Albistea entzun

Municheko artzapezpiku zela abusuen aurka ezer egin ez izana egotzi diote Ratzingerri

Artzapezpikutzak berak eskatutako ikerketa baten arabera, aita santu emerituak lau sexu abusuren berri izan zuen. 1945 eta 2019 arteko salaketak jaso dira txostenean
Joseph Ratzinger, 2010eko ekainean, Vatikanoan. 2005etik 2013ra izan zen aita santua.
Joseph Ratzinger, 2010eko ekainean, Vatikanoan. 2005etik 2013ra izan zen aita santua. ETTORE FERRARI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta -

2022ko urtarrilak 21

Joseph Ratzinger, gerora Benedikto XVI.a aita santua izango zena, Municheko (Alemania) artzapezpiku izan zen 1977tik 1982ra. Atzo jakin zenez, Munichen lan egin zuen urteetan Elizaren sexu abusuen berri izan zuen, baina ez zuen ezer egin. Hala egotzi zioten atzo argitaratutako txosten batean. Dokumentuak Bigarren Mundu Gerraren ostetik ia gaur egun arte salatutako abusuak ikertzen ditu, eta ondorioztatu dute Ratzingerrek adingabeen aurkako lau kasuren berri izan zuela artzapezpiku izan zen urteetan, baina ez zuela neurrik hartu.

Dokumentuan jaso dutenez, aita santu emerituak ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak. Ikerketak, ordea, kontrakoa frogatu du, hau da, sexu abusuek jarraitu egin zutela bere agintaldian, eta hark, ezer ez egiteaz gain, ez zituela erasotzaileak kargutik kendu. Aita santu emeritua ez da akusatutako bakarra. Txostenarena arabera, Elizako arduradunek entzungor egin zieten abusuei buruzko informazioei, edota ezkutatu egin zituzten. Dokumentuaren egileen esanetan, «izugarriak» izan dira jaso dituzten salaketak. Abokatu talde batek egin du ikerketa, Municheko Artzapezpikutzak berak eskatuta.

Ratzinger agintean zela gertatutako lau kasuetatik bitan, «laguntza espirituala» eskaintzen zuten apaizak izan ziren erasotzaileak, eta arduradunek ez zuten neurririk hartu haien aurka. Alde horretatik, ikertzaileei ez sinestekoa iruditzen zaie aita santu emerituak bere aurkako akusazioak ukatzea, ordu hartan salaketez arduratzeko «interes falta nabaria» agertu zuenean. «Ratzingerrek bazuen Peter H. apaizaren berri. Hura 1980an lekualdatu zuten Essengo artzapezpikutzatik Munichekora, pedofilia leporatu ondoren. Munichen, adingabeei abusuak egiten jarraitu zuen», jasotzen du dokumentuak. Aita santu emerituak dio ez zela egon lekualdaketa erabaki zen bileran, baina, ikertzaileen arabera, arraroa litzateke halako erabaki bat bera gabe hartu izana.

Ratzingerrek 94 urte dauzka orain, eta 2005etik 2013ra izan zen aita santu, Juan Pablo II.a ordezkatuz. Nekea argudiatuta, 600 urtean karguari uko egin zion Eliza katolikoko aurreneko liderra izan zen. Orduz geroztik ere Vatikanoan bizi da.

«Ratzingerrek bere artzapezpikutzan gertatzen zenaren berri eduki behar zuen», berretsi zuen Ulrich Wastlek, ikertzaileetako batek. Hark eta haren taldeak atzo aurkeztu zuten dokumentua hedabideen aurrean, eta kritikatu egin zuten aurkezpenean Reinhard Marx kardinala egon ez izana. Municheko artzapezpikua da 2007tik, eta dimisioa aurkeztu zuen iaz, Alemaniako Elizak egindako abusuei buruzko txostena argitara atera zenean. Adierazi zuen berak ere bere gain hartzen zuela «katastrofearen» erantzukizuna. Frantzisko aita santuak, baina, ez zion onartu.

