Uvescok hedatzen jarraituko du, baina merkatu berrietara joan gabe

Aurten beste sei supermerkatu zabaldu nahi ditu Irungo banaketa taldeak, horietatik bi Euskal Herrian. 2020rako helburuak lortuz gero, krisia hasi zen urteko fakturazioa bikoiztuko luke

Uvescok hedatzen jarraituko du, baina merkatu berrietara joan gabe.
Imanol Magro Eizmendi Iker Aranburu
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

Anbizioa, baina neurrian, abentura handietan sartu gabe. Horrela laburbil daiteke Uvescoren hurrengo urteetarako plana. Zabaltzen jarraitu nahi du Irungo banaketa enpresak, urtero denda gehiago irekitzen, baina ez du asmorik, oraingoz, merkatu berrietan sartzeko. «Estatuko beste eremu batzuetan» eskaini dizkiete erosketak, baina ezetz esan dute, gaur egun zabalduta dauden eremuetan gehiago hazteko aukera ikusten dutelako; hala azaldu zuen Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendari nagusiak atzo, Bilbon.

Zehatzago esateko, 2020an beste bi supermerkatu irekiko ditu Euskal Herrian, Gipuzkoan biak: Aretxabaletan eta Zarautzen. Beste zazpi ere zabalduko ditu Espainian. Bat, aspaldiko merkatu batean —Kantabrian—, eta beste sei, berriz, begiz jota daukan merkatu berri batean —Madrilen—. Irungo banaketa taldea 2017an hedatu zen Madrilgo erkidegoko iparraldean, Gigante katea erosita.

Eremu horretan gehiago hazteko aukera ikusten du Uvescok, zeren, erosteko ahalmen handikoa izanik, arrakasta baitu tokian tokiko produktu freskoetan oinarritutako ereduak. Hain zuzen ere, Giganten saltzen zutenaren aldean, %30 gehiago saltzen dute orain Madrilgo eta Avilako dendek. Espainiako hiriburuko erdialdean ere jarri nahi ditu saltokiak, baina neurri egokiko lekurik ez dute aurkitzen. Horregatik, ez dute baztertzen saltoki txikiagoak jarri behar izatea.

187 denda Euskal Herrian

Uvescoren indargunea, edonola ere, Euskal Herrian bertan dago. 2019. urteko memoriaren arabera, 187 supermerkatu ditu: ehun Bizkaian, 56 Gipuzkoan, 24 Nafarroan, eta zazpi Araban. BM marka erabiltzen du, eta Super Amara Gipuzkoako denda batzuetan. Eroskiren atzetik, hark du bezero gehien —%20ko merkatu kuota du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zertxobait txikiagoa Nafarroan—.

1993an sortu zen Uvesco, Irungo Unialco eta Kantabriako Ves batu zirenean. Urratsez urrats hedatzeko politika bati ekin zion, eta krisiak ez du plan hori aldatu. Kontrara, gai izan da neurria bikoizteko, hedapen naturalaren eta erosketen bitartez. Horrela, 2007. urtean 402 milioi euroren salmentak egin zituen, eta aurten espero du beste %7,4 handitzea eta 830 milioi eurora heltzea. 2019. urtea «pozgarria» izan dela azaldu zuen Fernandez de Barrenak. Salmentak 773 milioi eurora iritsi ziren, %4,5 hazi baitziren, iragarritakoa baino puntu erdi gehiago.

Simplyren erosketa

Langile kopuruan ere hazkunde handia izan du Uvescok azken hamarkada luzean: 2.434 langile zituen 2008an, eta dagoeneko 5.121 ziren 2019an. Urte horretan beste 551 langile batu zituen: horietatik 309k aurretik Simply-Sabecorentzat egiten zuten lan, baina Uvescok kate horretan 11 supermerkatu erosi zizkion aurreko jabeari, Auchan talde frantziarrari. Gainera, beste sei supermerkatu berri ireki zituen, guztiak Espainian.

Hain zuzen ere, Bizkaian egin zuen Uvescok bere erosketarik handiena: 2011. urtean, Ercoreca katea eta haren 50 supermerkatuak erosi zituen.

Fernandez de Barrenak nabarmendu zuenez, Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata 950 eurora igo izanak ez die eragingo. Izan ere, bere langileek lan itun propioa dute, eta EAEko banaketa handiko hitzarmenaren baldintzak hobetzen ditu itun horrek.

Taldeak finantza egoera «saneatua» duela azaldu zuen Uveescoko buruak, «ia» ez baitute ezer zor. Iragarri zuen apirilerako iturri berriztagarrietatik lortuko dutela argindar guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.