'Brexit'-a zehazteko ordua

EBk merkataritza libreko itun bat eskaini dio Erresuma Batuari, baina bi baldintzarekin: bere arauak betetzea eta arrantzan gauzak ez aldatzea. Johnsonek erantzun du arau propioak jarriko dituela

Michel Barnier, Europako Batzordeko brexit-aren negoziatzailea, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Brexit-aren ondorengo brexit-a negoziatzeko ordua iritsi da. 47 urtez Europako Batasuneko kide izan ondoren, ostiralaz geroztik talde horretatik kanpo dago Erresuma Batua. Baina irteera birtuala da oraindik, 2020ko abenduaren 31ra arte indarrean baitago trantsizio epea, eta gauza gehienek orain arte bezala jarraituko dute. Hortaz, benetako brexit-a 2021eko urtarrilaren 1ean gertatuko da, baldin eta ordurako bi aldeak gai diren finkatzeko zer-nolako harremana izan nahi duten. Etorkizun hori atzo hasi ziren marrazten Londres eta Brusela, negoziaziorako helburuak zehaztu baitzituzten. Funtsean, antzeko zerbait nahi dute: merkataritza harreman sakona ahalbidetuko duen itun bat. Baina itun horren letra txikiari buruzko desadostasunak handiak dira.

ZER NAHI DU EB-K?

Itxura batean kontraesana diruditen helburuak lortu nahi ditu Europako Batasunak: harreman estuak nahi ditu Erresuma Batuarekin, merkatu ona eta gertukoa delako bere auto, makina eta elikagaientzat; baina ez du nahi harremanak orain arte bezain errazak izatea, bere barruko indar euroeszeptikoek ez dezaten EBtik ateratzeko tentazioa izan. «Batasunik estuena lehen genuena zen. Harremanik onena EBko kide izatea da», azaldu zuen atzo Michel Barnier EBko negoziatzaileak, Bruselan. Era berean, ez du nahi Londresek berreskuratutako subiranotasuna erabiltzea hari dumping-a egiteko. Horregatik, bere arauen eta estandarren bidez lotu nahi du Londres.

ZER PROPOSATU DU EB-K?

Tarifarik eta kuotarik gabeko merkataritza libreko akordio bat. Alde bateko produktuek ez lukete muga zergarik ordainduko beste aldean saltzean, eta elkarri nahi beste erosi ahal izango lukete. Produktuei ez ezik, zerbitzu batzuei ere eragingo lieke itun horrek, hala nola telekomunikazioei, ingurumen zerbitzuei, merkataritza digitalari, jabetza intelektualari eta kontratazio publikoei.

ZER NAHI DU JOHNSONEK?

Funtsean, antzeko gauza bat: EBk eta Kanadak gaur egun duten merkataritza harremana. 2016ko urrian sinatutako akordio batek, CETAk, muga zergak kendu zizkien produktuen %98i, eta beste aldeko enpresei sarbidea eman zien kontratu publikoetan lehiatzeko.

ZEIN DA BI PROPOSAMENEN ARTEKO ALDEA?

Tarifez eta kuotez gain, badaude bi lurraldeen arteko merkataritza trabatzen duten beste osagai batzuk: arauak. Hau da, produktu batek eremu jakin batean saltzeko bete behar dituen baldintzak. Haien artean daude ingurumenari buruzkoak, langileen eskubideei buruzkoak, estatu laguntzei dagozkienak... Arau horiek guztiak betetzeak kostu bat du enpresentzat, eta EB beldur da Londresek ez dituen arau horiek guztiak bigunduko merkeago ekoitzi ahal izateko. Horregatik, EBk nahi du ezinbestean merkataritza akordio batek bermatzea bere arau eta estandarrak beteko dituela Erresuma Batuak. Bruselak «level playing field» esamoldea darabil arlo horretan, hots, bi aldeek jokaleku antzekoa izan behar dutela. Kontu horretan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak Johnsoni egindako oharra errepikatu zuen atzo Barnierrek: EBren arauak zenbat eta gehiago onartu, orduan eta sarbide handiagoa izango du Erresuma Batuak Europako Batasuneko merkatu bakarrean. Barnierrek gogorarazi zuenez, trantsiziorako itunean, Johnsonek berak onartu zuen bi aldeek antzeko arauak izango zituztela dibortzioaren ostean.

ZER DIO LONDRESEK EB-REN ARAUAK BETETZEARI BURUZ?

«Merkataritza akordio batek ez du nahitaez ekarri behar [Erresuma Batuak] bete behar izateak EBren arauak lehiari, diru laguntzei eta ingurumenari dagokienez». Hitz horiek baliatu zituen atzo Boris Johnsonek, eta ziurtatu zuen EBk aukera hori onartzen zuela lehen. «Askotan esan digute hautatu behar genuela Norvegiaren eredua —EBren merkaturako sarrera osoa, haren arauak onartuz— ala Kanadarena —merkataritza itun anbiziotsua, merkatuak zabaltzen dituena, baina EBren arau guztiak bete behar izan gabe—. Bada, aukeratu dugu: Kanadakoaren moduko merkataritza akordioa nahi dugu».

ETA ARRANTZA?

Barnierrek beste baldintza bat jarri zion atzo Erresuma Batuari: akordio batean sartu beharko du arrantzaren gaia ere. Arlo horretan, gauzak orain arteko moduan nahi ditu: batasuneko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako kala oparoetan arrantzatzen jarraitu ahal izatea, eta, trukean, britainiarrek bere arrainak eta itsaskiak libre saldu ahal izatea EBko merkatuetan —hara doa orain haien ekoizpenaren zatirik handiena—. Eskaera zaila da hori Johnsonentzat, brexitzaleen aldarrikapen nagusietako bat izan delako uren gaineko kontrola berreskuratzea. Horregatik, arrantzaleak brexit-aren aldekoak izan dira, oro har, Ingalaterran ez ezik baita Eskozian ere. Atzo, Erresuma Batuko lehen ministroak erakutsi zuen beste irtenbide bat nahi duela: urtero negoziatuko litzatekeen kuota sistema bat bere uretan, EBren merkatuetarako sarbidearen truke.

ZER GERTATUKO DA AKORDIORIK EZ BADAGO?

Londresek urrirako nahi du akordio bat, erakunde guztiek berretsi eta abenduaren 31rako indarrean jarri ahal izateko. Johnsonek baztertu egin du inolako traturik gabe iristea epemuga horretara: «EBren eta Kanadaren arteko harremana ez badaukagu, Australiak duenaren antzekoa izango dugu». Gaur egun, Munduko Merkataritza Erakundearen arauen araberako merkataritza harremana dago EBren eta Australiaren artean, baina merkataritza librerako akordio bat negoziatzen ari dira. Barnierrek, berriz, ohartarazi die EBko enpresei gauzak aldatu egingo direla: «Merkatu bakarra izan beharrean, bi merkatu desberdin izango ditugu. Aduanak izango dira, produktuak kontrolatu beharko dira. Enpresek orain moldatu behar dute errealitate berri honetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.