Azterketa aurkeztu eta zenbait ordutara mintzatu zen Marx, eta azpimarratu zuen «lotsatuta eta jota» zegoela. «Sentitzen dut Elizaren instituzioarekin gertatu denaren erantzukide naizela. Aspalditik dakigu Elizak ez zituela serio hartzen sexu abusuak, egileak sarritan ez zirela auzitan jarri, eta erantzuleek beste aldera begiratu zutela», azpimarratu zuen telebista bidez zuzenean emandako agerraldi batean. Jakinarazi zuen txostena aztertzen ari direla, eta datorren ostegunean azalpen zabalagoak ematekoak direla.

1945 eta 2019 artean adingabeei egindako 497 abusu kasu zenbatu dituzte txostenean, eta horien egileak 235 pertsona dira; horietatik 173, apaizak. Txostenaren egileek zehaztu dute 247 biktima gizonezkoak zirela, eta 182 emakumezkoak. 8 eta 14 urte bitartean zituzten horien %60k. Kopuruak handiak izanagatik, gertatutakoaren dimentsioa askoz ere handiagoa dela konbentzituta daude ikerketaren egileak; halaxe adierazi zuen atzo haietako batek, Marion Westpfahlek.

Vatikanoak, elkartasuna

Vatikanoak atzo iragarri zuen sakon aztertuko duela argitaratutako txostena. Gainera, elkartasuna helarazi die abusuen biktimei eta haien familiei, ohar baten bidez, eta nabarmendu «aurrerantzean ere» lan egingo dutela adingabeak babesteko eta haientzako «toki seguruak» sortzeko. «Kleroak adingabeei egindako abusuengatik sentitutako lotsaizun sentipena eta kontzientzia kargua nabarmendu nahi ditugu».

Ez da lehen aldia Alemaniako Eliza katolikoaren abusuak ikertzen dituztena. Iaz argitaratutako txosten baten arabera, 3.600 adingabek jasan zituzten abusuak 1946 eta 2014 bitartean. Biktima gehienak oso gazteak ziren, eta asko, meza mutilak. Azkeneko txostenean, Munich eta Freising eremuetan egindako abusuak jaso dituzte.

Azterketaren egileek atzo adierazi zutenez, salatutako apaizetako askok beren zereginetan jarraitu zuten, Elizak haien portaeraren berri edukita ere. Martin Pusch da egileetako bat, eta jakinarazi zuen ikerketa egiteko baliatu dituztela bai espediente ofizialak, bai lekuko izan zirenei egindako dozenaka elkarrizketa, eta ahalegindu direla orduan Elizan erantzukizun postuetan zeudenekin hitz egiten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Artikoko oreka, atakan

Artikoko oreka, atakan

Gorka Berasategi Otamendi

Ukrainako gerrak arriskuan jarri du ipar polotik gertuen dauden estatuen arteko elkarlana. Errusia NATOko kidez inguratuta geldituko da bere muga luzeenean
Suediako lehen ministro Magdalena Andersson, atzo, parlamentuak herrialdea NATOn sartzeko eskatzea onetsi osteko agerraldian. ©HENRIK MONTGOMERY / EFE

Suedia, NATOn sartzeko eskaera egitear, parlamentuak berretsita

Mikel O. Iribar

Lehen ministroak adierazi du Suediak ez duela nahi aliantzaren base militar iraunkorrik herrialdean. Stockholmek esan du eskaera Finlandiarekin batera bidaltzeko asmoa duela
Boris Johnsonen aurkako protesta bat egin zuten, atzo, Belfasten bilerak egin zituzten eraikinaren atarian. ©M. MARLOW / EFE

Johnson prest dago protokoloa ez betetzeko, DUPen blokeoa dela eta

Igor Susaeta

Erresuma Batuak lege bat onartu nahi du, itunean aldaketak egiteko. Ipar Irlandako unionistek begi onez hartu dute Londresen erabakia. Sinn Feinen iritziz, DUP «baretzea» du asmo mugimenduak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...