Siriako armadako goi buruzagi bat zigortu dute torturatzeaz akusatuta

Alemaniako auzitegi batek eman du epaia, justizia unibertsala baliatuta. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri diote Anwar Raslani gizadiaren aurkako krimenengatik. Al-Assadek ukatu egin du zerikusia izatea

Sirian hildakoen bi senide, Koblenzeko auzitegiaren kanpoaldean, atzo, justizia eske. SASCHA STEINBACH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Koblenzeko (Alemania) auzitegi batek eman zuen epaia atzo. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Anwar Raslan koronelari, duela hamar urte Damaskoko espetxe batean gizateriaren aurkako krimenak egiteaz akusatuta. Lehen aldia da Siriako goi arduradun baten aurkako zigor bat ezartzen dela, baita estatuak eragindako torturak zigortzen direla ere.

Akusazioaren arabera, Raslanen ardura zen presoen «tortura anker eta sistematikoak» gainbegiratzea. Fiskaltzak aurkeztutako datuen arabera, 2011ko apirila eta 2012ko iraila bitartean 4.000 preso torturatu zituzten Damaskoko Al-Khatib espetxean; horietatik 58 hil egin ziren. Gertakarien erantzule jo dute 58 urteko koronela. Akusatua errugabetzeko eskatu zuen defentsak, argudiatuta Raslanek ez zuela inoiz zuzenean parte hartu torturetan.

Baxar al-Assad presidentearen segurtasun arduradunetako bat ere bazen Raslan, estatuburuaren aurkako protestak piztu zirenean, 2011n. Ordu hartan, segurtasun indarrek indarrez jo zuten manifestarien aurka. Haietako asko Al-Khatib kartzelara eraman, eta torturatu egin zituzten —Infernua lurrean deitzen zioten espetxeari—.

Raslanek berak ihes egin zuen herrialdetik 2012an, eta Alemanian hartu zuen babes. Koronela 2019an atxilotu zuten, Alemanian bertan, Eyad al-Gharib ofizialarekin batera. Bi militarren aurkako epaiketa 2020ko apirilean hasi zuten. Iazko otsailean lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Al-Gharib berari, gizateriaren aurkako krimenak egiten laguntzeaz akusatuta.

«Lehen urratsa»

Nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek txalotu egin zuten epaia. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari Balkes Jarrahren esanetan, justiziak mezu argia helarazi dio Al-Assaden erregimenari: «Inork ez dio justiziari ihes egiten. Hau lehen urratsa besterik ez da».

Epaiak badu garrantzirik, batez ere Al-Assaden erregimenaren aurka jo dutenentzat. Izan ere, aitortzen du haren agintaldian, eta haren aginduz, gizateriaren aurkako krimenak egin zirela, eta atea zabaltzen du horiek zigortzeko. Sirian torturak eta jazarpena jasan zutenetako askok Alemaniara egin zuten ihes, eta haiek izan dira Raslanen eta Al-Ghariben aurkako auzibideari bide eman diotenak.

Bost lagunek eman dute beren lekukotza auzitegian, nahiz eta salaketa 24 pertsonak sinatu. Biktimen arabera, ohikoak ziren jipoiak, deskarga elektrikoak, bortxaketak eta sabaitik hainbat orduz zintzilik edukitzea. Al-Assadek berak esan du epaiketa aztertu duela, baina ukatu egin du torturak eragin izana.

Hala ere, bidearen hasiera besterik ez da askorentzat. Giza Eskubideentzako Europako Zentroko buru Wolfgang Kalecken iritziz, zail da esatea auzi honekin justizia egin zaiela Sirian torturatutako milaka herritarrei. Baina Kaleckek ere aitortu du epaiketa honen ondorio nagusia zera izan dela, ahotsa eman izana torturatuak eta jazarriak izan direnei.

Alemaniak justizia unibertsala baliatu du auzia ikertu eta epaitu ahal izateko. Izan ere, haren arabera, jatorrizkoa ez den herrialde batean epai daitezke gerra krimenez akusatutakoak. Hala, epaiketa honek balio izan du etorkizuneko auzietarako frogak biltzeko ere. Izan ere, biktimen lekukotzez gain, akusazioak hainbat dokumentu aurkeztu ditu; besteak beste, Siriako Gobernuaren gertuko baten bidez lortutako argazkiak. Milaka hildakoren gorpuak ikus daitezke horietan, haietako asko tortura zantzuekin.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi mandatari Michelle Bacheletek historikotzat jo du zigorra, eta ohartarazi du gatazkaren gainontzeko erantzuleek ere kontuak eman beharko dituztela: «Epaiketa honek berriz jarri du arreta atxilo hartutako hainbat siriarrek jasandako torturetan, tratu txarretan eta gizateriaren aurkako krimenetan. Epai honek bihurgune bat izan behar du, etorkizunean halako ankerkeriak gerta ez daitezen».

Raslanen aurkako epaiketa ez da Alemanian egingo duten azkena izango. Datorren astean hastekoa dute Siriako mediku baten aurkako auzibidea, ezkutuko espetxe bateko presoak torturatzeaz akusatuta. Alaa Musa medikuak Alemanian hartu zuen babes, Raslanek bezala, eta 2020an atxilotu zuten, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Siriar iheslarien eta giza eskubideen aldeko erakundeen helburua zera litzateke, Al-Assad bera epaitu ahal izatea, baina, horretarako, derrigorrezkoa da aurrez maila txikiagoko arduradunak atzematea. «Haren aurkako argudioak eta froga sendoak behar dira», azaldu du Kaleckek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.