Berriztagarriak ia hirukoizteko adina proiektu ditu Nafarroak

35 proiektu daude tramitean Nafarroako Gobernuan, eta urtea amaitu aurretik beste 32 eskaera irits daitezke. Eskaera formalik ez dago eztabaida sortu duten bi parkeri buruz: Lesaka eta Etxaurikoa

Artxiboko irudian, haize errotak Erreniegan, Euskal Herriko parke eoliko zaharrenean. JESUS DIGES / EFE.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroan, berriztagarriak instalatzeko 35 proiektu daude tramitean, abendu amaierarako 32 gehiago iris daitezke, eta beste hainbat espero dira 2021. urtetik aurrera. Energia iturri berriztagarriek Nafarroan duten etorkizun oparoaren neurria eman nahi izan zuen atzo Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak, datuz betetako agerraldian.

Proiektu kopuru handia dago haren mahai gainean, eta proiektu asko egongo dira hurrengo urteetan ere. «Hori ona da», azpimarratu zuen Aierdik, klima larrialdiari aurre egiteko helburuak gogoan. Energiaren %23,2 berriztagarrietatik sortzen du gaur egun Nafarroak, baina erkidegoak bere buruari jarritako helburua da 2030. urterako energiaren erdia iturri berriztagarrietatik etortzea.

Hala, tramitazioaren une batean edo bestean, gaur egun guztira energia berriztagarria sortzeko 35 proiektu aurkeztu dituzte Nafarroako Garapen Ekonomikoko Kontseilaritzan: 23 dira eolikoak, eta hamabi fotovoltaikoak. Horiek guztiz beteko balira, 1.166 megawatt instalatuko lirateke—horietatik, 968 megawattek lituzkete sarbide baimenak—. 35 egitasmoetatik 23k jada gainditu dute aurkezpen publikoaren fasea -hamazazpi eolikok eta sei fotovoltaikok-.

Aurkeztutako horiez gain, beste proiektu mordo bat daude ez diotenak eskaera formalik egin Nafarroako Gobernuari, baina badutenak jada argindar sarerako sarbide baimena —baimen hori kasu gehientsuenetan REE Red Electrica Españolak ematen du—. Azken lege aldaketen ondorioz, sarbide baimena duten proiektuak behartuta daude abenduaren 24a dagokion administrazioan eskaera formala aurkeztera.

Burbuilaren ostean

Joan den ekainean etorri zen berriztagarrietarako sarbide eta konexio baimenen inguruan puztutako espekulazio burbuila eztandarazteko dekretua, zeinak baimena lortu edo eskatu zuten sustatzaileak euren proiektuak betetzera «behartu» nahi zituen. Hala, sustatzaile horiek derrigorrez irailaren 24rako hasi behar zituzten eskaera formalaren tramiteak. Data hori zuten muga asmoei eta baimenari uko egiteko, megawatt bakoitzarengatik ordainduak zituzten 40.000 euroren bermeak berreskuratzeko.

Irailaren 25a iritsita, izan dira Nafarroan euren sarbide baimenari edo baimen eskaerei uko egin eta euren balizko proiektuak errealitate bihurtzea baztertu duten sustatzaileak. 1.236 megawatt instalatzeko proiektuak ziren, eta horietatik 387 megawattek zituzten sarbide baimenak eskuan.

Euren proiektuekin jarraitzea erabaki duten sustatzaileek, berriz, tramite guztiak betetzeko egutegi zehatza dute orain. Horregatik, abenduaren 25aren aurretik berriztagarriak instalatzeko eskaera formal gehiago espero ditu Nafarroako Gobernuak.

Sarerako sarbide baimenarekin baina eskaerarik egin gabe beste 32 proiektu leudeke Nafarroan, hamazazpi eolikoak (845 megawatt) eta hamabost fotovoltaikoak (1.250 megawatt). Kontuan izan behar da Espainiako Gobernuaren esku gelditzen direla tramiteak 50 megawattetik gorako proiektuetan, eta erkidego bati baino gehiagori eragiten dietenetan. Horrela, 32 proiektutatik hamahiru (zazpi eoliko eta sei fotovoltaiko) Energia Ministerioak tramitatu beharko ditu.

Bateko eta besteko proiektuekin, argazkia orain hau da: berriztagarrietan 1.500 megawatt inguru instalatuak ditu gaur egun Nafarroak. Beste 3.466 megawatt instalatzeko proiektuak daude mahai gainean, zerbitzuan jartzekotan, sarerako sarbide baimenarekin edo sarbide eta konexio baimenarekin. Eta horiei gehitu behar zaizkie beste 2.435 megawatt instalatzeko proiektuentzat eginda dauden sarbide eskaerak.Hots, urte gutxitan, Nafarroan ia hirukoiztu egin daitekeela berriztagarrien potentzia instalatua.

Etxauri eta Lesaka

Kontrakotasunak izan dituzten parke eolikoak ezartzeko bi proiektuz ere hitz egin zuen Aierdik. Azaldu zuen Etxauri gainean, Sarbil mendian duen egitasmoarentzat Sacyrrek oraindik ez duela eskaera formalik egin, aurretiazko kontsultaren formula erabili duela, Ingurumen Sailaren txosten bat izateko. «Orain erabaki beharko dute eskaera egin edo ez, eta ikusiko da egiten badute baimenik lortzen duen». Antzeko egoeran legoke Nordexen Lesakako proiektua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.