Trumpen kontrako karguak zehazteko agindu dio Pelosik Batzorde Judizialari

Demokratek urtea amaitu aurretik bozkatu nahi dituzte karguak Ordezkarien Ganberan. Trumpek adierazi du ez dagoela bere kontra egiteko oinarririk

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea, atzo, Washingtonen, impeachment-a iragartzeko agerraldian. SHAWN THEW / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako impeachment prozesua abian jarriko du Ordezkarien Ganberak, Nancy Pelosi AEBetako behe ganberako presidenteak atzo jakinarazi zuenez. Haren esanetan, «gertaerak eztabaidaezinak dira», eta argi uzten dute Trumpek «botere abusua» egin zuela «bere onura politikorako». Hori dela eta, presidentearen karguak zehazteko agindu dio ganberako Batzorde Judizialari.

Pelosik gaineratu du AEBetako presidentearen jokaerak arriskuan jarri duela herrialdearen «segurtasun nazionala». AEBek Ukrainari ematekoa zioten laguntza militarra eta Ukrainako presidentearekin Etxe Zurian egitekoa zuen bilera «erabakigarri» bat eten zituen, Ukrainak iragarri arte Joe Biden politikari demokrata eta haren semea ikertzen hasi zela.

Pelosik salatu du modu horretan Trumpek presio egin ziola Ukrainari, 2020ko hauteskundeetan lagun ziezaion —Joe Biden izan daiteke hautagai demokrata eta Trumpen aurkari nagusia datorren urteko bozetan—.

«Presidentea legearen gainetik egotea onartzen badugu, gure errepublika arriskuan jarriko dugu ziurrenik», adierazi du Pelosik. «AEBetan, inor ez dago legearen gainetik». Ganberako presidentearen arabera, Trumpek AEBetako Konstituzioaren «bihotza» jo du. «Gure demokrazia da arriskuan dagoena. Presidenteak ez digu beste aukerarik utzi, berriro ere hauteskundeak desitxuratzen saiatzen ari baita bere onurarako».

Trump, Senatuari begira

Trumpek Twitter bidez erantzun dio Pelosiri. Adierazi du inolako oinarririk gabe aurkeztuko dituztela bere kontrako karguak. Trumpen esanetan, demokratek amore eman dute 2016ko hauteskunde kanpainaren eta Errusiaren ustezko esku hartzearen auzian, eta orain tematuta daude Ukrainako presidentearekin izan zituen telefono dei «guztiz egokiekin». Ohartarazi du impeachment kasu honek aurrekari arriskutsua ezarriko duela, eta salbuespenezko beharko lukeen prozedura hori ohiko bihurtuko duela, aurrerantzean AEBetako presidenteen aurka egiteko. «Ez da hori gure fundatzaileek nahi zutena. Albiste ona da errepublikanoak ez garela inoiz egon horren batuta. Irabaziko dugu».

Pelosiren jakinarazpena argitara atera aurretik, Trumpek bere kontrako karguak aurkeztera deitu ditu demokratak. AEBetako presidenteak esan die bere kontra egin behar badute «azkar» egiteko, auzia Senatura lehenbailehen iritsi dadin eta bertan «epaiketa bidezkoa» izan dezan. Trumpek aditzera eman du demokraten orain arteko kontakizuna hankaz gora jarriko duela Senatuan, eta lekuko ugari aurkeztuko dituela. Senaturako defentsa estrategia prestatzen hasia da haren hurbileko lantaldea.

Prestaketa horren adierazle da Rudolf W. Giulianik, presidentearen abokatu pertsonalak, Kievera egin duen bidaia. Han, Andriy Derkach parlamentari independentearekin bildu da. Derkachek adierazi duenez, bileraren helburua izan da ustelkeriaren kontrako talde bat sortzea Ukrainako Parlamentuan.

Trumpen aurkako salaketak aurrera egingo duen ala ez erabaki beharko du orain Ordezkarien Ganberak. Batzorde Judizialak presidentearen aurka zehaztuko dituen karguak onartuko al dituen bozkatuko du. Pelosiren asmoa da urtea amaitu aurretik egitea bozketa. Izan ere, demokratek saihestu egin nahi dute erabakia hauteskunde urtean hartzea—2020ko azaroan izango dira bozak—, impeachment-a interes alderdikoiekin errazago lotu daitekeen beldur.

Prozesuak aurrera jarrai dezan, nahikoa da Ordezkarien Ganberak Trumpen kontrako karguak gehiengo arruntez onartzea, eta, demokratek behe ganberan gehiengoa dutenez, hala izatea espero da. Ganberak karguak onartuko balitu, prozesua Senatura bideratuko litzateke, eta han hartuko litzateke azken erabakia.

AEBetako goi ganberak auzitegi modura funtzionatuko luke orduan: Ordezkarien Ganberako kideek fiskal gisa jardungo lukete, senatariek epaile gisa, eta epaiketa Auzitegi Goreneko presidenteak gidatuko luke. Trump erruduntzat jotzeko, beharrezkoa da 67 senatariren botoa —Senatuaren bi herenak—. Errepublikanoek dute gehiengoa Senatuan. 53 senatari dituzte, ehunetik; demokratek 45 dituzte, eta beste bi independenteak dira, baina demokraten hurbilekoak. Beraz, beharrezkoa litzateke, gutxienez, hogei errepublikanok Trumpen aurka egitea. Hala gertatuko balitz, AEBetako Kongresuak Trump kargugabetuko luke, eta erabakia irmoa litzateke.

Adituen iritziak

Inteligentzia Batzordearen txostena Batzorde Judizialak aztertu zuen, herenegun. Hainbat juristaren iritzia bildu zuen. Demokratek gonbidatutako adituen iritziz, nahikoa oinarri dago Trumpen kontrako akusazioak zehazteko. Errepublikanoek gonbidatu zuten zuzenbide akademikoaren iritziz, berriz, Ordezkarien Ganberak desitxuratu egin ditu impeachment-a abian jartzeko beharrezkoak diren baldintzak. AEBetako Konstituzioaren arabera, impeachment prozesua abiatu daiteke «traizioa, eroskeria, edota delitu eta falta larriak» leporatzen direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.