Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Ukrainari eta Moldaviari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diete

Zelenskik esan du erabakia «historikoa» dela: «Ukrainaren etorkizuna EBn dago». 27 gobernuburu eta estatuburuek ez dute aurrera egin Mendebaldeko Balkanetako herrialdeen prozesuan
Europar Kontseiluko presidente Charles Michel —eskuinetik hasita, bigarrena— eta Europako Batasuneko liderrak, atzo, Bruselan.
Europar Kontseiluko presidente Charles Michel —eskuinetik hasita, bigarrena— eta Europako Batasuneko liderrak, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar Ander Perez Zala -

2022ko ekainak 24

EB Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek pausoa eman dute, Errusiak inbasioa hasi eta lau hilabete ingurura: Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diote, baita Moldaviari ere. «Akordioa. Europar Kontseiluak oraintxe erabaki du Ukrainari eta Moldaviari hautagai estatusa ematea. Une historiko bat da. Gure etorkizuna elkartuta dago», jakinarazi zuen atzo gauean Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak Twitter sare sozialean.

Talde komunitarioaren erabakiak poza eragin du Ukrainan, eta hori adierazi zuen Volodimir Zelenski herrialde horretako presidenteak, 27 agintarien iritzia jakin eta berehala: «Erabakia historikoa da. Ukrainaren etorkizuna EBn dago». Hautagai estatusa jasotzeko prozesua luzea izaten da, baina EBko estatu kideetako agintariek hori azkartzea erabaki dute, eta horren ondorio da atzoko erabakia.

Erabakiaren berri emateko agerraldian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere pozik agertu da, baina Ukrainari oroitarazi dio «etxeko lan asko» dituela egiteko estatu kide bilakatu aurretik. «Ezin da itxaropen keinu hobeagorik izan Ukrainako, Moldaviako eta Georgiako herritarrentzat garai zail hauetan. Badakit azkar mugituko direla», adierazi zuen Von der Leyenek —Georgiari, oraingoz, ez diote hautagai estatusa eman—.

Ukrainako Gobernuak otsailaren 29an aurkeztu zuen EBn sartzeko eskaria; zehazki, Errusiak inbasioa hasi eta bost egunera. Kievi bonbaz eraso ziotenean, Ukraina talde komunitariora «berehala atxikitzeko» eskatu zuen Zelenskik, «prozedura berezi baten bidez».

EBko hamar bat estaturen hasierako erantzuna ezezkoa izan bazen ere, aurkako jarrerak zertxobait leundu dira, nahiz eta Ukrainaren atxikimendu prozesuak luze joko duen. Izan ere, Bruselak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Zelenski buru duen gobernuari: hala nola justizia kontseilariak izendatzea, ustelkeriaren aurkako agentzia operatibo bat izatea eta oligarken aurkako legea edukitzea.

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta, are gehiago, 2013ko eta 2014ko Euromaidango protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Kiev eta Chisinau EBko hautagaitza zerrendan sartu diren arren, Georgia hautagai estatusa jasotzeko «egiturazko erreformak» egiteko zain dago, «baldintza batzuk bete behar baititu», Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen arabera.

Ukrainari eta Moldaviari buruzko erabakia alde batera utzita, Mendebaldeko Balkanetako sei herrialdeetako —Albania, Bosnia eta Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Serbia— agintariek etsipena azaldu zuten atzo, Europar Kontseiluarekin batzartu ostean. Seiek EBn sartzeko hautagaitza prozesuan urratsak egiteko eskatu zioten, «Europaren bihotza» direla iritzita. Negoziazioak, baina, geldirik daude, ez aurrera, ez atzera. «Kolpe gogorra izan da EBren sinesgarritasunarentzat», Ipar Mazedoniako lehen ministro Dimitar Kovacevskiren esanetan.

Bulgariaren oztopoa

Hain zuzen, Bulgariak oztopatzen die Ipar Mazedoniari eta Albaniari EBko sarrera, lotura historiko eta linguistikoak gorabehera. Albaniako lehen ministro Edi Ramak «lotsagarritzat» jo zuen Sofiak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak, aliantza militarreko beste bi kideren —Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren— ikuspegi komunitarioa «zokoratzea», EBko gainerako kideen «ezintasunaren» aurrean.

Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, adierazi zuen talde komunitarioak «borondate politikoa» duela prozesua «biziberritzeko». Bulgariak ezarria duen betoari dagokionez, espero du Ipar Mazedoniako, Albaniako eta Bulgariako agintariek «berehala» ekingo dietela solasei. Ostera, Bulgariako presidente Kiril Petkovek gogorarazi zuen erabakia ez duela gobernuak hartuko, parlamentuak baizik.

Egoera hori ikusita, Ramak esan zuen «gustatuko litzaiokeela» Emmanuel Macron Frantziako presidentearen proposamen berria gauzatzea: kontinenteko herrialde guztiekin Europako Komunitate Politiko bat sortzea.

Albania, Ipar Mazedonia, Montenegro eta Serbia EBn sartzeko hautagaiak dira aspalditik; zehazki, hamarkada bat baino gehiago daramate talde komunitariora batzeko zain.

Bosnia eta Herzegovinak 2016an eskatu zuen hautagaitza, baina oraindik ez du lortu; ezta Kosovok ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migratzaile talde bat pilatuta, atzo, Marokoko Nador hirian. ©AMDH

Gutxienez 37 dira Melillako hesia gainditzeko saiakera jendetsuan hildakoak

Gorka Berasategi Otamendi Jon Ordoñez Garmendia

Espainia eta Maroko arteko muga zeharkatzen ahalegindu ziren 2.000 lagun, herenegun. SOS Arrazakeriak elkarretaratzera deitu du gaurko
Abortu eskubidearen aldeko ekintzaileak, atzo, AEBetako Auzitegi Gorenak <em>Roe</em> araua indargabetzeko eman zuen epaiaren aurka protestan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Tristura eta haserrea kalean

Urtzi Urrutikoetxea

Milaka lagun irten dira AEBetako hirietan abortu eskubidearen aldeko protestetan. Elkar babestearen eta kalean mobilizatzearen garrantzia nabarmendu dute.
"2022an oheratu nintzen eta 1950an esnatu naiz"

Abortu eskubide konstituzionala indargabetu dute epaileek AEBetan

Urtzi Urrutikoetxea

Epaile eskuindarrak nagusi diren Auzitegi Gorenak atzera bota du ia 50 urteko araua. Abortuaren debekua berehala sartuko da indarrean aurretik horretarako legeak onartu zituzten 13 estatutan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...