«Gorrotoan oinarritu dira»

Epaiketa politikoan, Trumpen defentsak adierazi du AEBetako presidente ohia errugabea dela: «Bozetan iruzurra izan dela esateak ez du zerikusirik erasoekin»

Van der Veen —atzean— eta Schoen —aurrean— abokatuek defendatu dute Trump epaiketa politikoan. MANDEL NGAN / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Deigarria izan da, hamasei ordu izanda, Donald Trumpen abokatuek soilik hiru ordu erabili izana AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia defendatzeko. Errudun dela ebazteko senatarien bi herenen babesa behar izateak eta Alderdi Errepublikanoan Trumpek dituen sostenguek errazago egiten dute, hein batean bada ere, aurreikustea estatuburu ohia zigorrik gabe aterako dela egunotako epaiketatik. Agian horregatik erabili dute abokatuek hain denbora gutxi beren tesia aurkezteko, eta agian horren ondorio da argudioak mahaigaineratzean erakutsi eta helarazi duten segurtasuna. Uste dute impeachment-a, «frogetan eta errealitatean baino gehiago», Alderdi Demokratak presidente ohiaren kontra duen «gorrotoan oinarrituta» dagoela.

Trumpen defentsa ideia horri tiraka aritu da bezeroa defendatzeko, politikari demokraten eta horien jarraitzaileen hitzak eta adierazpenak argudio hartuta. Baita horiek azken agintaldian estatuburu ohiaren kontra hainbatetan erabili duten hiztegia behin eta berriz errepikarazita ere: gutxienez ehun aldiz entzun da fight (borrokatu) hitza Senatuan aurkezturiko bideoetan, testuingurua erakutsi gabe —AEBetako presidente ohiak fight hitza hainbatetan erabili zuen iragan hilaren 6ko diskurtsoan—.

David Schoen abokatuarentzat, Alderdi Demokratak prozesuan izan duen «kontraesanen» erakusle da hori: «[Ordezkarien] Ganberako kudeatzaileek [akusazioko kongresukide demokratek] esan dute hitzek inporta dutela». Ez hori bakarrik; Schoenek iritzi du alderdi horrek «estandar bikoitza» ezarri duela, 2017tik Trumpen impeachment-a eskatzen aritu direlako. «Gorroto eta haserre horrek eraman ditu ganberako kudeatzaileak beren hitzei eta ekintzei entzungor egitera».

Bide horri jarraitzea giltzarri izan da AEBetako presidente ohiaren abokatuentzat, oinarri gisa balio izan baitie adierazpen askatasunaren argudioa erabiltzeko. Finean, Trumpek iragan hilaren 6an esandakoa horren mugen barruan egon dela, eta, hortaz, ez zuela deliturik egin: hori defendatu dute senatarien aurrean. «[AEBetako Konstituzioko] Lehen emendakinak adierazpen askatasuna defendatzen du boto emaileei adierazpenak egitean», Michael T. van der Veen abokatuaren arabera.

Van der Veenek Kapitolioko erasoaren eguneko gertakariak eta adierazpenak bakarrik erabili ditu defentsaren estrategia garatzeko, bere bezeroaz eta aliatuez aritzean, eta ez du aipatu aurreko hilabeteetan edo agintaldi osoan esandakoa eta egindakoa.

Akusazioak, berriz, hori egin zuen herenegun, adierazi baitzuen Kapitoliokoa «antolatua» izan zela, iragan azaroaren 3ko presidentetzarako hauteskundeak baino «bost-sei hilabete lehenago hasita»: alegia, Trumpek «indarkeria elikatu» zuela epe horretan.

AEBetako estatuburu ohiak iragan urte ia osoa pasatu zuen bozen ustezko iruzurra salatzen, eta, bere jarraitzaileen aurrean, errealitate eta erretorika zehatz bat eraiki zuen. «Aurreikus zitekeen. [Manifestariek] Uste zuten harengatik [Trumpengatik] egiten ari zirela, beren eginbehar abertzalea zela, eta hark babestuko zituela», argudiatu zuen akusazioko Joe Neguse kongresukideak. Defentsaren erantzuna honakoa izan da: «Bozetan iruzurra izan dela esateak ez du zerikusirik erasoekin». Iragan hilaren 6an, protestariek polizia bat hil zuten, eta Kapitolioko segurtasun indarrek, Trumpen jarraitzaile bat.

Trump bere Mar-a-Lagoko (Florida) etxetik ikusten ari da epaiketa politikoa, sare sozialetako bere kontuak blokeatuta dituela. CNN kateak zabaldu duenez, atzo hegazkintxo bat pasatu zen AEBetako presidente ohiaren etxe gainetik, mezu hau zuen banderaxka batekin: Convict Trump and Lock Him Up! (Trump Zigortu eta Kartzelatu!).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.