Pentsioen erreformarako botoak ziurtatu ditu Espainiako Gobernuak

Kongresuko Lan batzordean, aldeko botoa eman dute EAJk eta ERCk, eta EH Bildu abstenitu egin da. Kotizazioa hamar urtez handitzeko zuzenketak jeltzaleen eta koalizioaren botoak eskuratu ditu

Pentsiodunen manifestazio bat, atzo, Donostian. PENTSIONISTAK-ALDERDI EDER.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Pentsioen erreformak aurrera ateratzeko nahiko boto ziurtatzeko bidean da Espainiako Gobernua. Kongresuko Lan batzordean aurrera egin zuen atzo gobernuak eta gizarte eragileek negoziatutako erreformaren lehen zatiak, eta legegaia osoko bilkuraren esku geratu da. Aldeko botoa eman zuten PSOEk, Unidas Podemosek, ERCk, EAJk eta Compromisek, eta aurkakoa PPk, Voxek, Ciudadanosek eta CUPek; EH Bildu abstenitu egin zen. Bozketak izan dezake bere eragina hurrengo asteotan Hego Euskal Herriko kaleetan, ELAk ohartarazi baitu pentsioen eta lan araudiaren erreformen emaitzaren araberakoa izango dela bere erantzuna.LABek argi eta garbi egin du greba orokor baten alde.

Espainiako Kongresuan aurrera doan lege proiektuaren barruan daude ekainean gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hitzartutakoak, hala nola pentsioak batez besteko KPIaren arabera eguneratzea, gastu batzuk zergen kargu uztea, eta erretiro aurreratua zigortzea. Eta zuzenketa baten bidez sartu dute legegaian joan den astean patronalaren onespenik gabe lotutakoa, hau da, hamar urtez kotizazioak portzentajean 0,6 puntu handitzea, pentsioen erreserba funtsa betetzeko. Puntu hori bakarka bozkatu dute diputatuek, eta horretan EH Bilduk bai eman du aldeko botoa.

Ez da hori osoko bilkurara iritsiko den zuzenketa bakarra, diputatuek lan batzordeko eztabaidan egindako aldaketa batzuk azalduko baitira, hala nola alargun pentsioak ezkonduta ez dauden bikotekideei ere ematea, eta osagarri bat ematea 40 urtez kotizatu arren 900 eurotik beherako pentsioa dutenei.

EH Bildu abstenitu egin den arren, hark eta haren aliatu ERCk negoziatutako zuzenketa batek aurrera egin du. Horren ondorioz, sei hilabeteko epean auditoria bat egin beharko dute Gizarte Segurantzak bere gain hartzen dituen gastuei buruz, eta ez dagozkion gastuak argitzeko. 1967tik 2019ra arteko gastuak aztertu beharko ditu txosten horrek, eta beranduenik hilabete barru hasi beharko du lanean.

Beste zuzenketa batek gobernua behartuko du urtebeteko epean gutxieneko pentsioen erreforma bat abiatzera, eta pentsio horiek SMI lanbide arteko gutxieneko soldatara lotzera. Elbarritasunen bat dutenek aldez aurretik erretiroa hartzeko erraztasunak ere sortuko dituzte.

ELAren presioa

EAJren eta EH Bilduren botoak erabakigarriak izan daitezkeelaikusita, haiei presio egiten ari da ELA, erreforma onar ez dezaten. Urriaren 24an, esaterako, kalera atera zen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ez gaitzazue Madrilen saldu leloarekin. Sindikatu horrek uste du erreformaren azken helburua dela pentsioen zenbatekoa jaistea, eta bereziki kritikoa da saria kalkulatzeko kotizatu beharreko epea luzatzearekin. Neurri hori erreformaren bigarren zati baterako utzi du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak. Azken erreforma batek hamabostetik 25 urtera handitu du pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kotizatutako urteak —aurten 24 urte izango dira, eta 25 urte 2022an—. Epe hori 35 urtera handitzeko aukera aipatu izan du Escrivak, baina baita kotizazio urterik txarrenak kalkulu horretatik kentzeko aukera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.