Konbentzitzeko azken aukera

Lehenengo debatean baino errespetu handiagoz eztabaidatu zuten Trumpek eta Bidenek ostegun gauean, bozen aurreko azken buruz burukoan. Pandemiaren kudeaketa izan zen gai nagusia

Donald Trump AEBetako presidentea eta errepublikanoen hautagaia eta Joe Biden demokraten presidentegaia, ostegun gauean, debatean. SHAWN THEW / EFE.
Andoni Imaz - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gutxi dira AEBetan botoa erabaki gabe duten herritarrak, inkesten arabera. Eta, gainera, dagoeneko 48 milioik baino gehiagok bozkatu dute jada presidentetzarako hauteskundeetan —2016koetako boto kopuru osoaren herena—. Hori kontuan izanda, tarte gutxi ikusten dute adituek boto emaileen joera hautagai batetik bestera aldatzeko. Zalantzan direnak konbentzitzeko azken aukera izan zuten, ostegun gauean, Donald Trump AEBetako presidente eta hautagai errepublikanoak eta Joe Biden presidentegai demokratak, Nashville hiriko (Tennessee, AEB) Belmont Unibertsitatean egin zuten debatean. Bi hautagaien arteko bigarren aurrez aurrekoa izan zen, eta hauteskundeen aurretik egingo den azkena.

Lehenengoan baino errespetu handiagoz eztabaidatu zuten. Ez zen borondate kontu hutsa izan. Aurreko eztabaidan izan ziren etenak saiheste aldera —Trumpek sarriagotan moztu zuen Biden—, neurriak iragarri zituzten antolatzaileek: hitza ez zuen hautagaiari mikrofonoa itzali zioten une jakin batzuetan. Eztabaida ordenatuagoa izan zen, eta ageriago gelditu ziren Trumpen eta Bidenen arteko aldeak.

Koronabirusaren pandemiak AEBetan sortu duen osasun eta ekonomia krisia izan zen debatearen gai nagusia. Hautagai demokratak estu hartu zuen presidentea, eta pandemiaren aurre egiteko nahikoa ez egin izana leporatu zion. «Hainbeste heriotzaren arduradun denak ezin du AEBetako presidente izaten jarraitu». Okerrena oraindik iristeko dagoela gaineratu zuen. «Negu beltza dator, eta berak ez du plan argirik».

Trumpek kontrakoa ziurtatu zuen, baina. AEBek garairik zailenak pasatu dituztela, eta egoera hobetzen ari dela deritzo. «Herrialdea irekitzen ari gara». Presidenteak gaineratu zuen ez dela bere errua birusa herrialdean zabaldu izana. «Txinaren errua da». Herritarrak gaitzarekin «bizitzen ikasten» ari direla esan zuenean eman zion Bidenek erantzun gordinenetako bat. «Harekin hiltzen ikasten ari gara». Trumpek larritasuna kendu dio egoerari, nahiz eta birusak herrialdean 223.000 heriotza eragin dituen. «Kutsatzen direnen %99 osatu egiten dira». Esan du txertoa «prest» dagoela, eta aste gutxiren buruan izango dela erabiltzeko moduan.

Gurasoengandik bereizitako adingabe migratzaileena izan da eztabaidan goia jo duten beste gaietako bat. ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak aste honetan bertan esan du oraindik ez dituztela aurkitu mugan bereizi zituzten 545 adingaberen senideak. Bidenek migrazio politika «kriminalak» ezartzea egotzi zion Trumpi. Presidenteak, berriz, adierazi zuen bere gobernuak «oso ondo» zaindu dituela adingabe horiek.

Moderatzaileak Obamaren agintaldiko migrazio politikei buruz galdetu zion Bideni, eta gogorarazi zion bera presidenteorde zen garaian ez zutela migrazio erreformarik egin, eta inoiz baino pertsona gehiago deportatu zituztela. «Luze jo zuen gauzak ondo egin arte. Ni presidentea izango naiz, ez presidenteordea», erantzun zuen hark. Segidan adierazi zuen ezen, irabaziz gero, migrazio politiken inguruko proposamen bat aurkeztuko duela gobernuaren lehen ehun egunetan, agiririk gabeko 11 milioi pertsonak «herritartasunerako bide bat» izan dezaten.

Trumpek ustelkeriaren alorrean aurkitu zuen Bideni eraso egiteko aukera. Salatu zuen Bidenek dirua jasotzen duela Txinatik, Errusiatik eta Ukrainatik. Hautagai demokratak gogor erantzun zion: «Zuk duzu dirua Txinan. Nik 22 urtetako errenta aitorpenak eman ditut, eta zuk, bakar bat ere ez. Zer duzu ezkutatzeko?».

Klima larrialdiari buruz ere aritu ziren. «Arrisku existentziala» dela nabarmendu zuen Bidenek, eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko petrolioaren industrian «trantsizioa» bultzatuko duela agindu zuen, «nabarmen» kutsatzen duelako. Berehala heldu zion Trumpek adierazpen horri. «Gogoratuko duzu hori, Texas? Gogoratuko duzue hori, Pennsylvania, Oklahoma?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.