NBEk «inflexio puntu bat» iragarri du Estatu Islamikoa nazioartean epaitzeko

Unitad ikerketa taldeak adierazi duenez, nahikoa zantzu bildu du frogatzeko fundamentalistek gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak egin zituztela

Auzi-mediku talde bat Irak iparraldeko Baduxko espetxearen ondoan, bertan topatu zuten hobi komuna azertzen, joan den ekainean. AMMAR SALIH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Irak iparraldean, Mosul hiria bitan banatzen du Tigris ibaiak, eta, ur lasterrean hamabost bat kilometro gora eginda, Baduxko kartzela ikus daiteke, ezkerrera. Espetxe horren ondoan, NBE Nazio Batuen Erakundearen ikerketa talde batek garrantzia handikotzat daukan hobi komun bat aurkitu zuten. Uste dute han azaleratutako ebidentziek nazioarteko justiziaren aurrera eraman ditzaketela EI Estatu Islamikoko hainbat kide. Unitad EIk Eginiko Krimenen Erantzukizuna Sustatzeko Ikerketa Taldearen esanetan, «inflexio puntu bat» izan daiteke, «espero gabeko itxaropena» pizteko modukoa. TB-testua:«Orain, egoera bat irudikatu dezakegu non justiziaren eraginetik kanpo egongo zirela sinesten zuten horiek erruduntzat jo daitezkeen auzitegi batean», nabarmendu du Christian Ritscher Unitadeko aholkulari bereziak NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurrean.

Baduxko kartzelatik gertu aurkitu zuten hobi komun bat aztertu du ikerketa taldeak. Lanerako baliatu dituzte exekutatuak izan ziren biktimen gorpuzkiak, bizirik irtetea lortu zutenen testigantzak, erasotzaileen hatz markak eta EIren dokumentuak, eta ondorioa argia dela esan dute: gizateriaren kontrako krimenen eta gerra krimenen erantzule da talde fundamentalista, Mosulgo inguru horretan 2014ko ekainaren 10ean egin zuen erasoarengatik.

«Presoak behartuta eraman zituzten espetxearen ondoko gune batera, erlijioaren arabera banatu zituzten taldetan, eta umiliatu. Sistematikoki hil zituzten gutxienez mila preso, gehienak xiitak». Ritscherrek gaineratu du krimen horien erantzule diren norbanakoak identifikatzea lortu dutela, izen-abizenak dituzten EIko kideak. Presoen hilketa masiboa aldez aurretik prestatua zegoelako ebidentziak ere bildu dituzte, Unitadeko arduradunaren hitzetan.

Arma kimikoak

EIk Irakeko eta Siriako lurralde zati handi bat hartu zuen mendean 2014an, eta islamaren interpretazio fundamentalista batean oinarritutako «kalifa herria» aldarrikatu zuen eremu hartan. Irakek 2017an jo zuen garaitutzat EI bere lurraldean, nahiz eta Sirian oraindik eremu esanguratsu bat kontrolatzen jarraitu zuen 2019ra arte, eta Iraken haren taldeek atentatuak egiteko gaitasunari eusten dioten.

EIren hiru urteko «kalifa herriak» iraun zuen artean talde fundamentalistak arma kimikoak eta biologikoak egiteko programa bat garatu zuela adierazi du Unitadek, Baduxko espetxearen inguruetan aurkitu dituzten zantzuetan oinarrituta. Taldeak uste du «EIk gai kimikoak ekoizteko lantegiak identifikatu eta hartu» zituela, eta gauza bera egin zuela Mosulgo Unibertsitatearekin ere, «ikerketarako eta garapenerako zentro gisa» erabiltzeko.

«Zientzialari adituak» jarri zituen programa horretan lanean, batzuk atzerritik joandakoak, eta arma sorta zabaltzea eta sofistikatzea lortu zuen. Ritscherren esanetan, arma kimikoen erasoen biktima izan diren 3.000 lagun baino gehiago identifikatu dituzte. Unitadek aurkeztuko duen hurrengo txostenak EIk arma horiek nola erabili dituen xehatuko du.

Fundamentalisten finantzaketa ereduari buruzko zantzuen berri ere eman dute. «EIren lider sare bat identifikatu» dutela azaldu du Ritscherrek. Sare horrek «finantzatzaile gisa jarduten» du, eta EIk arpilatzeen bidez edo «zerga esplotazioaren» bidez lortzen zituen ondasunak banatzen zituen. Muturreko islamistak finantzatu zituztenak eta harekin aberastu zirenak ere justiziaren aurrera eramatea ezinbestekoa da, Unitaden iritziz.

«Zigorgabetasunetik justiziara igarotzeko aukera» badela uste du Ritscherrek, baldin eta nazioartean horretarako konpromisoa bada. Ospatu egin du lehenengoz EIko kide bat genozidioagatik auzipetu izana. Joan den asteartean hartu zuen erabakia Alemaniako epaitegi batek. Bost urteko haur yazidi baten heriotza leporatzen dio. Amarekin batera erosi zuen esklabo gisa, eta eguzki galgatan kateatu zuen hil zen arte. «Orain aukera dugu horrelako auzipetzeak arau bihurtzeko, eta ez ospakizunerako salbuespen».

Hamar hildako

EIk erasoak egiten jarraitzen du Iraken eta haren menpeko Kurdistanen. Azkena atzo izan zuen Kurdistango Makhmour eskualdean, Khidir Jija herrian, eta hamar hildako eragin zituen: hiru zibil eta zazpi pexmerga—Kurdistango gobernu autonomoko indarretako kideak—.

Joan den astean, indar kurduetako beste bost kide hil zituen EIk Diyala eskualdean. Irakeko gobernu federalak eta Kurdistango aginteak lurralde gatazka dute eremu horretan, eta egoera horrek zaildu egiten du pexmergen eta Irakeko indarren arteko elkarlana. EIk segurtasun hutsune hori baliatzen du erasoetarako. Netxirban Barzani Kurdistango gobernu autonomoaren presidenteak «kooperazio eraginkorragoa» galdegin dio Irakeko Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.