Gerra Ukrainan

Ukraina EBn «azkar» sartzeko eskatu dute Macronek, Scholzek eta Draghik

Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Errumaniako agintariek esan dute ezin dela «inposatutako bakerik» egon. Ukrainako presidenteak galdegin die Errusiaren aurkako zigor gehiago ezartzea

Ezkerretik hasita, Draghi (Italia), Scholz (Alemania), Zelenski (Ukraina), Macron (Frantzia) eta Iohannis (Errumania), atzo, Kieven. LUDOVIC MARIN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ukrainan izan ziren atzo Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa; hots, EB Europako Batasuneko hiru ekonomia handienetako agintariak. Klaus Iohannis Errumaniako presidentearekin batera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartu ziren, Kieven, eta laurek, euren babesa adierazteaz gain, Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa «berehala» emateko eskatu zuten. Zelenskik, beraz, gerra hasieratik hark nahi zuen mezua entzun zuen.

Hori bai, Alemaniako kantzilerrak gogorarazi zuen Ukraina EBn sartzeko hautagai gisa onartzeko erabakiak talde komunitarioko kide diren 27 estatuen adostasuna behar duela. Zehaztu zuen Berlinek Ukraina babestuko duela, baita Moldavia ere. Horrekin lotuta, gainera, Balkanetako herrialdeak EBn sartzeko prozesua «azkartzeko» eskatu zuen.

Europako buruzagien bileraren bezperan, Zelenskiri presioa egingo ziotela uste zen, Errusiarekin bake akordio bat lortzeko konpromisoak har zitzan. Scholzek, baina, nabarmendu zuen ezin dela «inposatutako bakerik» egon. Antzera mintzatu zen Draghi, eta adierazi zuen irtenbide diplomatiko batek ezin duela Kieven «borondatea» alde batera utzi, «hori gabe ezin baita bake iraunkor eta justua sortu». Alde horretatik, Zelenskik ziurtatu zuen Errusia ez dagoela prest erasoaldiak bertan behera uzteko eta elkarrizketei berriro heltzeko.«Ukraina Errusiaren proposamenen eta benetako ekintzen zain dago». Horrez gain, Errusiaren aurkako zigor gehiago ezartzea galdegin zien EBko liderrei.

Errumaniako presidenteak, berriz, nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatu zuen Itsaso Beltzean korridoreak irekitzeko, Ukrainan blokeatuta dauden 20 milioi tona gari esporta daitezen.

Zelenskirekin bildu aurretik, Irpin (Kiev oblasta) hiria bisitatu zuten Frantziako, Italiako, Alemaniako eta Errumaniako agintariek; 290 zibilen gorpuak topatu zituzten hiri hartako kaleetan, «Errusiako tropak martxo amaieran erretiratu ostean». Laurek Errusiako armadak egindako «gerra krimenak» gaitzetsi zituzten. «Ukrainak eutsi egin behar dio honi guztiari», esan zuen Macronek.

Bestalde, Ukrainako Defentsa ministro Oleksei Reznikovekatzo ziurtatu zuenez, Mendebaldeak aurki Ukrainari emango dion arma sorta Errusiak okupatutako lurraldeak «berreskuratzeko» baliatuko dute; besteak beste, 2014an Errusiak anexionatu zuen Krimea. «Krimea helburu estrategikoa da Ukrainarentzat; Ukrainako lurraldea delako».

Ukrainaren kontraerasoa

Reznikovek azaldu zuenez, Ukrainako kontraerasoa hiru etapatan banatuko dute: lehenengoan, fronteko gerra egonkortzea izango dute helburu; bigarrenean, Errusiako armada otsailaren 24a baino lehenagoko posizioetara itzultzeko lanean ariko dira; eta, hirugarrenean, Errusiak okupatutako lurraldeak «askatzeko» modua landuko dute.

Kievi erantzunez, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek lasaitasun mezua igorri zuen atzo, esanez Krimeako segurtasuna «bermatuta» dagoela. «Ez da lehen aldia. Badakigu mehatxu horiek zeintzuk diren, eta kontuan hartzen ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.