten arren, Estoniarekin eta Letoniarekin ere pozik dago Brusela, «orokorrean bete egiten dutelako Egonkortasun Plana». Gauzak ez dira hain samurrak hirugarren talde batekin, ituna hausteko «arriskuan» daudenekin. Horien artean daude Eslovakia, Eslovenia, Belgika, Finlandia eta Europa mendebaldeko ohiko hiru susmagarriak: Italia, Frantzia eta Espainia. Italiaren aurkako zigor prozedura abiatu zuen iaz Bruselak, lehen aldiz, baina Erromako gobernuaren azken orduko aldaketek eta desegokitasun politikoak ezerezean utzi zuten isuna jartzeko aukera.

Antzekoa da Frantziaren eta Espainiaren kasua. Beste inork baino motelago txikitu dute defizit publikoa, eta ezinean dabiltza zor publikoa %100etik jaisteko. «Ez dute interes tasen jaitsiera nahikoa baliatu beren zorra txikitzeko», ziurtatu zuen Drombovskisek, eta ohartarazi zien merkatuen presioa jasan dezaketela horrela egin ezean.

Alemania eta Herbehereak

Mario Draghiren eskaerarekin bat egin zuen Moscovicik, eta eskatu zien superabita duten herrialdeei gehiago egiteko jarduera ekonomikoa sustatzeko: «Pozten gara hasi direlako, baina askoz gehiago egin dezakete. Gastua handitzeko duten aukera erraldoia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.