Hauteskunde batzordeak gezurtatu egin du iruzurrik egon izana

Castillok Peruko presidentetzako bozen garailetzat jo du bere burua. Fujimorismoaren salaketak demokraziarentzat «kaltegarriak» direla uste du Hauteskunde Epaimahai Nazionaleko buruak

Castillo bere jarraitzaileen aurrean, herenegun gauean, Liman. HAROLD MEJIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Peru Libreko hautagai Pedro Castillok garaipena aldarrikatu du presidentetzarako bozetan. «Hona nator, ez eskerrak ematera soilik, baita zutik jarri diren gizon eta emakumeei aitorpena egitera ere, demokraziak mugiarazi dituen horiei», adierazi die bere jarraitzaileei. Haren eta Herriaren Indarra alderdiko Keiko Fujimoriren arteko aldeak etengabe egin du gora eta behera joan den igandetik. Botoen %98,35 zenbatuta, ordea, 71.600 botoren aldea ateratzen dio hautagai ezkertiarrak (%50,21) eskuin autoritarioari (%49,79). Fujimorik, ordea, ez du etsi, eta «iruzur zantzuak» daudela salatu du; hauteskunde batzordeak gezurtatu egin du hori.

Fujimoriren esperantza zen atzerrian lortutako abantailari esker markagailua iraultzea —botoen bi heren eskuratu ditu—, baina, haiek guztiak zenbatuta, landa eremuetako azken botoak kontatzea besterik ez da falta; eta Castillok aise irabazi du eremuotan. Fujimorik, baina, ez du bigarren itzuliko porrota onartu nahi, eta emaitzak bertan behera uztea du helburu. «Emaitzak desitxuratzeko eta atzeratzeko estrategia sistematiko eta planifikatu bat» egon dela gaitzetsi du haren alderdiak, eurek boto gehien atera dituzten hauteslekuetako aktak ez zenbatzea helburu izan duena. «Herriaren nahia boikotatzeko asmo argi bat dago», berretsi du Fujimorik.

Emaitza estua dela medio, Castillok haren aldeko hautesleei dei egin zien «herritarren borondatea ikuskatzera» joateko, hau da, hauteslekuetako zenbaketak gainbegiratzeko. Haietako batzuek helegiteak aurkeztu zituzten, aktak egiteko garaian akatsak egon zirela argudiatuta. Zerbait «ohikoa» eta «aztertu beharrekoa», hauteskunde batzordearen esanetan. Inpugnatutako akta horiek, ordea, emaitzei zilegitasuna kentzeko erabili zituen Fujimorik, botoen %94 zenbatuta zegoenean Castillok aurre hartu eta gero.

Herriaren Indarra alderdiko liderraren hitzek aurkari politikoen kritikak soilik ez, Peruko Hauteskunde Epaimahai Nazionalarenak ere eragin dituzte: «Ez da ez hauteskunde batzordearen, ez epaimahai berezien lana iruzurrak bultzatzea edo herritarren nahia desitxuratzea».

Erakundeko presidente Jorge Salasek adierazi du, hitz horiekin, Fujimorik eta haren jarraitzaileek «kalte» egiten diotela demokraziari, eta nabarmendu du «arriskutsuak» izan daitezkeela. «Iruzurrak planifikatuta ekintza bat dakar berarekin, barrutik bultzatua eta herritarren nahia bihurritzeko erabakiarekin egina. Hori ez da existitu, ez da ikusi, ez da gertatu», azaldu du.

Salasek berretsi du halako zerbait gertatu izana «norbanako baten irudipen txarretan soilik» existitzen dela, Amerikako Estatuen Erakundearen eta Hauteskunde Erakundeen Batasun Interamerikarraren txostenek frogatzen duten moduan. Beraz, Peruren orainari eta etorkizunari begiratzeko deia egin die alderdiei: «Herrialdean pentsatu behar da; gorrotoa eta banaketa sustatzen badira, nola egingo da gero batasunerantz?».

Bat dator Gardentasun Zibilerako Erakundeko buru Adriana Urrutia ere. Haren esanetan, salaketak «oinarririk gabeak» dira: «Ez da iruzurrik existitzen. Ikertzea merezi duen kasu bakanak besterik ez daude». Hala, kontuak eskatu dizkio Fujimoriri, hitz horiek bozen testuinguruan eragin dezaketen kalteagatik.

Denera, Peru Libreko kideek 1.200 akta inguru inpugnatu zituztela gaitzetsi du fujimorismoak, baina, hauteskunde batzordearen arabera, 494 inpugnazio egon dira herrialde osoan —bi alderdietako kideek eginak zenbatuta—. Gainerakoetan, hauteskunde batzordeak berak aurkeztu zuen partea, akats material eta teknikoak medio. Guztien onarpenaren inguruko epaiak datozen egunetan emango dituzte hauteskundeetarako auzitegi berezietako epaileek, eta zuzenean ian ahalko da prozesuen berri.

Hori ez da guztia, baina. La Republica egunkariak argitaratu duenez, Herriaren Indarra alderdiak aurkeztutako hainbat salaketa ere faltsuak dira. Adibideen artean adierazi dute Totorani herriko mahai baten aurkako jarritako kexa. Hiru kideek abizen bera zutenez, Peru Libreren alde egiteko «mahaia bere egin zuen familia bat» zela argudiatu zuen alderdiak. Hauteskunde batzordeak, baina, gezurtatu egin du, hausaz aukeratu zituztela esanez.

Gobernu berriari begira

Castillok balioa kendu nahi izan die Fujimoriren hitzei, eta hauteskunde batzordeari exijitu dio gauza bera egiteko, hau da, «herritarren borondatea ez zikintzeko». Era berean, salaketei ez erantzuteko eta «probokazioetan ez erortzeko» eskatu die bere jarraitzaileei.

Hark argi du garaipena berea dela, nahiz eta hauteskunde batzordeak ez duen azken hitza esan oraindik. Hala, jada hasi da bere gobernuaz hitz egiten. Peru Libreko hautagaiak azaldu du «demokrazia eta konstituzioa errespetatuko» dituela, eta «egonkortasun finantzario eta ekonomikoa» bermatu. Aldaketarik ezean, Peru Libreko hautagaiak uztailaren 28an egingo luke karguaren zina, herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrena ospatuko duten egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.