ASEANen goi bileratik kanpo utzi dute Myanmarko juntako burua

Herrialdeko gatazka konpontzeko urratsik ez egitea leporatu diote junta militarrari. Aung San Suu Kyirekin biltzea galarazi diote erkidegoaren ordezkariari. Otsailaren 1etik 1.171 manifestari hil dituzte

Armadaren eraso batek Thantlang herrian (Chin, Myanmar) eragindako kalteak. THE CHINLAND POST / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko gobernuburuak goi bilera egitekoak dira hilaren 26tik 28ra. Ez da han izango Myanmarko juntako buru Min Aung Hlaing. Hainbat estatu kide militarraren presentziaren aurka mintzatu dira, eta hura ez gonbidatzea erabaki dute. Myanmarren demokrazia berrezartzeko pausorik ez emateaz akusatu dute. Hala, barneko fronteari nazioarteko beste bat gehitu dio armadak, estatu kolpea eman zuenetik baja gehien izaten ari den honetan: irailaren 7tik urriaren 6ra, 1.160 soldadu hil eta 580 zauritu zituzten oposizioko miliziek.

Asia hego-ekialdeko gobernuek eta Myanmarko juntak akordio bat erdietsi zuten apirilean. Hartan, zibilen aurkako indarkeria etetea, laguntza humanitarioaren sarrera erraztea eta, ASEANen bitartekaritzarekin, alde guztien arteko elkarrizketa abiatzea onartu zuen junta militarrak. Erkidegoaren mandatari Erywan Yusofen hitzetan, ordea, militarrek ez dute «aurrerapenik egin». Yusof aste honetan zen Myanmarrera joatekoa, baina ez du armadaren aurkako indarrekin biltzeko baimenik jaso, eta ez bidaiatzea erabaki du. Hitzartutakoari muzin eginda, NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko eta Myanmarko Gobernuko lider zen Aung San Suu Kyi elkarrizketatzeko baimena ukatu diote.

Aung San Suu Kyi kolpea eman bezain laster atxilotu zuten militarrek, gobernuko beste hainbat goi kargudunekin batera. Ordutik, etxean dute preso, eta haren aurkako auzi saioetara joateko besterik ez da ateratzen; besteak beste, gailu elektronikoen legez kanpoko inportazioaz —debekatutako walkie-talkie batzuk izateagatik—, hauteskunde kanpainan COVID-19aren aurkako neurriak ez betetzeaz, liskarrak hauspotzeaz eta Sekretu Ofizialen Legea hausteaz akusatu dute.

Auzi horiek guztiak nahikoa arrazoi dira Yusofen eta NLDko liderraren arteko bilera galarazteko, juntako bozeramaile Zaw Min Tunen esanetan: «Inoiz ez dut entzun inongo gobernuk baimendu duenik atzerriko ordezkariak biltzea epaiketa batean dauden pertsonekin, edo legez kanpoko erakundeen ordezkariekin, ez bada egoera oso berezietan». Finean, Yusofi adierazi dio ez dela inor Myanmarko «barne gaietan esku hartzeko». Izan ere, juntak isilean mantendu nahi du Aung San Suu Kyren egoera, eta bere abokatuari ere debekatu egin dio haren aurkako auziei buruzko informazioa zabaltzea, «matxinada bat edo espazio publikoaren ezegonkortasuna» eragin dezakeelakoan.

Gaiak «kezka» sortu duASEAN barruan, Yusofen esanetan. Hala, bederatzi kideetako Atzerri ministroek —Myanmar da hamargarrena— Min Aung Hlaingen parte hartzearen aurka ebatzi zuten atzoko ezohiko bileran.

ASEANeko Giza Eskubideen Aldeko Parlamentari Taldeak eta Myanmarko 50 erakundek egina zieten erabaki hori hartzeko eskaera, eta jarrera hori publikoki defendatu izan dute Filipinek, Indonesiak, Singapurrek eta Malaysiak ere. «Myanmarrek ez luke goi bileretan ordezkaritza politikorik izan beharko, prozesu inklusibo baten bidez demokrazia berrezarri arte», azaldu du Indonesiako Atzerri ministro Retno Marsudik. Malaysiako bere homologo Saifuddin Abdullahk, berriz, pauso bat gehiago eman du, eta gehitu NUG Batasun Nazionaleko Gobernuarekin biltzeko prest dagoela, betiere juntak «adostasunak lortzeko» pausorik ematen ez badu.

CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordeko kideek —NLDko diputatu ohiek osatua— apirilean eratu zuten NUG. Juntak «talde terroristatzat» jo du hura. Halere, erakundea indar hartuz joan da azken hilabeteetan, eta irailaren 7an juntari «gerra defentsiboa» deklaratzeko pausoa eman zuen. Hala, ezkutuko gobernu haren PDF Herriaren Defentsa Indarrak ordura arte hainbat estatutako miliziek—nagusiki, Kachin eta Karen estatuetakoak— hasitako borrokara batu ziren.

«Garbiketa»

Oposizioaren ekimena ikusita, armadak erasoak areagotu ditu, besteak beste Chin eta Kayah estatuetan, oposizioak indar handia duen lekuetan. Hala adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoko bozeramaile Ravina Shamdasanik: «Armarik gabeko norbanakoen aurka indar hilgarria erabili izanaren, etxebizitzen aurkako erasoen, atxiloketa arbitrario masiboen eta militarren zaintzapean hildakoen berri izan dugu». Are gehiago, armadak «garbiketa operazioak» egin dituela salatu du Shamdasanik, hala nola hainbat herriren aurkako bonbardaketak eginda. Beraz, NBE beldur da ea zibilen aurkako eraso masibo baten hasiera izan daitezkeen mugimenduok, Internet sarearen mozketekin batera iritsi direnak.

Zibilen aurkako erasoak ez dira berriak Myanmarren. AAPP Preso Politikoen Babeserako Erakundearen kontaketen arabera, estatu kolpearen aurkako mobilizazioetan 1.171 lagun hil dituzte segurtasun indarrek, eta beste 7.308 atxilotu.

Junta militarrak otsailaren 1ean eman zuen kolpea, ustezko hauteskunde iruzurra argudiatuta —iraileko bozetan botoen %80 inguru eskuratu zituen NLDk—. Armadak Myanmarko Konstituzioaren 417. artikulua baliatu zuen horretarako. Haren arabera, militarrek botere politikoan esku hartzeko aukera dute «Myanmarko batasunaren suntsitzea gerarazteko». Konstituzioa armadak idatzitakoa da, 2008an. Orduan ere boterean ziren militarrak; azken juntak 1962tik 2011ra iraun zuen agintean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.