Gerra Ukrainan

Bruselak proposatu du EBn sartzeko hautagaien estatusa ematea Ukrainari

Europako Batzordeak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Kievi talde komunitariora atxikitzeko negoziazioak hasteko. Moldaviak Ukrainaren irizpen bera jaso du; Georgiak, ordea, ez

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, atzo, Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ukrainari EB Europako Batasunera atxikitzeko hautagaien estatusa ematea proposatu zuen atzo Europako Batzordeak, eta hori izango da, hain zuzen, datorren astean Europar Kontseiluak—EBko kide diren 27 estatuetako agintarien biltzarrak— Kieven hautagaitzari buruz izango duen eztabaidaren oinarria. Ostera, Europako Batzordeak kaleratutako irizpenaren arabera, Bruselak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Ukrainako presidente Volodimir Zelenski buru duen gobernuari. Baldintza horiek betez gero, orduan bakarrik hasi ahal izango dituzte talde komunitariora batzeko negoziazioak. Zelenskik, Bruselak hartutako «erabaki historikoa» txalotu zuen.

«Ukrainak argi erakutsi du EBra egokitzeko asmoa duela. Europara batzeko ametsa du», adierazi zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Bruselan egindako agerraldian. Bide beretik, nabarmendu zuen prozesua «merituetan» oinarrituko dela orain, eta Ukrainak talde komunitarioko erreformen arloan egiten dituen aurrerapenen araberakoa izango dela. Hori bai, gogorarazi zuen Kievek Europako arauen %70 betetzen dituela.

Bruselak zehatz-mehatz aztertu du ea EBn sartzeko hautagai izateko eskatzen diren irizpide politiko eta ekonomikoak betetzen diren; baita herrialde bakoitzak 70 urtez baino gehiagoz klub komunitarioak garatutako legedira egokitzeko duen gaitasuna ere. Ukrainari dagokionez, Europako Batzordeak Kieven aldeko irizpena eman zuen, eta Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa emateko proposatu zion Europar Kontseiluari. Moldaviak ere Kieven irizpen bera jaso zuen; Georgia, berriz, hautagai estatusa jasotzeko «egiturazko erreformak» egiteko zain dagoela zehaztu zuen Von der Leyenek. «Georgiak politikoki bat egin behar du orain, EBn sartzeko bide argi bat diseinatzeko».

Horrez gain, Europako Batzordeko presidenteak EBn sartzeko beharrezkoak diren erreformak zerrendatu zituen. Zehazki, zuzenbide estatuaren arloan egiteko dagoen lana aipatu zuen, hala nola justizia kontseilariak izendatzea, ustelkeriaren aurkako agentzia operatibo bat izatea, eta oligarken aurkako legea edukitzea. Hori bai, Ukraina talde komunitariora batzeko hautagai gisa onartzeko erabakiak EBko kide diren 27 estatuen adostasuna behar du.

Herbehereek eta Austriak, esaterako, uste dute Kiev ez dagoela «batere prestatuta» EBn sartzeko. Gainera, arriskua ikusten dute «itxaropen faltsu bat» pizteko ukrainarrengan, Turkian gertatu zen bezalaxe. Amsterdamek hartu dezakeen jarrerak kezkatu du Brusela; izan ere, 2016an, Herbehereek ezezkoa eman zioten EBren eta Ukrainaren arteko elkartze akordioari.

Putinen ohartarazpena

Ukraina EBra batzeko prozesuari «arreta handiz» erreparatzen ari zaio Kremlin, eta Errusiako presidente Vladimir Putinek atzo Mendebaldeari egotzi zion izaera «kolonialista» izatea eta bere herrialdea «zigor ergelekin zapaltzea». Gainera, EBri leporatu zion bere buruari 382 mila milioi euroko kaltea eragitea Moskuri ezarritako zigorrengatik. Errusiako presidenteak ohartarazi zuenez, otsail amaieran abiatutako «operazio militar berezia» egin egingo dute. «Behartua izan zen, baina beharrezkoa Donbassko errusiar hiztunak babesteko». Bestalde, ziurtatu zuen gosete arriskuan dauden herrialdeetara bidaliko dutela Errusiako garia.

Gerra frontean, Sievierodonetsk (Ukraina) hiria gudu zelai da oraindik. Bitartean, Ukrainako Estatuko Luhanskeko ordezkariek atzo adierazi zutenez, «ezinezkoa» da hiriko Azot lantegi kimikoan gotortuta dauden «568 zibilak»ateratzeko plana aurrera eramatea.

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson Zelenskirekin batzartu zen atzo, Kieven, aurretik bileraren berririk eman gabe. The Guardian egunkariaren arabera, Johnsonek entrenamendu programa bat eskaini zion Zelenskiri, «10.000 soldadu 120 egunean entrenatu ditzakeena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.