Euskaltelek Espainian hedatu nahi du aurki, Virgin markarekin

Jose Miguel Garcia ordezkari kontseilariak dio ez dagoela planik zuntz sarea saltzeko «orain». «Bermatu» du konpainia estrategikoaren egoitzak Euskal Herrian jarraituko duela

xabier martin
Donostia
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gai batzuetan epel izanda ere, Euskaltelen inguruko kezkak argitzeko urratsa egin du Zegona Erresuma Batuko funtsak jarritako kontseilari ordezkariak. Jose Miguel Garciak ukatu egin du zuntz sarea saltzeko planak daudela «orain», eta «bermatu» du Euskaltelen egoitza nagusiak Zamudion (Bizkaia) jarraituko duela. Konpainia «Espainiako merkatu osoan» lehiatzeko prestatzen ari dela berretsi du, eta zabaltzeko ariketan Erresuma Batuko Virgin marka sartu du, «egokia» delakoan; etxean, Euskaltel markari eutsiko liokete, edonola ere. Euskal erroa indartzeko ildoan argitu ditu, beraz, Euskaltelen inguruko zalantzak, eta balizko inbertitzaileei esan die «ongi etorriak» direla, baita Eusko Jaurlaritzari ere.

Hain zuzen, Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Diputazioko hainbat ordezkariren eta zenbait enpresari eta kazetariren aurrean jorratu zuen atzo enpresaren gaur egungo egoera, Adegik eta Kutxabankek antolatutako lan gosari batean. Eta egoera horretan berezko lekua dauka «Espainiako merkatu osora» aurki hastekoa den hedapenak. Zabaltze hori finantzatzeko zuntz sarea saltzea aukera bat dela argitaratu dute hainbat hedabidek, baina Garciak baztertu egin zuen salmenta hori oraingoz, «azpiegituraren jabetzari eustea inportantea baita lehiatzen jarraitzeko». Gainera, esplikatu zuen sektoreko beste eragileekin egin daitezkeen akordioen bidez hedatzeko asmoa duela, eta horrek ez dituela «inbertsio handiak» eskatuko.

Virgin, «prestigiozkoa»

Ordezkari kontseilariarentzat, «derrigorrezkoa da Euskaltel ez dagoen merkatuko %85eko zati horretara zabaltzea, urgentziazkoa». Garciaren bide orrian hirugarren urratsa izango litzateke, dena den, Espainiako merkatu osoan beste bost handiekin lehiatzea. Lehen eginkizunarekin hasia da: efizientzia lortzea, espezializatzea, eta «Euskaltelen balioa handitzea».

Datu masiboen kudeaketaren olatua hartzea litzateke bigarren urratsa (big data), datuak kudeatzeko eragile handi bat bihurtzea, eta bazkide izatea industria enpresa handiek «egin behar duten datuen iraultza teknologiko horretan»; zabaltzea da azken urratsa, «iparraldeko eremuan lehiatzen den bezain sendo» lehiatzea «Espainiako merkatu osoan». Hori da helburu garrantzitsuena Garciarentzat.

Eta zer markarekin zabaldu nahi duen Euskaltelek? Bada, horretan ere ez zuen erabatekosegurtasuna eskaini, baina Virgin marka aipatu zuen, «prestigioa baduelako»; hala ere, garbi utzi zuen gaur-gaurkoz salmenta handienak Euskal Herrian dituela konpainiak, eta Euskaltel markak aurrera egingo duela.

«Ezin da bestela izan, gure erroa baita eta konpainiaren izaera islatzen baitu; ezin dugu galdu balio hori: Euskaltelen fakturazioaren datuek beren kabuz hitz egiten dute». Espainiako merkatuan lehiatzeko, Euskaltelek Euskal Herrian islatzen duen balio hori islatzeko gai den marka bat nahi du, eta Virgin izan daiteke hori, baina «aztertu egin behar da oraindik». Nafarroan jada Euskaltel markarekin ari direla gogoratu zuen; logikoa dela uste du, «hura lehengusua izanda»; Errioxan ere euskal markarekin probatzen ari dira .

Zegona Euskaltelen akziodun nagusi bihurtu denetik, euskal konpainia estrategiko horren boteregunearen galeraz luze-zabal hitz egin da, baina egoitza lekualdatzea erabat bazterturik dauka kontseilari ordezkariak. «Sektoreko eragile handi bakarra gara egoitza Madrildik kanpo duena, eta horrek bereizten gaitu. Egoitzak Zamudion jarraituko duela bermaturik dago, hasteko harro gaudelako sustrai horretaz». Dena den, Jaurlaritzak ez du baztertu akziodun gisa sartzea konpainian, gidaritzaren orekan eragiteko beharbada. Inbertitzaileak «ongi etorriak» direla esan zuen Garciak, «erakunde publikoak izan ala ez».

Kontseilari ordezkariaren esanek iradokitzen dute, epe batez behintzat, bazterturik daudela erosketa handiak, hau da, sektoreko lehiakide handiekiko bat egiteak. Hori lagungarria litzateke Patxi Lopezen gobernuak Euskalteli saldutako zuntz sare publikoak Euskaltelen esku jarrai dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.