Gerra Ukrainan

«Genozidioa» egitea leporatu dio lehendabizikoz Bidenek Putini

Etxe Zuriaren ustez, gero eta argiago geratzen ari da Moskuk «ukrainar izatea bera» desagerrarazi nahi duela. Korridore humanitarioak blokeatzea egotzi dio Ukrainako Gobernuak Kremlini

Herritar ugari laguntza humanitarioa jasotzeko ilara egiten, herenegun, Mariupolen. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Joe Bidenek behin baino gehiagotan esan du azkeneko asteotan Vladimir Putin «gerra krimenak» egiten ari dela Ukrainan. Oraingoan beste pauso bat eman du AEBetako presidenteak Errusiakoari egindako akusazioetan, eta «genozidioa» egitea leporatu dio lehendabizikoz.

Etxe Zuriko maizterrak hitz hori erabili zuen herenegun iluntzean —atzo goizaldea Euskal Herrian—, Iowa estatuan egindako ekitaldi batean gasolinaren prezioaren gorakadari aurre egiteko hartzen ari den neurriez hitz egitean. «Nire esku dagoen guztia egiten ari naiz prezioak murrizteko eta Putinek eragindako prezioen igoerari aurre egiteko», adierazi zuen. Eta jarraian hau gehitu: «Zeuen familien aurrekontuek ez lukete egon beharko diktadore batek gerra bat hasi eta munduaren beste aldean egindako genozidioaren menpe».

Gero, hegazkinera igo behar zuenean, erabilitako hitzari buruz galdetu zioten kazetariek, eta argitu zuen baietz, nahita erabili zuela: «Gero eta argiago geratzen ari da Putin ukrainar izatea bera ezabatzeko ahaleginean ari dela. Eta kopuruak, ebidentziak, handitzen ari dira; diferenteak dira joan den astekoekin alderatuta». Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak txalotu egin zuen Bidenek esandakoa, atzo: «Benetako lider baten hitzak dira. Gauzei bere izenez deitzea ezinbestekoa da gaizkiari aurre egiteko». Kremlinek ez zuen ondo hartu Bidenek esandakoa; Dmitri Peskoventzat, «onartezinak» da. Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak, aldiz, esan zuen nahiago duela ahoratutako hitzekin «zuhurra» izan.

Horrekin guztiarekin lotuta, Ukrainako Gobernuak lehengo astean salatu zuen Errusiako armadak «sarraski bat» egin zuela: Butxa herrian, Kiev eskualdean, 340 bat zibilen gorpuak lurrean botata utzi zituztela. Bideni galdetu zioten duela egun batzuk ea hori genozidiotzat hartzen duen, eta adierazi zuen ezetz, «gerra krimen bat» zela.

Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburua Butxan izan da, eta atzo auzitegiak Twitterren nabarmendu zuen herria «gerra eszena bat» dela. «Hemen gaude arrazoizko motiboak ditugulako pentsatzeko auzitegiaren jurisdikziopeko krimenak egiten ari direla». Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak txosten bat kaleratu zuen atzo, ohartaraziz «eredu argiak» daudela adierazten dutenak Errusiako armadak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu duela.

Bestalde, Ukrainak atzo ez zuen korridore humanitariorik zabaldu zibilak ebakuatzeko eta herritarrei oinarrizko produktuak eman ahal izateko, Errusiako armadaren tropei leporatuta horiek blokeatzen ari direla eta Luhanskeko Herri Errepublikan su etena urratu dutela. Irina Verextxuk Ukrainako lehen ministrordeak Telegram bidez adierazi zuenez, Kremlineko soldaduek zibilak ebakuatzeko autobusen bidea blokeatu zuten Zaporizhia eskualdean. Hain zuzen ere, hara jotzen ari dira Mariupol hiri setiatutik —Donetsk oblastean dago— ihes egiten ari diren errefuxiatuak.

Eta Errusiako Defentsa Ministerioaren bozeramaile Igor Konaxenkovek atzo iragarri zuen Mariupolen Ukrainako itsas armadako 1.026 soldadu errenditu egin direla eta armak Errusiako armadari eman dizkiotela. Segidan, baina, Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek Kyiv Independent webgunean zabaldutako ohar batean erantzun zuen ez duela amore emate horren berri.

Ia-ia Ukrainako gerra hasi zenetik setiatu du Errusiako armadak Mariupol hiria, eta hango alkate Vadim Boitxenkok uste du orduz geroztik 21.000 bat zibil hil dituztela borroketan. 450.000 biztanle inguru zituen hiriak gerra hasi aurretik, eta Boitxenkok atzo telebista batean esan zuen 100.000 bat lagun ebakuatuak izan zain daudela.

OPCW, kezkatuta

Zelenskik hitzaldi telematiko bat eman zuen atzo Estoniako Parlamentuan, eta horretan berriro leporatu zion Errusiari fosforoz egindako bonbak erabiltzea. Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak herenegun gauean ohar batean esan zuenez, «kezkatuta» dago informazio horiengatik, eta adierazi zuen zorrotz aztertzen ari dela zer gertatzen ari den. Akusazio horiek eginda ere, Zelenskik ez du frogarik aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.